Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak baimena eman du N-121-A errepideko bigarren zatia eraikitzeko obrak lizitatzeko
2020ko abenduaren 2a
Nafarroako Gobernuak baimena eman du N-121-A errepideko bigarren zatia eraikitzeko obrak lizitatzeko
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, baimena eman dio Obra Publiko eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiari N-121-A errepideko bigarren zatia eraikitzeko obrak lizitatzeko. Jarduerak 12 kilometroko tartean egingo dira, Olabeko zeharbidetik hasi (10+500 pk) eta Lantzeko bidegurutzeraino (22+500 pk). Jarduerek 14,2 milioi euroko balio zenbatetsia izango dute (BEZ barne).
Bigarren zati horretan, berrikuntza nagusi moduan, aipatzekoak dira Etulain eta Lantzerako sarrerak berritu direla egungo bidegurutzeak zabaldu eta aldatuta; izan ere, sartzeko eta irteteko errei independenteak izango dituzte gorriz seinaleztatuta, errepidetik aldendutako glorietak eta argiztapen-sistemak. Gainera, Enderitzeko hegoaldeko irteerako biribilgunea handituko da, aurreratzeko tarteak berrantolatzeaz gain, betiere aurkako norabidea inbaditu gabe eta bereizteko barrera metalikoarekin, ibilgailuen ilarak murriztu eta ibilbidearen bide-segurtasuna areagotzeko.
Obrak N-121-A errepide osoa 2+1 bide bilakatzeko lanen barnean kokatzen dira. Gogoratu behar da 2+1 irtenbidea oso zabalduta dagoela nazioartean aspaldiko urteetatik hona, eta bide-segurtasunari eta funtzionaltasunari dagokienean eraginkorra dela erakutsi duela. Abantaila nagusien artean, kontrako norabideko zirkulazioko aurreratzeak %100 ezabatzen ditu, eta, beraz, aurre eta alboko talka-arriskua nabarmen murrizten du, N-121-A errepideko egungo istripu-tasaren kausarik kaltegarriena. Horrez gain, ilarak errazago desagerrarazteko aukera ematen du, aurreratzeko zonak optimizatzeagatik.
2. zatiko trazatuaren xehetasunak
N-121-A errepidearen enbor nagusiak, Enderitz - Ostitz saihesbidean, bi errei izango ditu Irungo noranzkoan (Gipuzkoa) eta bat Iruñeko noranzkoan, baina 2 metroko erdibitzailea eta hesi bertikal gaindiezina erantsita. Iparralderako trazaduran, zerbitzu-bide bat jarriko da, errepidearen ondoan eta Enderitzeko hegoaldeko lotunearen ondoan dauden hainbat finkatarako sarrera eta irteeretatik sortzen diren gatazka-puntuak ezabatzeko.
Proiektuaren barnean, Enderitzeko irteera hobetuko da, Ostitzera sartzeko egungo bidegurutzean; bertan, autobus-geltokia eta miniglorieta bat daude. Biribilgunea handituko da, autobusek norabide-aldaketak egin ahal izan ditzaten eta, era horretan, egun errepidearen beste aldean dagoen geltokia kendu ahal izatearren. Horrela, bidaiarien igoera eta jaitsiera guztiak ezkerraldeko markesinan zentralizatuko dira, hiriarteko garraioaren segurtasuna hobetuaz. Horrez gain, azelerazio-erreia luzatuko da, zirkulazioa N-121-A errepidera errazago sartzeko, hegoalderako norabidean.
Burutaingo irteeratik Etulaineraino, errepideak bi errei izango ditu Iruñerako norabidean, beste bat Irunerako norabidean eta 2 metroko erdibitzailea barrera metalikoarekin. Eskuin aldean 225 metroko horma eraikiko da, plataformaren handitzeari eusteko eta lubeta berriek ingurumenean izan dezaketen eragina saihesteko.
