2021ko urtarrilaren 28a

Organoen dohaintzak %1,3 igo dira Foru Komunitatean 2019arekin alderatuta, eta hori COVID-19 pandemia egon arren

Iaz, hildako pertsonen organoen 35 dohaintza egin ziren
ZIUko lantaldea. Ezker-eskuin: Inés Osés, Óscar Agudo, María Barber, Mauro 
Loinaz, Micaela Sancho eta José Roldán.
ZIUko lantaldea. Ezker-eskuin: Inés Osés, Óscar Agudo, María Barber, Mauro Loinaz, Micaela Sancho eta José Roldán.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Organoen dohaintzak %1,3 igo ziren iaz Nafarroan, aurreko urtearekin alderatuta, nahiz eta COVID-19aren pandemiak eragindako krisian egon. Foru Komunitatearekin batera, beste bi autonomia-erkidegok bakarrik (Errioxa eta Kanariak) hobetu dute organo-emaileen kopurua 2019arekin alderatuta.

Zehazki, 2020an, hildako pertsonen 35 organo-emaile erregistratu ziren (34 aurreko urtean); hots, 53 emaile milioi bat biztanleko, estatuko batez bestekoaren (37,4) oso gainetik. Modu horretan, Nafarroa dohaintzen tasarik handieneko bigarren erkidegoa da, Kantabriaren atzetik (65,5).

35 emailetatik 23 heriotza enzefalikoarengatik izan ziren eta 12 asistolia kontrolatuan edo III. Motan egindako dohaintza bidezkoak; horrek esan nahi du “programa finkatu egin dela, eta dagoeneko emaileen %35era iritsi dela”. Horrez gain, bi giltzurrun-transplante egin ziren, emaile biziarenak. Zazpi aldiz kontraindikatu behar izan zen dohaintza; eta, beraz, ez ziren eraginkorrak izan. Halaber, aipatzekoa da, senitartekoek dohaintza egiteko ezezko gutxi eman dituztela.

José Roldán Ramírez Nafarroako transplanteen koordinatzaileak adierazitakoaren arabera, Espainiako gainerako lekuetan gertatu den ez bezala, osasun-krisia medio dohaintza-jarduera %22,8 jaitsi delako, Nafarroak aurreko urteetako antzeko mailari eustea lortu du, “organoak emateko "bai" esan zuten 35 familiaren eskuzabaltasunari” eta Nafarroako Osasun Sistemako profesionalen lan onari esker, bizitzaren alde lan egiteko konpromiso sendoa baitute.

Roldán Ramírezek azaldutako moduan, “lan horren bitartez, Nafarroa Espainian dohaintza-tasa handieneko 2. erkidegoa izatera iritsi da, estatuko batez bestekoaren oso gainetik (37,4 dohaintza milioi bat biztanleko). Eta horri beste lorpen bat gehitu behar diogu; izan ere, Nafarroako Ospitale Gunea (NOG) transplanterik egiten ez duen eta Espainia osoan dohaintza-jarduera handiena erregistratu duen ospitalea izan da”. “Emaitza bikainak izan dira arlo guztietan eragin duen pandemia baten barruan, eta Nafarroak indarra erakutsi du dohaintzaren eta transplantearen  esparruan, zailtasunetara egokitzeko, berreraikitzeko eta gaixoak zaintzeko gai izanik”, gehitu du.

Dohaintza-tasari eusteko arrazoietako bat da, koordinatzaileak adierazitako moduan, dohaintzaren eta transplantearen jarduera berreskuratzeko NOGeko transplanteen koordinazio-taldeak, Zaintza Intentsiboen Unitateetako osasun-profesionalen eta NOGeko estrakzioen talde kirurgikoaren lankidetzarekin batera, zenbait neurri hartzea.

Gainera, Nafarroako Transplanteen Koordinazioaren lehentasunetako bat kalitatea da, eta, ondorioz, unitatea eraginkorrena izatera iritsi da dohaintza-arloan, emateko zailak diren organoak aterata; hala nola, birikak, pankrea eta bihotza.

Hori guztia dela-eta, Roldán Ramírezek honela nabarmendu du: “Nafarroako Osasun Sistemak, nahiz eta COVID-19a medio zailtasunak izan eta pandemia horrek osasun-sistema saturatu, egoerara egokitzen jakin izan du, gure  gizartean hain beharrezkoa den gizarte-konexioari lagunduz”.

Transplante-jarduera

Nafarroako transplante-jarduerari dagokionean (Nafarroako Unibertsitate Klinikak (NUK) egindakoa), mantendu egin da, COVID-19aren gaixoak artatzeko ahalegindu behar izan arren. Giltzurrunetako 33 transplante, horietako bat hepatorrenala, 12 gibel-transplante eta bihotzeko 3 transplante egin ditu. Gainera, 2020an %27 murriztu da itxarote-zerrenda, 2020ko urtarrilean 36 paziente izatetik 2021eko urtarrilean 26 izatera igaro baita.

Modu horretan, 2021eko urtarrilaren 1ean, 22 paziente daude giltzurruneko transplantearen zain, iazko urtearen hasieran baino zazpi gutxiago; hiru paziente bihotz baten zain aurkitzen dira (2020an baino bat gutxiago) eta paziente bat gibelaren zain dago (2020an baino bi gutxiago).

Nafarroatik kanpo, biriketako 3 transplante egin dira Santanderko Marques de Valdecilla Ospitalean, Nafarroarako biriketako transplanteen erreferentziazko zentroa.

Espainiako dohaintza-tasa (eta, beraz, Nafarroakoa ere bai) gainerako herrialdeek "pandemiaren aurreko" garaian izandako tasa baino askoz ere handiagoa da. Nafarroak soberan gainditzen du 2019an herrialde hauek izandako dohaintza-tasa: Alemania, 11,3; Australia, 21,8; Kanada, 22,2; Frantzia, 29,4; Italia, 25,3; Estatu Batuak, 36,1; Erresuma Batua, 24,7; eta Europar Batasuna, oro har, 22,5 emaile milioi biztanleko.

Jarduera COVID-19aren lehen olatuan zehar jaitsi zen batik bat, iazko martxotik maiatza aldera, pandemiak osasun-sistema eta, batez ere, Zainketa Intentsiboetako Unitateak (ZIU) gehiegi kargatu zituelako, COVID-19aren gaixo kritikoak artatzeko dena eman behar izan zuten-eta.

Kontuan izan behar da ospitale batean hiltzen diren gaixoen %1 eta 2 artean soilik hiltzen direla emaile izateko baldintzetan, eta horiek ZIUn hiltzen direla, epidemiaren unerik kritikoenetan saturatuta egon diren unitateetan. Horri gehitu behar zaio pazientearen eta osasun-profesionalen segurtasunarekiko lehen unetik izandako kezka eta SARS-CoV-2 Koronabirusaren infekzioak transplantea egindako pazienteengan izan dezakeen inpaktua, haien immunogutxitzeak bereziki zaurgarri egiten ditu-eta.