Hezkuntzak %8,15 handitu du bere aurrekontua 2021ean, COVID-19aren aurkako prebentzio-neurrietan, azpiegitura berrietan eta errefortzu digitalean

Ikastetxeen ekipamendurako inbertsioa eta enplegurako LH egiaztagarrirako ekintzak areagotu egin dira, eta 4,4 milioi erabili dira testuliburuak doan izateko
2021ko urtarrilaren 4a
videocam Gimeno kontseilariak Hezkuntza Departamentuko 2021ko aurrekontuen ardatz nagusiak azaldu ditu collections Irudi galeria

COVID-19aren aurreko prebentzio-neurriak, hezkuntza inklusiboa indartzea eta Hezkuntza Azpiegituren Plana izango dira Hezkuntza Departamentuaren gastua markatuko duten hiru ildo estrategikoak 2021eko ekitaldian. Helburu horiek betetzeko, aurrekontua 737.469.216 eurokoa da, hau da, 2020ko ekitaldiaren aldean %8,15 gehiago.

Aurrekontu-igoeraren zatirik handiena 27.191.800 euro, hain zuzen ere, COVID-19aren pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko ezarri behar izan diren prebentzio-neurrietatik eratorri da (distantzia eta higiene pertsonala eta soziala). Egoera hori medio, langileak (ordezkapenak eta kontratazio berriak), inbertsioak eta gastu arrunta (garbiketa, jantziak, e.a.) gehitu behar izan dira sare publikoan nahiz itunpeko sarean, Hezkuntza Departamentuak 2020/21 ikasturterako egindako Kontingentzia Planean ezarritakoaren arabera.

Horrela, Hezkuntzak datorren urte honetarako duen lehen helburua da hezkuntza-modalitate presentzialeko Prebentzio eta Antolakuntza Protokoloko neurriak aplikatzea maila eta etapa guztietan, COVID-19aren pandemia-egoeran hezkuntzako aukeren ekitatearen eta berdintasunaren berme gisa.

Bigarren, hezkuntza inklusiboaren eta gaitasun digitala bultzatuko duen ekipamendu informatikoa areagotzearen aldeko apustua egiten du, ikasgela bimodala bermatuaz; hau da, ikasgeletan dauden ikasleekin eta beste espazio batzuetan daudenekin lan egin ahal izatea, pandemiak sortuta gerta daitezkeen  hezkuntza-arreta ez presentzialak optimizatzeaz gain. Bestalde, 2021erako hezkuntza-aurrekontuaren hirugarren helburua da Hezkuntzako Azpiegituren Plana garatzea; hots, kalitatezko irakaskuntzako ikastetxe publikoak, inklusiboak eta hurbilekoak, bultzatzen dituen plan zuzentzailea, landa-eremuko eskolak eta tokiko administrazioak lagunduaz.

Hezkuntza-baliabideak

1. kapituluko langileen gastuen aurrekontua 479.850.161 eurokoa da, 2020an baino %6,59 handiagoa, batik bat COVID-19aren premiengatik, Nafarroako irakaskuntza publiko eta itunduko irakasleen oinarrizko lan-baldintzei buruzko 14/2020 Foru Legeko 1.  tituluan jasotako hezkuntza-eremurako ezohiko neurriak aplikatzeagatik (2,4 milioi euro) eta ordainsarien %2ko igoera (9 milioi euro), 2020an aplikatua, finkatzeagatik.

Nabarmentzekoa da hezkuntza-baliabideen inguruko programa, ikasle guztientzat hezkuntza kalitatezkoa izateko gastu-lerroekin, haien baldintzak eta egoerak edozein direla ere, eta aukera-berdintasuna, hezkuntza-inklusioa eta ez diskriminazioa bermatuko duen ekitatea, arreta berezia eskainiaz desgaitasunetik eratorritako desberdintasunei, desberdintasun pertsonalez, kulturalez, ekonomikoez eta sozialez gain, Hezkuntzaren Lege Organikoko oinarrizko printzipioak izanik.

Programaren bitartez, hezkuntza-sistemaren bi alderdi horietan eragina izan nahi da, ikastetxe publikoei, zuzeneko kudeaketaren bidez, giza baliabideak, baliabide materialak eta ekonomikoak emanaz, eta ekimen sozialeko zentroei, kontzertuaren edo diru-laguntzaren bidez, kalitatezko eta ekitatezko hezkuntza eskaini ahal izateko bitarteko ekonomikoak emanaz. Era berean, aukera-berdintasuna bermatu nahi da familiei zuzeneko laguntzak eskainita.

Gastuaren partidei dagokienean, programako alderdi garrantzitsuenen artean aipatzekoak dira eskola-garraiorako jarriko diren 13.770.000 euro eta hezkuntza bereziko eskola-garraiorako izango diren 1.200.000 euro, eskola-garraioko kontzeptuaren izenean banako laguntzetarako beste 357.000 euroz gain.

Jangelei dagokienean, aurrekontuan 100.000 euro gehitu dira 21/22 ikasturtean jangela osasuntsuagoak sustatze aldera. Eskoletako jangelen partida 3.300.000 eurokoa da, eta horiei banako laguntzetarako 153.000 euro gehitzen zaizkie. Aurrekontuan 100.000 euro jasotzen dira 1.500 biztanle baino gutxiagoko herrietarako, garraiatu gabeko eta baimendutako eskoletako jangeletan geratzen diren jankideentzat.

