Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak 12 milioi euro bideratuko ditu I+G proiektuetarako

Deialdiak ikerketa eta berrikuntza sustatzeko asmoa du Nafarroako enpresei lehiakortasun ahalmena emateko

2021ko otsailaren 12a

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak 2021etik 2023ra I+G proiektuak garatzeko 2021eko laguntza deialdia onartu du. Exekutiboak 12 milioi euro bideratuko ditu Nafarroako enpresen industria ikerketa eta garapen esperimentala sustatzeko eta ekonomiaren digitalizazioa indartu eta enpresa berritzaileak sortzeko. 

Laguntzen eskabideak (oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean kontsulta daitezke) gaurtik (otsailaren 12tik) martxoaren 11ra bitartean aurkeztu ahal izango dira, www.navarra.es atarian argitaratutako tramite fitxaren bidez. Proiektuak 2021eko apirilaren 1etik aurrera hasi beharko dira, betiere eskabidea aurkeztu ondoren, eta 2023ko martxoaren 31ra arte gauzatuko dira.

Deialdi honetara bideratutako 12.000.000 euroetatik, 4.000.000 euro esleituko zaizkie banakako proiektuei (enpresa bakar batek egiten duenean), 4.000.000 enpresen arteko lankidetza-proiektuei (enpresen arteko lankidetza-proiektua, gutxienez bi enpresa independenteren arteko lankidetza eraginkorra eskatzen duena, horietako bat ETEa) eta beste 4.000.000, ezagutza transferitzeko proiektuei (ezagutza transferitzeko proiektua, hau da, enpresa baten edo batzuen eta ikerketa eta ikerketarako erakunde baten edo batzuen artean egindakoa).

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren deialdi honen bidez, ezagutza zientifiko eta teknologikoa sortzea, balorizatzea eta aplikatzea bultzatu nahi da, Foru Komunitateko enpresei balio handiagoa emateko.