Descárgate la app
Kideak jaio da, Nafarroan familia laguntzarik ez duten migratzaile gazteei arreta osoa emtateko programa esperimentala
2021ko otsailaren 1a
Kideak jaio da, Nafarroan familia laguntzarik ez duten migratzaile gazteei arreta osoa emateko programa esperimentala
Nafarroako Gobernuak Nafarroan familia laguntzarik ez duten migratzaile gazteei arreta osoa emateko programa esperimentala onartu du. Kideak izeneko egitasmoa, beste herrialdeetan jaio eta Foru Komunitatean familia sarerik ez duten 18 eta 23 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta. Ekimena, Eduardo Santosek, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak zinpetutako Foru Aginduan onartu da eta gaur argitaratu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Kideak programa aurrekontuaren arabera gauzatuko da eta bere helburua gehienez 50 gazteri arreta ematea da, gehienez ere 35i ostatu emateko aukerarekin. Babes-sisteman adingabe gisa sartzen diren gazteentzat pentsatuta dago, baina, esku-hartzean zehar, egiaztatu da adin nagusikoak zirela sisteman sartzeko unean.
Administrazioak tutoretza izapidetzeko prozesuak amaitzeko denborarik eman gabe, adin nagusitasuna betetzen dutenak ere sartzen dira,. Era berean, adin horretako gazteek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta, hainbat arrazoirengatik, ez badira iritsi Foru Komunitateko adingabeak babesteko sistemara.
Laguntza eta gizarte-mentoria
Laguntzeko esku-hartze integral bat planteatzen du, gazte horiei beren ahultasun-egoera eta hainbat arlotan dauden zailtasun bereziak gainditzen laguntzeko, hala nola enpleguan, prestakuntzan, etxebizitzan edo beste baliabide batzuk eskuratzean. Horrez gain, egonaldi labur edo ertaineko ostatua behar duten gazteei eskaintzeko aukera jasotzen du. Helburua komunitate-ingurunean bizimodu autonomoa erraztea eta gizarteratzea da.
Banakako planen bidez, autonomia-prozesuak sustatzen dira, arreta jasotzen duten gazteak beren aldaketa-prozesuaren subjektu aktibo gisa har ditzaten. Erabilitako metodologiak gizarte-laguntzan eta -mentorian oinarritzen dira eta edozein esku-hartze aintzat hartzen da beti genero-ikuspegitik.
Laguntza emateaz gain, arlo psikologikoan eta emozionalean ere lagunduko da eta banakako arreta-planaren esparruan gauzatzen diren jarduerak osatuko ditu, Nafarroako Gobernutik hizkuntza-gaitasunetan, hezkuntza-gaitasunetan, prestakuntza- eta lan-gaitasunetan, gizarte- eta harreman-gaitasunetan eta etxebizitza publikoan ezar daitezkeen neurriekin.
Zaurgarritasun handiena duten pertsonak lehenestea
Programarako sarbidea Adingabeak Babesteko Sistemak bideratuko du edo oinarrizko gizarte-zerbitzuen bidez, sartzeko baldintzak egiaztatu ondoren. Lehentasuna emango zaie egoera ahulenean dauden gazteei eta bereziki, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei.
Programan sartzen diren pertsonek programan aktiboki parte hartzeko konpromisoa hartzen dute urtebetez. Hala ere, aldez aurretik atera ahal izango dira, autonomia-helburuak lortzen badira, bai eta hartutako konpromisoak behin eta berriz betetzen ez badira ere. Parte-hartzea, salbuespen gisa, sei hilabeteko bi alditan luzatu ahal izango da, gehienez ere bi urtera arte.
Lehen fase honetan, Kideak programa esperimentala da; beraz, haren bilakaera eta garapena hartuko dira kontuan eta arreta berezia eskainiko zaie lortutako emaitzei eta inpaktuari. Bere garaian Gizarte Zerbitzuen departamentuan sartu ahal izatea da helburua.