Beken eta laguntzen kapitulua 7.320.104 eurokoa da, eta bertan gastu-kontzeptu hauek sartzen dira: 1,9 milioi euroko transferentzia eskola-kontzentrazioen eta hezkuntza-erabilerako udal-eraikinen funtzionamendurako; milioi 1 euro erdi mailako irakaskuntza eta goi-mailako ikasketetarako; eta 4,4 milioi euro eskolako testu-liburuen doakotasun-plan eta -programarako.

Nafarroa Suspertu Planaren barruan nabarmendu daitezken gastuetarako 19.719.362 euro bideratuko dira, besteak beste, ikastetxe berriak eraikitzeko eta obrak egiteko ziklo eta etapa guztietan, udal titulartasuneko ikastetxeen premiak ere artatuaz. 2021ean, Hezkuntza Departamentuaren aurrekontuan eraikuntza eta ekipamenduko jarduerak jasotzen dira, guztira 23 milioi euroren truke.

Azkenik, aipatzekoak dira 149.202.430 euroko diru-laguntzak irakaskuntza pribatuarentzat. Hor ere igoerak egin dira batez ere unitate berriengatik (hezkuntza bereziko unitateak batez ere), inklusioa bultzatzeko baliabideak gehitzeagatik eta 14/2020 Foru Legea aplikatzeagatik.

2021ean, oposizioak egitea aurreikusten da bigarren irakaskuntzako irakasleentzat eta lanbide heziketako irakasle teknikoentzat; oposizio horien deialdia 2020an egin zen, baina bertan behera geratu ziren COVID-19a medio. Halaber, oposizioak egin nahi dira hizkuntzen irakasleentzat. Beraz, gastua 400.000 euro gehitzea aurreikusten da.

Udal-hitzarmenak 0-3 urte bitarteko eskolentzat eta musika-eskolentzat

Hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko helburuarekin, ikasle guztientzat, ekitatearen eta aukera-berdintasunaren ikuspegitik eta Nafarroako gizartearen hizkuntza eta kultura balioak errespetatzetik, onuragarriak izango diren hainbat jarduera jasotzen dira aurrekontuan. Nabarmentzekoak dira Udalekin egindako hitzarmenak 0-3 urte bitarteko haurrak eskolaratzeko (12.096.279 euro) eta musika-eskolentzako diru-laguntza (3 milioi euro).

Modu berean, programaren asmoa da modernizazio eta eraldaketa digitaleko prozesua bultzatzea, ikastetxe publikoetan teknologia berriak ezarriaz eta erabiliaz. Parke informatikoa berritzeko, ikastetxeetan Informazioaren Gizartea garatzeko eta Nafarroa Suspertu Planaren barruko teknologia berrien ekipamenduak, programak eta lizentziak erosteko guztira 5.874.854 milioi euroko gastua egin beharko da.

Horrez gain, 715.710 euroko gastua kontuan hartu da irakasleen prestakuntza-jardueretarako; 405.980 euro baterako hezkuntza eta genero-berdintasunerako eta 122.400 euro bizikidetzarako; 700.600 euro dibertsitatea artatzeko planerako; 304.000 euro hezkuntza bereziko laguntzetarako; 422.748 euro itundutako zentroen laguntzetarako, inmigrazio eta gutxiengo kulturaletara bideratzeko; 153.415 euro euskara sustatzeko jardueretarako; 253.860 euro euskara erabiltzeko programetarako; 128.500 euro irakasleak atzerriko hizkuntzetan prestatzeko; eta 415.000 euro CNAI enpresa publikoak atzerriko hizkuntzak sustatzeko ikastaroak eta jarduerak egiteko.

Lanbide-heziketa

Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusi berria lanean ari da Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Lege Organikoa osorik praktikan jartzeko; bertan, berdintasun-printzipioetan inspiratutako sistema ezartzen da lanbide-heziketan sartzeko, prestakuntza bizitzan zehar sustatuaz.

Aldi berean, jarduera-eremu zabalagoetan aurkeztutako erronka berriak jorratzen ari dira; hala nola, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako I. Plan Estrategikoak markatutakoak, 2030 Agendatik eta Garapen Iraunkorreko Helburuetatik eratorrita, prestakuntza-eskaintza eguneratuaz eta handituaz, Lanbide Heziketako zentroetan berrikuntza eta digitalizazioa bultzatuaz, irakasleen prestakuntza eta irakaskuntzen nazioartekotzea indartuaz eta LH duala bultzatuaz, guztiak eremu publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza estuaren bitartez.

Gainera, Nafarroak erabaki du Estatuko gobernuak hezkuntza eta lan administrazioen artean adostutako erantzukizunen banaketa berria bere eskumen esparrura eramatea hainbat arlotan. Modu horretan, 2021ean, Hezkuntzak bere gain hartuko ditu enplegurako prestakuntza ziurtagarriaren arloko eskumenak; lan-esperientziaren bidez eta prestakuntzako beste bide ez formal batzuen bidez hartutako lanbide-gaitasunak ebaluatzeko, errekonozitzeko eta egiaztatzeko prozedura; eta Foru Komunitatean dauden erreferentzia nazionaleko ikastetxeen kudeaketa.

Hona hemen LHren 2021eko aurrekontu-programako zenbait alderdi garrantzitsu: lanbide-heziketako ikastetxe publikoetako ekipamendua (1,5 milioi euro); LHren garapena eta berrikuntza (275.000 €); Erasmus + programaren eta SEPIEren funtzionamendua (660.000 €); LHn aplikaturiko berrikuntza (200.000 €); Gobernuaren akordioaren garapena lanbide-heziketarako (100.000 €); eta enplegurako lanbide-heziketa egiaztagarriaren ekintzak (2.500.00 €).