2021ko urtarrilaren 20a

Gobernuak baimena eman dio NUPi ekonomia zirkularreko unibertsitate arteko masterra ezartzeko

Iberus Campusaren esparruan emango da, Lleida, Errioxa eta Zaragozako unibertsitateekin batera

 

Foru Gobernuak, gaurko bilkuran, Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP) 2021-2022 ikasturtean ekonomia zirkularraren inguruko master bat ezartzeko baimena eman dio. Lleida, Errioxa eta Zaragozako unibertsitateekin lankidetzan garatuko da, Iberus Campusaren esparruan (Ebroko haraneko nazioarteko bikaintasun-campusa).

Masterraren helburua da adituak materialen eta energiaren fluxuen kudeaketan prestatzea, enpresa eta erakunde publiko eta pribatuetan ekonomia zirkularraren printzipioak ezartzeko eskumenekin. Horretarako, masterrak diziplina anitzeko ikuspegia izango du, alderdi tekniko, ekonomiko eta guzti.

Gainera, zeharkako masterra izango da, eta zientziarekin, ingeniaritzarekin, arkitekturarekin eta gizarte zientziekin eta juridikoekin loturiko gaiak jorratuko dira.

Ikasketa-planak hiru modulu ditu eta masterraren amaierako lana. 1. modulua ekonomia zirkularraren oinarrietan oinarritzen da, eta gaiarekiko sarrera, materialen, hondakinen eta azpiproduktuen zikloak, energia eta ekonomia zirkularra eta ekoberrikuntza eta kudeaketa sektoriala sartzen dira. 2. modulua, berriz, zientifiko-teknikoa da, eta ekonomia zirkularrerako diseinua, informazioaren kudeaketa, ekologia industriala eta logistika, eta hiri-garapena sartzen dira. Azkenik, 3. modulua, profil sozio-ekonomikokoa, honako hauetan oinarritzen da: kontabilitatea eta informazioa; kudeaketa, inpaktu sozio-ekonomikoa, lehiakortasuna eta hazkundea; politika eta gobernantza; eta ekonomia zirkularra eta gizartea.

Eskura dauden baliabideen erabateko aprobetxamendua

Ekonomia zirkularra estrategia globala da, eta eskura dauden baliabideak erabat aprobetxatzea du helburu, gizartean eta ingurumenean eragin negatiboa ahalik eta gehien  txikiagotzearren. Ekonomia linealetik ekonomia zirkularrerako trantsizioak leku garrantzitsua du egun jarduera politikoan. Nafarroari dagokionean, horren adibidea da “Nafarroan Ekonomia Zirkularra garatzeko 2030 Agenda” (ECNA 2030) onartzea.

Europan, Batzordeak “Europan Baliabideen Eraginkortasunerako adierazpena” argitaratu zuen 2012an. Testu horretan ondorengoa adierazten da: “baliabideen eta ingurumenaren gainean gero eta presio handiagoa duen munduan, Europar Batasunak baliabideetan eraginkorra den, eta, azken finean, birsortzailea den ekonomia zirkularrerako trantsizioa egitea besterik ez du”.