2021ko otsailaren 4a

Kultura, digitalizazioa eta eraldaketa digitalari buruzko online ikastaroa antolatu da

Vianako Printzea Erakundea –Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ekimena da eta sektoreko profesionalei zuzenduta dago

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak "Kultura, digitalizazioa eta eraldaketa digitala" izeneko online ikastaroa antolatu du otsailaren 11tik martxoaren 25era. Prestakuntza Ben Curiosa enpresak emango du, eta 12: 00etatik 13: 30era bideokonferentzia bidez eginen diren sei saio izango ditu, ordu eta erdiko iraupenarekin.

Nafarroa Kultura ekimenaren barruan kokatzen da, 2017-2023ko Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoaren barruan. Helburu nagusia kudeaketa kulturaleko profesionalei ingurune digitalean tresnak eta praktikak hartzen laguntzea da, betiere ikuspegi errealista eta praktikoarekin. Kultura-erakundeek dituzten baliabideak, denbora eta ekipamendua hartuko ditu kontuan.

Gainera, ekintza digitalak zuzenean ezartzeko prestakuntza jaso nahi dutenei eta profesional digitalei beharrezko zerbitzuak planifikatzeko eta kontratatzeko gakoak ezagutu nahi dituztenei zuzenduta dago.

Ikastaroa otsailaren 11n hasiko da, edukiak plataforma gaituan argitaratuz. Ongietorriko online saioa otsailaren 18an izango da, "Kultura-kudeaketa ingurune digitalean. Ohitura kulturalak eta eten digitalak. Segurtasuna. Egile-eskubideak " izenburupean. Bigarren saioa otsailaren 25ean izango da, "Lankidetza eta talde-lana ingurune birtualetan" izenburupean.

Martxoan beste lau saio antolatuko dira. "Kultur erakunde edo proiektu baterako oinarrizko kit digitala: webguneak, sare sozialak eta komunikazio kanal zuzenak", hilaren 4an; "Parte-hartze eta bitartekaritza kulturala sarean", 11n; eta "Bide eta tresna digital berriak", 18an. Prestakuntza-prozesu honen itxiera hilaren 25ean izango da. Bukatutakoan, parte-hartzaileek materiala eskuratzeko aukera izango dute sei hilabetez.

Parte hartzeko otsailaren 10a baino lehen eman behar da izena, plancultura@navarra.com helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Informazio gehiago eska daiteke 848 42 71 84 telefonora deituz.