2020ko abenduaren 22a

Nafarroako Memoria Historikoaren Leku izendatu dute Iruñeko Espetxe Probintzial zaharraren espazioa

Memoria-espazioa irekiko da espetxea zegoen orubean, memoriaren transmisio-eremu izateko
Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran onartutako akordioaren bidez, Iruñeko espetxe probintzial zaharraren memoria-eremua Nafarroako Memoria Historikoaren Leku izendatuko da, leku horiek memoria transmititzeko eremu bihurtzeko lanetan aurrera egitearren.

Horretarako, eta Memoria Historikoaren Batzorde Teknikoaren aldeko txostena jaso eta gero, Nafarroako Gobernuak espazio txiki bat deklaratu du, eta jada inskribatuta geratu da Memoriaren Lekuen Erregistroan; Nafarroako Justizia Jauregia handitzeko proiektuan sartuta geratuko den memoria-eremua garatuko da beranduago.

Leku hori batu zaio Nafarroak Memoria Historikoaren arloan dituen beste 15 Lekuren zerrendari; horien artean aipatzekoak dira Sartagudako Memoriaren Parkea, Monrealeko Teileria, Otsoportillo edo GR-225 edo Igaletik Bidankozerako errepidea. Nafarroako Memoriaren Institutuak, gainera, horiek ezagutzera emateko ttem informatiboak nahiz bideko seinaleak jartzen ditu leku horien inguruetan.

Bileraren ondorengo prentsaurrekoan, Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok nabarmendu du memoria batik bat “etorkizuneko kontua dela eta ezinbesteko tresna errespetua, tolerantzia eta askatasuna bezalako balioak sustatzeko”. Ildo horretan, azpimarratu du leku horiek “funtsezkoak direla bakearen eta bizikidetzaren balioak sustatzeko eta transmititzeko orduan, gertatutakoa oroituz eta beldurraren espazio horiek oroimenaren eremu bilakatuz”.

Horrez gain, Ollo kontseilariak eskerrak eman ditu “Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin izandako lankidetzarengatik, Justiziako zuzendaritza nagusiaren eta Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaritza nagusiaren artean, Memoriaren Leku hau espazio horren antolamendu berrian kokatzeko”.

Adierazpen horrekin, honela amaitu du kontseilariak: “elkarte-mugimenduaren aldarrikapen bat ez ezik, Parlamentuaren agindu bat ere artatzen dugu, honako hau bezalako eremua Memoriaren Leku aitortzeko eskatzen baitzigun”.