2021ko otsailaren 15a

Osasun Departamentuak 34 pediatra-lanpostuko oposizio-lehiaketa deitu du

Psikologo klinikoaren eta odontologoaren oposizio-azterketak martxoaren 13an eta 27an izango dira, hurrenez hurren

Nafarroako Aldizkari Ofizialak (NAO) astelehen honetan argitaratu du Lehen Mailako Arretako pediatren 28 lanpostu  eta ospitalez kanpoko larrialdietako pediatren beste 6, betetzeko deialdia. Lanpostu horiek eskuratu nahi dituztenek martxoaren 17a baino lehen eman dezakete izena.

Hautapen prozedura oposizio-lehiaketaren sistema baten bidez egingo da eta deialdiaren ebazpenean adierazten da oposizio-faseko probak ekainean eginen direla.

Deialdian parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkez ditzakete eskabideak astearte honetatik martxoaren 17ra arte, tramiteen katalogoko fitxa honen bidez, izena emateko atalean.

Aldi baterako kontrataziorako eta aldi baterako barne sustapenerako izangaien bi zerrenda osatzeko ere balioko du deialdiak.

Oinarrizko Osasun Laguntzako 28 pediatra plazak Nafarroako hainbat herritako 24 osasun zentrotan beteko dira, eta horietako 3k B2 mailako euskara maila izan beharko dute eta dagokion titulazio edo ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da.

Ospitalez kanpoko Larrialdietako Pediatraren gainerako 6 lanpostuak Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetzari eta Bizi Larrialdietako Laguntzaren Zuzendaritza Teknikoari atxikita egongo dira.

Oposizio lehiaketa datorren ekainean egingo dute eta bi proba izango dira. Lehenbizikoa, teoriko-praktikoa, test motakoa. Lanpostuarekin zerikusia duten gaiei buruzko galdera-sorta bati idatziz erantzutea izango da. Galdera horietako bat bakarra izango da baliozkoa eta okerrak zigortuko dira. Bigarren probak kasu kliniko praktikoak idatziz eta ondoren jendaurrean irakurtzea eskatzen du, epaimahaiak definitu beharrekoak, eta berdinak izangai guztientzat. Bi probak egun berean egingo dira, bata bestearen atzetik.

Oposizio-fasea gainditzen duten pertsonen artean, lehiaketa-fasea egingo da, oposizio-fasearen behin betiko emaitzak argitaratu eta hamar egun baliodunetan. Merezimenduak telematikoki aurkeztu beharko dira, deialdiaren izapide-fitxan dagokion atalaren bidez.

Oposizioko proba bakoitza gehienez ere 33 punturekin baloratuko da eta lehiaketaldia gehienez ere 40 punturekin. Merezimenduen baremoan kontuan hartuko dira emandako zerbitzuak eta lortu nahi den lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak, prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta hizkuntzei dagokienez.

Psikologo Klinikoaren eta odontologoaren deialdietako azterketa-egunak

Nafarroako Aldizkari Ofizialak astelehen honetan argitaratu du Psikologo Klinikoko 19 lanposturen lehiaketa-oposiziorako onartuen behin betiko zerrenda. Epaimahaiak 141 pertsona onartu ditu deialdian, eta martxoaren 13an, 10: 00etan, NUPeko gelategian, oposizio faseko ekitaldia hasteko adierazi du.

Era berean, Odontologoko 4 lanpostu huts betetzeko lehiaketa-oposizioan parte hartzeko onartutako 63 hautagaien behin betiko zerrenda argitaratu dute astearte honetan. Ebazpenak jakinarazten du probak martxoaren 27an izango direla, 9: 00etan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikastegian.