2021ko urtarrilaren 19a

2020an % 26 hazi da mendekotasun egoeran dauden eta beren etxeetan profesionalek artatutako pertsonen kopurua

Gobernuak laguntzak % 44 eta % 150 artean handitzea onartu zuen, eta ia mila pertsonak jaso dute laguntza hori

Nafarroan, guztira, mendetasun-egoeran dauden 962 pertsonak, 2019an baino % 26 gehiagok, zaintzako profesionalen arreta jaso dute 2020an etxean. Foru Exekutiboak kontratazio horietarako diru-laguntzak %44 eta %150 artean  handitzea adostu zuen 2019ko martxoan.

2020an izandako igoera bat dator koronabirusak sortutako krisiari aurre egiteko onartutako ezohiko neurriekin. Neurri horiek Elkarrizketa Sozialeko Kontseiluan adostu ziren. Zaintzaile kualifikatu horiek kontratatzen dituzten familiek jasotzen dituzten laguntzen igoera 353,06 eurokoa izan da mendeko handien kasuan, eta 224,66 eurokoa zaintzaile bakoitzeko, mendekotasun moderatua duen pertsona batentzat bada.

% 44 eta % 150 arteko igoeren gorabeherak mendekotasun-mailaren eta familia-errenten eta ordura arte familia horiek jasotzen zituzten laguntzen araberakoak dira. Kopuru horiek zuzeneko laguntzen % 20ko gehikuntzaren eta kontratatutako pertsonaren Gizarte Segurantzako kuotaren kenkariaren arteko zenbatekoaren baliokideak dira, % 25etik % 100era.

Gogoratu behar da ekainaren 17an Nafarroako Gobernuak seigarren foru dekretua onartu zuela, koronabirusaren krisiari aurre egiteko ezohiko neurriekin, alarma egoera ezarri zenetik. Zaintzaile profesionalak kontratatzeari dagokionez, arauak ezarri zuen kuota osoan % 100eko kenkaria egingo zitzaiela Gizarte Segurantzak 2020an 16 urtetik beherakoei eta mendeko pertsonei arreta ematen dieten langile horiei. Kenkaria 2021erako luzatu da, zuzeneko laguntzen % 20ko igoera bezalaxe.

Maeztu kontseilariak nabarmendu duenez, neurri horien bidez, alde batetik, "mendekotasuna duten pertsonak beren etxeetan ahalik eta denbora gehien egon daitezen lagundu nahi da, beren nahien arabera, eta, aldi berean, sektorean enplegua sortzen da eta batzuetan modu irregularrean kontratatutako eskulan bat azaleratzen laguntzen da". Horren harira, "esan daiteke, legez kanpokoa izateaz gain, jada ez dela errentagarria kontratu irregularrak egitea, kontratatutako pertsonaren gizarte-segurantzaren % 100 ken badezakezu. Izan ere, dirua galtzen da, askoz handiagoa baita kontratatzeko laguntza, familiako zainketetarako laguntza baino ", azpimarratu du.

Laguntza horien zenbatekoa handitzeaz gain, pandemiaren babesean araudia malgutu egin da. Oro har, enplegu horiek lortzeko, zaintzaileek profesionalki egiaztatuta egon behar dute horretarako. Hala ere, COVID-19ren krisia dela eta, langile horien kontratazioak eta adingabeen eta mendeko pertsonen zaintza errazteko, ezarri da, akreditazioa duen langilerik ez badago, akreditaziorik ez duena kontratatu ahal izango dela, baita senideak ere. Alarma-egoera amaitzen denean, kontratazio-askatasun hori 5.000 biztanletik beherako udalerrietara murriztuko da, Estatuko araudiak ezartzen duen moduan.

Abenduaren 19ko 476/2018 Foru Aginduak onuradunaren eta zaintzaile profesionalaren baldintzak arautzen ditu eta laguntzak bete beharreko baldintzak zehazten ditu. Laguntza horien gehieneko eta gutxieneko zenbatekoak % 45 eta % 140 artean handitu ziren, aurretik zeudenekin alderatuta.