2020ko abenduaren 17a

Nafarroako Kirolaren Institutuak eta NUPek unibertsitateko kirol instalazioak erabiltzeko hitzarmena berritu dute

Hamar bat talde eta federazioetako 6.000 kirolari izan dira lehen aldiz 2016an zinpetutako hitzarmenaren onuradunak
Miguel Pozueta eta Begoña Pérez Eransus
Miguel Pozueta eta Begoña Pérez Eransus  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Kirolaren Institutuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak unibertsitateko kirol instalazioak erabiltzeko elkarlanerako hitzarmena berritu dute. Hamar bat talde eta federazioetako 6.000 kirolari izan dira 2016an lehendabizikoz zinpetutako akordio honen onuradunak. 

Hitzarmena, Miguel Pozueta,Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eta Begoña Pérez Eransus, NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak sinatu dute.

Lankidetza-hitzarmenak prezio publikoen % 50erainoko deskontua egingo die instalazioak erabiltzen dituzten klub eta federazioei. Gainera, kontuan hartu da "COVID-19k gaur egun sortu duen egoera; izan ere, klub batzuek ikuslerik gabe egin behar izan dituzte lehiaketak, eta kasu horretan kiroldegiaren erabilera-prezioaren deskontua % 70ekoa da", sinatutako akordioan zehazten denez.

Nafarroako Kirolaren Institutuak federazio eta kluben eskaerak bideratzeko konpromisoa hartzen du eta, bere aldetik, NUPek bere instalazioetan garatu beharreko jarduerak baimenduko ditu, akordioan jasotako baldintzetan. Gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuak “hitzarmen hau behar bezala betetzen dela bermatuko du, federazio eta klub erabiltzaileek instalazioak behar bezala erabiltzen dituztela zainduz, NUPek ezarritako erabilera-protokoloaren arabera"

Gainera, hitzarmenaren testuak jasotzen duenaren arabera, "Federazio edo klub erabiltzaileek euren kirolen garapena sustatuko dute sustapen kanpainen bidez, NUPekin koordinatuta".

Konpromiso hori 2016. urtean sinatu zen lehen aldiz, eta bere helburua da federazioek edo klubek unibertsitateko kirol instalazioen erabilera erraztea eta arautzea, federazio edo klub horiek ez badituzte, eta hainbat kirol modalitateren garapena sustatzen laguntzen du.

Hamar klub eta 6.000 kirolari

Hitzarmenaren indarraldiko bost urte hauetan, guztira, 10 kirol klub eta federazio izan dira onuradun, besteak beste, Waterpolo 98.02, Waterpolo Navarra, Nafarroako Urpeko Jardueren Federazioa, Nafarroako Judo Federazioa, Nafarroako Pilota Federazioa eta Nafar Rugby Federakuntza, ASDEFOR eta Basket Navarra Club.

Aurten ere San Cernin eta San Ignazio klubak sartu dira hitzarmenean. Guztira, 6.000 jokalarik baino gehiagok erabili dituzte NUPeko instalazioak.

Unibertsitateko campusean daude, besteak beste, kirol-pabiloi bat, frontoi bat, igerileku bat, rokodromo bat, errugbiko belar naturaleko bi zelai, lurrezko zelai bat, belar artifizialeko futbol-zelai bat, kirol anitzeko pista estaliak edo tenis-kantxak eta aldagelak.