Descárgate la app
Eskubide Sozialetako Departamentuak webgunea berritu du, eta urtean batez beste 450.000 bisita jasotzen ditu
2021ko otsailaren 15a
Eskubide Sozialetako Departamentuak webgunea berritu du, eta urtean batez beste 450.000 bisita jasotzen ditu
Astelehen honetatik aurrera, Eskubide Sozialetako Departamentuaren eduki tematikoak berrantolatzen dituen webgune berria dago eskuragarri, Departamentuaren informazioa argiago aurkeztuz eta izapideak on line egiteko hobekuntzak eginez, herritarren eskarien eta Nafarroako Gobernuaren Ataria Interneten duen joeraren arabera, azken honetan txertatuta baitago.
Orrialdeak bilatzaileentzat duen eskuragarritasuna hobetu da; izan ere, aurreko bertsioaren trafiko-neurketak erakusten du bisiten erdiak baino gehiago Interneteko bilaketa-motorren bidez iristen direla.
Orrialde berrituak, gaztelaniaz eta euskaraz, ahalik eta erabilerraztasun handiena ematen du, bai hizkuntzaren argitasunagatik eta edukien antolamenduagatik, bai tabletak edo telefono mugikorrak bezalako euskarrietarako aurkezpen onagatik edo klikak ahalik eta gutxien murrizteagatik. Ahalik eta pertsona gehienengana iritsi nahi da, haien mugak edozein direla ere.
Adibidez, irudiek testu alternatibo bat dute, itsuek testu-irakurleen bidez jakin dezaten zer den irudia.
Nabigatzailearen leiho berrietan estekak irekitzea saihesten da, bi salbuespenekin: kanpoko atarietarako estekak eta erantsitako fitxategietarako estekak.
Halaber, gunearen ikuspena eta beraz, irisgarritasuna zailtzen duten azpimarrak edo zirriborroak erabiltzea saihesten da eta testuen tipografiaren eta konposizioaren estilo uniformea erabiltzen da.
Edukien aurkezpenaren argitasuna
Informazioa errazago eskura daiteke eta web orriaren aurkezpenak lau eduki-bloke handi eskaintzen ditu, horietako batzuk dinamikoak.
Gune nagusian, interesa duen kolektibo bakoitzarentzako informazio eta izapide zehatzak erakusten dira: adinekoak, desgaitasunen bat duten pertsonak, familia, gaixotasun mentala duten pertsonak, pobrezia eta barneratzea eta nazioarteko lankidetza.
Lehen nabigazio-maila horrek departamenduaren eskumeneko gaietan gehien bilatzen diren izapideak ere jasotzen ditu.
Halaber, espazio dinamiko bat erreserbatzen da, interes publikoko hiru gai eremuetarako sarbidea izango duena. Adibide gisa, enpleguari eta lanbide-orientazioari buruzko informazioa, adingabeak hartzeko prozesua edo adinekoentzako zentroetan edo desgaituentzako zentroetan pertsonak dituzten familiei informazioa ematea aipa daiteke.
Azala osatzeko, Eskubide Sozialetako Departamentuak kudeatutako gaiei buruz Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratutako azken albisteak eta departamentuarekin harremanetan jartzeko bideak daude.
Bigarren nabigazio-maila batean, kolektibo bakoitzak, "Egin zure kudeaketak" atalean, gehien eskatzen diren zerbitzu eta izapideetara joko du. Beste gune batek, "Zentroak", laguntza-zentroei buruzko informazioa eskaintzen du (adinekoen egoitzak, eguneko zentroak, errehabilitazio-zentroak). Honako azken atalak ere, bisita asko jasotzen ditu.
450.000 bisita 2020an
2020an, webgune honek 450.000 bisita izan zituen. Sarbideen %55,6 informazio bila joan ziren eta %44,4 informazioaren bidez izapideak egiteko.
Informazio-orrietatik, Errenta Bermatuarena da 2020an sarbide gehien jaso dituena, gizarte-zerbitzuen bilatzailearekin eta eguneko zentroei eta adinekoentzako egoitzei buruzko informazioarekin batera.
Izapideen atalean, horietako hiruk sarreren %33 metatzen dute: familia ugariaren egiaztapena, errenta bermatua eta desgaitasunaren balorazioa.
Webgunearen erreforma horren bidez, Eskubide Sozialetako Departamenduak laguntzak telematikoki izapidetzea bultzatu nahi du, bai eta herritarrei laguntza horiek ematea ere.
Eskubide Sozialetako Departamentuak datozen urteetarako egin duen apustu estrategikoa da eta bat dator Nafarroako Gobernuaren helburuarekin: administrazioa modernizatzea eta digitalizatzea, baliabideak modu eraginkorragoan erabili ahal izateko.
Gizarte-zerbitzuen esparruan, Historia Sozial Bakarra ezartzea proiektu adierazgarrienetako bat da hobekuntza-prozesu honetan.