2021ko urtarrilaren 4a

Enpresen eta langileen erantzukizuna eskatu du Osasun Departamentuak “Lan-osasunean funtsezko pieza zara” kanpainaren edizio berrian

Horren barruan, 12.000 egutegi argitaratu dira, eta bost langiletik gorako 5.500 enpresatan banatuko dira

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak berriro ere “Lan-osasunean funtsezko pieza zara” kanpaina sustatu du, arriskuen prebentzioan inplikatutako eragile guztien erantzukizuna eskatzeko. Horren barruan, 12.000 egutegi argitaratu dira, eta bost langiletik gorako 5.500 enpresatan banatuko dira.

Ekimena 2019an jarri zen abian, eta 2020an ere jarraipena izan du. Era horretan, hamabi mezu zabaltzen dira kanal ezberdinen bitartez, prebentzioaren alderdi zehatz batean eragina izateko. Edizio honetan, enpresaburuei, tarteko agintariei eta langileei enpresan prebentzio-kultura ezartzeak duen garrantziaren inguruan ohiko mezuak zuzentzeaz gain, COVID-19aren pandemiak osasunaren eta laneko harremanen eremuetan izan duen eraginarekin zuzenean loturiko beste batzuk gehitu dira.

Alde batetik, krisiak osasun publikoaren eta lan-osasunaren arteko integrazio eta osagarritasun ideia indartzen lagundu du. Sortutako egoerak agerian utzi du osasun publikoko arazoak (minbiziak, arrisku biologikoak, e.a.) laneko osasuneko arazo direla (bereziki sentiberak diren langileak, talde zaurgarriak, zaintza-lana, ezinbesteko jarduerak, e.a.), eta, aldi berean, laneko osasuneko arazoak (laneko istripuak, giharretako eta hezurretako arazoak, e.a.) osasun publikokoak ere badirela. Kanpainak funtsezko alderdi hori azpimarratu nahi izan du.

Horrez gain, NOPLOIk esperientziak utzi duen alderdi positiboa erakutsi nahi izan du; izan ere, enpresetan arazoa jorratzeko moduak ate berriak ireki ditu prebentzio-arloan. Hilabete hauetan, irtenbideak asmatzeko eta lana berrantolatzeko ahalegina egin da, laneko ingurune seguruagoak lortzearren, eta helburua lortu da, eta prebentzio-taldeek uste dute hemendik aurrera hori laneko beste istripu mota batzuetan eta gaixotasun profesionaletan aplika daitekeela.

Ildo horretan, erakundeak gogorarazi du lanean arriskuak detektatzeak eta kentzeak, prebentzio-neurriak betetzearekin batera, argi eta garbi laguntzen duela ezbehar-tasa murrizten.