2020ko abenduaren 17a

2021eko Punto de Vista ‘Dardara’ lanaren estreinaldiarekin eta Amos Vogelen atzerabegirakoarekin inauguratuko da

Datorren urteko martxoaren 15etik 20ra egingo da fikzioa ez den zinemaren profesional eta zaletuen topaketa
Jaialdiko kartelaren irudia.
Jaialdiko kartelaren irudia.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Marina Lameiro zinegile nafarraren ‘Dardara’ filmaren estreinaldiarekin irekiko da 2021eko Punto de Vista jaialdia; gainera, Amos Gogel zinema programatzailearen atzerabegirakoa eskainiko da. Iruñean martxoaren 15etik 20ra ospatuko den ekitaldia, fikzioa ez den zinemako profesional eta zaletuen topagune bilakatu da.

Gaur goizean, Baluarten, jaialdiaren 15. edizioa aurkeztu dute, eta bertan izan dira Vianako Printzea Erakundea - Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía; Jaialdiaren zuzendari artistikoa, Garbiñe Ortega; eta zuzendari exekutiboa, Teresa Morales de Álava. Programazioaren inguruko lehen xehetasunak emateaz gain, edizio berriaren irudia ezagutzera eman dute.

Jaialdia ‘Dardara’ pelikularekin inauguratuko da; hau da, Marina Lameirok Nafarroako Berri Txarrak rock taldearen azken biraren inguruan egindakoarekin, eta, horrela, pelikula mundu mailan estreinatuko da. Nafarroako zinemagileak 2019an parte hartu zuen musika-taldearen agurreko "Ikusi Arte Tour" munduko biran; bira horren bitartez, taldeak amaiera eman zion 25 urteko ibilbideari.

Film honetan, zuzendariak “erretratu koral bat eraiki du munduko parte ezberdinetan jasotako hainbat historia kontuan hartuta eta denek interes partekatu bat izanik: Berri Txarrak taldearen musika”, azaldu dute ekitaldiaren antolatzaileek. Gainera, honela adierazi dute: “Musika-estilo bat —rocka—, hizkuntza bat —euskara— eta belaunaldi bat —bertako kideena— hedatzeko gai den taldearen azken urratsak jarraitzen dituen kontakizuna ikusten da, eta hori fenomeno unibertsal bilakatzeko”.

Nafarroako Arena Comunicacion enpresak ekoiztu du. Martxoaren 15ean, astelehena, estreinatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du, Generazinema laguntza-programaren bitartez.

Amos Vogelen atzerabegirakoa

2021eko Puntu de Vistaren beste berritasun nagusia Amos Vogel programatzaile zinematografikoari eskainitako atzerabegirakoa izango da, Nafarroako Filmotekan garatuko dena. Vienan jaio zen, eta Cinema 16ren sortzailea izan zen New Yorken, 1947. urtean, Marcia Vogel emaztearekin batera. Irabazi asmorik gabeko sozietate bilakatu zen, zinema komertzialetan ikusi ezin ziren 16mm-ko pelikulak erakusteko. Bazkideen artean, Maya Deren, Jonas Mekas, John Lennon edo Leonard Berstein zeuden, besteak beste.

Jaialdiaren antolatzaileek gogoratu dute “2021. urtean, 100 urte beteko direla Amos Vogel jaio zenetik, eta "kuradore" gisa omenaldia egin nahi dietela atzerabegirako honekin, Regina Schlagnitweit eta  Alenxander Horwath-ek, Vienako Film Museumeko eta Viennaleko zuzendari ohiek, komisariatutako 6 programako ziklo baten bidez” .

Apustu kontinuista eta 900 pelikula inskribatuta

Egungo edizioak azken hitzorduetako ohiko programazioaren egiturari eutsi nahi dio. Modu horretan, zazpi atal handitan egituratuko da, eta horiek jaialdia egin aurretik iragarriko dira. Tartean, honako hauek aurkitzen dira: Atal Ofiziala, Atzerabegirakoak, Dokbizia, Punto de Vista Labs, Foku Garaikideak, Saio Bereziak, X Film Proiektua eta Hezkuntza Programa.

Hautapen-batzordea Atal Ofizialean jada inskribaturiko pelikula guztiak ikusten ari da, Punto de Vistaren apustu nagusietarikoa osatuko dutenak hautatzeko. 2020. urtea ikus-entzunezko ekoizpenerako urte zaila izan bada ere, edizio honetarako, mundu osoko herrialdeetatik iritsitako 900 produkzio inguru inskribatu dira.

Aipatzekoa da emakumeek egindako pelikulak ugari direla, bereziki espainiar, latindar eta anglosaxoi esparruetan. Hautapen-prozesuaren ondoren, film luze eta film labur horiekin osatuko da 2021eko Punto de Vistaren Atal Ofiziala. Gainera, aurtengo edukien zati bat eskura daiteke plataforma digitalaren bitartez, herritarrei erakusteko leiho berri bat eskaintze aldera.

Punto de Vistaren antolakuntza hainbat egoera lantzen ari da datorren urteko martxoan izan daitekeen osasun-egoerari erantzuteko. Ohiko egoitzetan saio presentzialak egitea espero dute, segurtasun-neurri guztiak uneoro beteaz.

Irudi ofiziala

2021eko Punto de Vista Jaialdiaren irudia Dani Sanchisek diseinatu du, eta “espazioen ugaritasunaren, begirada subjektiboaren eta paisaiarekin eta naturarekin erlazionatzeko modu berriak marraztearen ideia irudikatzen du, beste pertsonekin eta lekuekin elkartzea eragotzi den urte honetan”, gogoratu dute jaialdiaren antolatzaileek. “Horretarako, Nancy Holten irudia lantzen ari dira, zinemagile eta artista bezala”, amaitu dute.

Hori osatzeko, Joseba Sarrionaindiaren poema baten egokitzapena egin da, inspirazio gisa erabiltzeko eta egiten duen aipamen hau kontuan hartzeko: “debekuen, ezeztapenen eta ezintasunen urtea, espazioak eta beste pertsonekin egoteko moduak birkonfiguratzekoa, izan ez ziren baina baita ere badiren gauzei leku emanez, gertatu ez ziren gauza horiei, existitu ez zen horri baina baita ere existitzen denari”, nabarmendu dute jaialdiaren antolatzaileek.

Ekimen horretan parte hartzen dute, besteak beste, Civivox Sareak, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak (UAGZ), Iruñeko Planetarioak, Nafarroako Filmotekak, Gaiarre Antzokiak edota Goethe-Institut-ek, eta horiei gehitu zaizkie orain sartu berriak diren La Fabrica edo Oteiza Museoa.

Gazteriaren epaimahaia

Punto de Vistak izen-ematea ireki du urtero Pelikula Onenari Gazteria Saria ematen dion Gazteriaren Epaimahaiko kide izateko. Interesatuta dauden 18 eta 25 urte arteko pertsona guztiek izena eman ahal izango dute jaialdiaren web gunean.