Irteteko eta sartzeko erreiak gorriz seinaleztatuta
Etulaingo bidegurutzean sarrera berria eraikiko da. T formako elkargune bat egingo da, herrira edo N-121-A errepidera sartzeko itxaroteko erdiko bi erreirekin. Errei horiek gorriz seinaleztatuko dira galtzadaren beraren gainean, errazago identifikatzeko eta erdiko aurreratze-erreietatik bereizteko. Era berean, errepidetik aldendutako biribilgunea eraikiko da noranzkoz aldatu ahal izateko, eta bidegurutze berri horretan argiak jarriko dira.
Bidegurutze berri horretatik, Olageko saihesbidearen lehen erdian, bi errei izango dira Irunerako noranzkoan eta bat Iruña alderakoan, 2 metroko erdibitzailearekin eta barrera metalikoarekin bereizita. Ondoren, azken zatian, 2+1 errepidea alderantzikatuko da, hego aldera bi erreirekin eta bat iparralderakoarekin; tartean antzeko erdibitzailea eta hesia egongo dira Lantzerako bidegurutzearen ingururaino.
Lantzerako bidegurutzean, berriz, Etulainerako pentsatutakoaren antzeko sarrera berria eraikiko da. T formako elkarguneak itxaroteko erdiko bi errei izango ditu, gorriz markatuta, ezkerraldera biratzeko bide-segurtasuna hobetzeko, herrira nahiz N-121-A errepidera sartzerakoan. Noranzko aldaketak egin ahal izateko, aldendutako glorieta bat eraikiko da. Bidegurutze osoak argiztapena izango du.
Olabeko eta Burutaingo saihesbideak
N-121-A errepideko bigarren zati horretan, bi saihesbide berri eraikitzea aurreikusten da Olabe eta Burutain herrietan, eta 2+1 bide bihurtzeko proiektutik aparte gauzatuko dira, diseinu bateragarriarekin. Bi proiektuetan, aukerak aztertzen ari dira gaur egun.
Olabeko saihesbidea herriaren mendebaldetik igaroko da, zonaren tipografia eta hirigunearen eta egungo errepidearen antolaketa direla-eta. Beraz, Olaitz eta Olabe herrien artean egingo da, eta noranzko bakoitzeko bi errei izango ditu, 2 metroko erdibitzailearekin eta hesi bertikalarekin. N-121-A errepidearekin lotzeko hegoaldeko puntua 9+900 pk-aren parean egitea aurreikusi da, Soraureneko irteera-zuzenaren lerrokadura luzatuz; iparraldeko lotura, berriz, 12+250 pk-aren parean egingo da, Zandio-Osakain aldeko egungo elkargunea igaro ondoren. Halaber, erdiguneko lotune bat aurreikusten da, azpiko pasabidearekin eta ertz bakoitzeko biribilgune batekin; horrek Olaitzeko egungo errepidea, NA-4212 eta N-121-A errepideko lehengo bidea lotuko ditu.
Errepide berriak lau egitura izango ditu: N-121-A errepidearen bi aldeetan ibaia zeharkatzeko bi, bestea aurreikusitako lotune berrian eta laugarrena Olabeko hirigunearekin lotunea konektatzeko adarrean.
Behin saihesbide berria eginda, N-121-A errepideko egungo zeharbideak behar adinako gaitasuna izango du bidean igarotzen den hondar-trafikoa hartzeko. Zeharbideko seinaleztapen horizontalean aldaketak egingo dira, alde batera edo bestera hartzeko beharrezko bira-mugimenduak egin ahal izateko.
15+100 eta 16+600 pk-en arteko zatian, trazadura mantenduko da, Burutainen saihesbide berria eraiki nahi baita eta, modu horretan, N-121-A errepide osoa 2+1 diseinuarekin homogeneizatu. Bide berri bat eraikiko da trazadura berriarekin, egungo errepidearen ekialdean. Oraindik alternatibak aztertzen ari badira ere, bide berria Ostitzeko saihesbidearen amaierako zatitik abiatzea planteatzen da, iparraldean lotuaz herrik gasolindegia igaro ondoren, Burutaingo hirigunearen irteeran.