2021ko urtarrilaren 22a

Haurtzaroari buruzko foru lege berria adingabe eta nerabeen parte hartzearekin egingo da

Nafarroako Gobernuak parte hartzeko prozesu zabala ireki du inplikatutako sektore guztiekin, haurren eskubideak eta haien interesaren babesa indartuko dituen testua idazteko
La consejera Carmen Maeztu presenta el proceso para la elaboración de la nueva ley foral de infancia que contará con menores y adolescentes para su elaboración Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak kontsulta prozesu bat jarri du abian, haurrak eta nerabeak zaindu eta babesteko eta familia sustatzeko foru legean sartuko diren iradokizunak eta ekarpenak jasotzeko. Testuaren idazketan parte hartzea inplikatutako sektore guztiei irekitzen zaie, baita haurrei eta nerabeei ere. Diseinutik eta prozesu osoan adin txikikoen parte hartzea izango duen Lehen foru-legea da, eta beren ekarpenen emaitzen berri emango zaie sormenez aurkeztutako kontu-emate baten bidez.

Gobernuak bereziki azpimarratzen du lankidetza-prozesua ahalik eta zabalena izatea, gizarte osoa interpelatzen duen legea izateagatik. Exekutiboaren aurreikuspenen arabera, testua prest egongo litzateke 2021eko abenduan, Parlamentura bidali eta han eztabaidatu eta onar dezaten.

Modu horretan, adingabeen iritziaz gain, familien, adituen, erakundeen, sindikatuen eta administrazio publikoko instantzia ezberdinen ekarpenak jaso nahi dira; baita ere, adingabeak babesten eta artatzen dituzten erakundeenak, toki administrazioenak, desgaitasuna duten pertsonenak, gizartetik baztertze-egoeran aurkitzen direnenak, Gizain Fundazioarenak (adingabeak babesteko zerbitzuen kudeatzailea), e.a. Horretarako, Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko Departamentuko Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuaren laguntza izango da, Gobernu Irekiaren Atarian prestatutako espazioa kudeatzen baitu, eta, bertan, ideiak eta iradokizunak aurkez daitezke martxoaren 1era bitarte.

Aldi berean, lankidetza berezia antolatu da Nafarroako Gobernuko Departamentuekin; hots, biztanleriaren sektore honekin loturiko gaietan zuzeneko eskumenak dituztenekin: Eskubide Sozialak, Hezkuntza eta Osasuna. Halaber, Nafarroako Berdintasunaren Institutuaren (NBI), Foru Ogasunaren eta Migrazio Politika, Justizia eta Unibertsitate eta Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusien ekarpena jasoko da.

Haurrek eta nerabeek parte hartzeko eta ahotsa jartzeko espazioa, haiei eragiten dieten legean

Adingabeen parte-hartzea eraginkorra izan dadin, konfiantza eta errespetuzko inguruneak sortuko dira, eta haien iritzia zintzo jasotzea bermatuko da, helduen ikuspegitik interpretatu gabe. Era berean, konfidentzialtasuna bermatuko da, beharrezkoa izanez gero.

Prozesu hori abenduan jarri zen abian, Adingabeen Kontseilua eratuta. Gainera, orain arte 22 talde antolatu dira adingabeekin: 9 hezkuntza-arloan arituko dira, eskola-ordutegiaren barnean, ikastetxean bertan; 3 taldek adingabeen tokiko kontseiluak bezalako erakunde sozialekin egingo dute lan; eta beste 10 taldek babes-sistemakoak diren adingabeekin.

Aldi berean, 16 talde eratu dira familiekin: 7 talde ikastetxeetako Guraso Elkarteetakoak dira, beste 2 erakunde sozialetan parte hartzen duten familiekin eratu dira, eta 7 talde babes-sistemakoak diren adingabeen senitartekoekin egin dira.

Era berean, inkesta bat prestatuko da babes-sistemaren zerbitzuak kudeatzen dituzten erakundeetako langileek nahiz Eskubide Sozialetako Departamentuaren barnean adingabeen eta haien familien inguruko gaiekin lan egiten duten langile teknikoek betetzeko (modu anonimoan). Talde horiek bilerak egiten hasi dira aste honetan bertan.

Parte hartzeko prozesua barneko bi lan-taldek eta kanpoko lauk osatzen dute; horietan, haurrekin zerikusia duten instantzia publiko eta pribatuak daude ordezkatuta.

Adingabeen interesei erantzungo dien lege eguneratua

Indarrean den araudia duela 15 urte onartu zen, eta adingabeen eta nerabeen interesari eta babesari buruzko diagnostiko berriaren arabera eguneratu beharra dago.

Testu berrian, indarrean dagoen araudian jasotzen ez diren berrikuntzak sartuko dira; hala nola, nazioarteko eta Europako hitzarmenak, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren aldaketaren berrikuntzak edota indarrean den Plan honetan jasotako ildo estrategikoak: Familia, haurtzaroa eta nerabezaroa laguntzeko II. Plan Integrala 2017-2023.

Testu berriak berritasunak izango ditu; esate baterako, adingabeek beren familia-nukleoan jarraitzea bermatzea, betiere, horrek haien interesak kaltetzen ez baditu, edota familia-harrera areagotzeko neurriak indartzea egoitza eta adopzioaren aurrean.

Arauak lau mugarri azpimarratuko ditu: haien eskubideak defendatzea, adierazpen-eskubidea eta entzuna izateko eskubidea barne; helduen eta adingabeen arteko erlazioaren printzipioak; babes-sistema espezifikoa, haien eskubideak beren familien barruan bermatzen ez direnean, eta neurri judizialak betearaztea adingabeen erantzukizun penalaren kasuan; eta administrazio publikoentzat arau espezifikoak adingabeei zuzendutako harremanetan.

Azken puntu horretan, prebentzio-jarduerak, eskumenen banaketa, adingabeen zentroen araubidea edo zehapen-erregimena jorratuko dira. Abiapuntu hau parte hartzeko prozesuan jasotako ekarpenetara irekita dago.

Bestalde, araua egokituko da, pertsonak oinarri dituen arreta-eredua sartzeko; modu horretan, babes- eta erreforma-sistema eta administrazioaren antolamendua hobetuko dira, arreta berezia eskainita prebentzioari eta sareko lanari.

Prozesua komunikabideen aurrean aurkezterakoan, Eskubide Sozialetako kontseilaria den Carmen Maeztuk honela adierazi du: “azken 15 urteetan, aldaketak askotarikoak izan dira, familiaren kontzeptutik hasi eta haur eta nerabeak artatzeko ereduetaraino. Halaber, gero eta gehiago jabetzen gara adingabeek gure gizartean duten zereginaren inguruan, eta gehiago aintzatesten ditugu pertsona guztiek dituzten eskubideak nahiz beste pertsona batzuekiko mendekotasunarengatik behar duten babes berezitik eratorritakoak”, azpimarratu du Maeztuk. “Hori dela-eta, azken urteetan, bikoiztu egin da haurtzaroan eta familian egindako inbertsio publikoa, bereziki legegintzaldiko lehen bi urte hauetan”, amaitu du.

Etorkizuneko legean, oro har gizartearen eta gurasoen eta legezko arduradunen erantzukizuna sakonduko da, haurren eta nerabeen eskubideak ez ezik, haien garapen egokia, duintasuna eta ongizatea ere bermatze aldera.