2020ko abenduaren 16a

Nafarroak “harrera-lurralde” izateko bokazioa aitortzen die pertsona migratzaileei

Gobernuak adierazpen instituzional bat onartu du, Pertsona Migratzailearen Eguna dela eta; ostiralean zenbait jarduera egingo dira
Programa de actos organizados en Pamplona y Tudela.
Programa de actos organizados en Pamplona y Tudela.  Deskargatu irudia Irudi galeria

 

 

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, adierazpen instituzional bat onartu du, non agerian uzten baitu “Nafarroa harrera-lurralde bihurtzeko bokazioa, etorkizun hobea jaioterritik urrun bilatzen dutenentzat”. Adierazpenean, gainera, “aurreiritzien eta xenofobiaren adierazpen publiko edo pribatuak, besteak beste, lan-merkatuan sartzeko edo etxebizitza duina izateko eragozpenak sortzen dituztenak, aurrez aurre errefusatzea” azpimarratzen da.

Adierazpena Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela-eta onartu da; egun hori urtero abenduaren 18an izaten da (oraingoan, ostiral honetan). Egun hori ospatzeko, Nafarroako Gobernuak, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, hainbat jarduera prestatu ditu herritar guztientzat: hitzaldi bat streaming moduan jarraitu ahal izango da, Maria Chivite Nafarroako Lehendakaria buru duen ekitaldi instituzionala egingo da, eta bi antzerki-emanaldi eskainiko dira, bat Iruñean eta bestea Tuteran.

“Giza eskubideak sustatu eta errespetatzen ditu”

Gobernuak onartutako adierazpen instituzionalean ondorengoa nabarmentzen da: “Nafarroak Europako tradizio onenarekin bat eginez, pertsona guztien giza eskubideak sustatzen eta errespetatzen ditu, haien jatorriko nazionalitatea, sexua, arraza, etnia, ama-hizkuntza edo egoera administratiboa edozein direla ere". Hori dela-eta, Foru Exekutiboak "oinarrizko prestazioak eskuratzea bermatzeko" konpromisoa agertzen du, eta "migratzaileak, migratzaile izateagatik, gainerako biztanleak baino zaurgarriagoak izatea saihesteko konpromisoa, diskriminazioari, esplotazioari eta marjinazioari dagokienean".

Gobernuak baita ere nabarmendu du "gizarte zibilak eta erakunde sozialek betetako papera, azken urteetan elkartasunaren sare garrantzitsua ehuntzeaz gain, migratzaileei harrera egiteko eta laguntza emateko babes handia erakutsi baitute". Era berean, Gobernuak "migratzaileekin modu estuan lan egiten jarraitzearen aldeko apustua egiten du", Migratzaileen Foroan garatzen den moduan, "baliabide publikoek haien premiei modu fede-emailean erantzun diezaieten eta aldaketa sozial geldiezinetara egoki daitezen".

Adierazpenean aurten aurkeztutako "Nafarroa Koloretan - Navarra de Colores" marka ere gogorarazten da. Nafarroa “harrera lurra izateko nahia agertzen du; jaioterrian aurki ezin dezakeen etorkizun hobea nahi duenarentzat etxe bilakatzeko lurra; espazio segurua, kulturarteko bizikidetzarako, desberdintasunak balio eta aukera moduan ikusiaz". 

Hitzaldiak, antzerkia eta ekitaldi instituzionala

Hain zuzen ere, Nafarroa Koloretan markapean, Nafarroako Gobernuak, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, hainbat jarduera prestatu ditu abenduaren 18rako, Migratzaileen Nazioarteko Egunerako. Nolanahi ere, osasun-murrizketen egoera berezia medio, ekitaldietan telematikoki egingo direnak eta edukiera murriztuak konbinatuko dira, jarduerak segurtasun osoz gara daitezen.

Modu horretan, Iruñean eta Tuteran, antzerki-emanaldi bana egingo dira. Sarrera doakoa izango da, baina aurrez jaso behar da antzeztuko den instalazioetako leihatiletan. Iruñean, Calambur Teatro konpainiak inprobisazio-ikuskizuna eskainiko du “Impro-visado, retazos de migración” izenburuarekin, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan. Esan bezala, sarrera librea da, eta leihatilan jaso behar da 17:30etik aurrera, gehienez baimendutako edukiera bete arte.

Tuteran, bestalde, “No es país para negras” obra ikus ahal izango da ordu berean (19:00etan) Gaztanbide Antzokian. Iruñean bezala, sarrera doakoa da harik eta edukiera bete arte, baina gonbidapena aurretik jaso behar da Gaztanbideko leihatiletan. Kasu honetan, 18:00etan hasiko dira sarrerak banatzen.

Maria Chivite buru izango duen ekitaldi instituzionala Iruñean egingo da Kondestablearen Jauregian, 18:00etan. Bertan, elkarteak eta pertsona nabarmenak aintzatetsiko dira "pandemia-garaian erakutsitako elkartasunarengatik". Lehendakariaz gain, ekitaldian izango da Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos. Ekitaldi instituzional honetarako sarrera murriztuta dago osasun-arrazoiak direla-eta, eta soilik gonbidapenarekin sartu ahal izango da.

Horrez gain, goizez, hitzaldi bat emango du Chabier Gimeno Monterdek, Zaragozako Unibertsitateko Gizarte eta Lan Zientzien Fakultateko Psikologia eta Soziologia Departamentuko irakasle eta ikertzaileak. Hitzaldiaren izenburua honako hau da: “Lagundu gabeko gazte migratzaileekin esku hartzea”. San Jorge Civivox-ean egingo den arren, edukiera fisikoa gonbidapen bidez osatuko da, bitartekaritzako eta antzeko diziplinetako ikasle eta profesionalekin. Hala ere, streaming bidez emango da modu irekian, 10:00etatik aurrera, Civivox-ek YouTuben duen kanalaren bitartez.