2020ko azaroaren 24a

Ostegunetik aurrera, Nafarroak baimena emanen du astero hitzordua eskatuta senideak egoitzetara joan daitezen

Kasurik ez desgaitasun-zentroetan eta 114 kasu aktibo adinekoentzako zentroetan

Azaroaren 26tik, ostegunarekin, senideek eta hurkoek bisitak egiten ahal izanen dituzte berriz ere adinekoen eta desgaitasuna dutenen Nafarroako egoitzetara, astean behin eta aldez aurretik hitzordua eskaturik. Maeztu kontseilariak iragarri zuen bezala, Eskubide Sozialetako Departamentuak neurria onestea erabaki du azken asteetan Nafarroan epidemiak izaniko bilakaera “positiboa” eta egoitzetako intzidentzia ikusirik.    
Bisitak aldez aurretik hitzartuko dira, goizeko eta arratsaldeko ordutegia. Adinekoen kasuan bisitari bakarra izanen da egoiliar bakoitzeko, 30 minutuz; eta desgaitasuna dutenean, bi pertsona joaten ahal izanen dira bisitan, 60 minutuz.
 
Aldi berean egin daitekeen bisita-kopurua egoitzen ezaugarrien araberakoa izanen da. Bisitarien arteko tarteari eutsi dakiokeela ziurtatuko da, eta saihestu eginen da erabiltzaileek beren familietakoak ez diren pertsonekin harremana izatea. 
Ahal den heinean, topaketak ohiko guneetatik aparte eginen dira, eta prebentzio-bitarteko egokiak erabiliz, egoitzen barnean pertsona gehiago ibiltzeak dakarren kutsatze-arriskua gutxitzeko. Era berean, bisitariek zorrotz bete beharko dituzte ezarririko arauak, egoiliarren osasuna babesteko. Adinekoen kasuan, eskuen bidezko harreman fisikoa baimenduko da, hidrogelarekin garbitu ondoren. Desgaitasuna dutenen kasuan, berriz, gomendatzen da harreman fisikoa nahitaezkoa baizik ez izatea, erabiltzaileen ezaugarriak kontuan izanik.   

Antolakuntza errazteko, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, Eskubide Sozialetako Departamentuaren menpeko erakundeak, proposamenak eskatu zizkien zentroei duela zenbait aste, neurrien protokolo bateratu bat finkatzeko xedez. Ondoren, zentro bakoitzak bere instalazioen ezaugarrien arabera egokituko du protokolo hori. 
Eskubide Sozialetako Departamentuak egoitzei galdaturiko neurrietako bat da bisitak egiteko toki espezifikoa izatea; gune hori kanpoko aldean koka daiteke, erabiltzaileak eta bisitariak eguraldi txarretik babesteko behar adinako egokitzapenak eginik (karpak, berogailuak...), edo barnean, xede bakar horretarako atondurik, ongi aireztatua eta sarrera egoitzako gainerako guneen desberdina duela. Beste aukera bat bisitak hartzeko zirkuituak dira, erabiltzaileen ohiko ibilbideen independenteak.
 
Ohean egon behar dutenen pertsonek logelan ere hartzen ahal izan dituzte bisitak, bertara sartzeko zirkuitua banaka antolaturik eta arrisku-mailaren araberako prebentzio-neurriak hartuz. 

COVID-19 agerraldi aktibo bat dagoen eta kaltetuak artatzeko eremu guztiz independenterik ez duten zentroak izanen dira bisitarik baimenduko ez den bakarrak, agerraldi horrek dirauen bitartean, pandemia hasi zenetik ezarririko hiru salbuespenetako bat gertatzen denean izan ezik: bizitza bukatzea, desoreka neuro-kognitiboa arindu behar izatea eta egoiliarren egoera psiko-afektiboa oso kalteturik egotea.
Kasu orotan prebentzio-neurri guztiak hartuko dira kontuan: maskarak erabiltzea, eskuak garbitzea bisitaren aurretik eta ondoren, eta erabilera bakoitzaren ondoren erabiliriko guneak garbitzea. 
Egoitza guztiek izanen dute prozedura bat arau horiei jarraikiz bisitak egiteko, eta eguneroko bisita-kopurua zehaztuko dute, hala nahi duten egoiliar guztiek astean behin bisita bat jasotzen ahal izatea ziurtatuz. Zentroak izendaturiko pertsona bat arduratuko da baldintza horiek betetzen direla behatzeaz. 

Egoitzatik kanpoko irtenaldiak 

Halaber, ostegunetik aitzin malguagoak izanen dira adinekoen eta desgaitasuna dutenen zentroetatik kanporako irtenaldiak, COVID-19a dutenen edo harreman estu baten ondorioz berrogeialdian daudenen kasuan izan ezik.
Hala, bi kasuetan irtetea baimenduko da kontsulta medikuetarako (edo tankera horretakoetarako, podologia adibidez), administrazio-izapideak egiteko, lan-jardueretarako eta antzekoetarako. Era berean, irtetea ahalbidetuko da premia dagoen kasuetan; esate baterako, senide eta hurkoekin egotea haien bizitzaren bukaeran. 

“Gune seguruak” dituzten adinekoen egoitzetan, egoiliarrak gune horietara paseatzera ateratzen ahal izanen dira, bakarrik edo zentroko langileek lagundurik, eta gune horiek zeregin horretarako prest dauden ordutegietan.  

Orain arte bezala, baimendurik egonen da, halaber, senideekin harreman bisuala eta ahozkoa izatea egoitzen perimetrotik, egoera epidemiologikoa edozein dela ere. Kasu horretan, nahitaezkoa izanen da herritar guztientzat ezarririko prebentzio-neurri orokorrak betetzea. 
Desagaitauna dutenentzako zentroetan pasealdi terapeutikoak ere egiten ahal izanen dira, “arrisku gutxiko irteera”tzat joak, bai zentroko profesionalekin bai senideekin, bisitak egin daitezkeen aldietan. Azken kasu horretan ere bizikidetza-unitate bereko bi senideren muga ezarriko da. Ez dago baimendurik pasealdi horietan ibilgailu pribatua erabiltzea, ostalaritzako terrazetara joatea, ezta gune itxietara joatea ere, publikoak zein pribatuak izan.

Desgaitasuna dutenentzako zentroetan talde-irteerak ere baimenduko dira, zentroaren beraren jarduera gisa, betiere ohiko bizikidetza-taldearekin eta garraiobide independentean eginez gero, eta irtenaldia beste inorekin harremanik izan gabe.

Kasu batean zein bestean, irtenaldiotan herritar orori eskatzen zaizkien segurtasun-neurriak bete beharko dira: maskara erabiltzea eta eskuak garbitzea irten aitzin eta itzuli ondoren.  

Intzidentzia zentroetan 

Eskubide Sozialetako Departamentuak emaniko datuen arabera beheranzko joera mantentzen da adinekoen egoitzetako COVID-19ko kasu aktiboei dagokienez; une honetan, 114 dira.

Positibo anitz egoitzetan daude eta ez dute ospitaleratu beharrik izan. Hain zuzen ere 78 daude egoera horretan; horietatik 53k sintomaren bat dute, eta 25 sintomarik gabekoak dira. Beste 21 bitarteko baliabideetara eraman dituzte, eta 15ek ospitalera joan behar izan dute.
Bestalde, alta epidemiologikoa eman zaie 344 pertsonari. Profesionalen bajak, une honetan, 63 dira: 49k sintomak dituzte, eta 14k ez.
Iragan uztailaren 1etik, egoitzetako 81 adineko pertsona zendu dira, 48 ospitaleetan eta 33 egoitzan bertan.

Desgaitasuna dutenentzako zentroek kasu gehiago izan gabe eta hildako gehiagorik gabe jarraitzen dute. Uztailaren 1etik 3 izan dira zendurikoak.
Behera egin du, halaber, zentro horietan COVID-19agatik baja hartu duten langileen kopuruak. Une honetan 12 dira, 10 sintomadun eta sintomarik gabeko.