2020ko azaroaren 24a

Nafarroako Gobernuak Suhiltzaileen 2020 - 2023 Plan Estrategikoa aurkeztu du, plantilla handitzea eta etengabeko prestakuntza lehenesten dituena

Planak datozen urteetan jarraitu beharreko ekintza-ildoak zehazten ditu, zortzi helburu estrategikoren eta 36 ekintzaren bidez
Plan Estratégico de Bomberos 20-23 Irudi galeria

El Gobierno de Navarra, a través de la Dirección General de Interior, ha elaborado el Plan Estratégico del Servicio de Bomberos de Navarra - Nafarroako Suhiltzaileak 2020 - 2023, que establece las líneas de acción a desarrollar en los próximos años y prioriza la ampliación de la plantilla así como la formación continua.

Nafarroako Gobernuak, Barneko Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren 2020 - 2023ko Plan Estrategikoa egin du. Plan horretan, datozen urteetan garatu beharreko ekintza-ildoak ezarri dira, eta plantilla handitzea zein etengabeko prestakuntza lehenetsi  dira.

Planean Suhiltzaileen Zerbitzuaren premietara egokitutako eta behar adinako langileen eta baliabideen hornidura, antolaketa eta kudeaketa eta laguntzako eta larrialdietako beste baliabide batzuekiko koordinazioa sakontzen dira. Planak 5,3 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura aurreikusten du.

Jarduera-eremu horien esparruan, planean zortzi helburu estrategiko eta 36 jarduera ezartzen dira, eta NSZren egoeraren inguruan azken hilabeteetan egindako diagnostikoa du abiapuntutzat.

Plan Estrategikoa gaur prentsaurrekoan aurkeztu dute Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari Javier Remirezek, Barneko zuzendari nagusia den Amparo Lopezek eta Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria den Francisco Javier Baldantak. Halaber, gaur argitaratu da Gobernu Irekiaren atarian, parte-hartze publikoaren prozesurako, eta hilabete batez luzatuko da prozesua.

120 plaza berri 2023. urtera arte

Planaren helburua da langileen behar adinako zuzkidura izatea, kohesionatua, behar bezala prestatua eta NSZrekin konprometitua. Plantilla dimentsionatu eta handitu nahi da premia operatiboen arabera.

Ildo horretan, suhiltzaileen plantillari beste 120 plaza gehitu nahi zaizkio 2023. urtera bitarte. Zehazki, 2020an, suhiltzaileen 30 plaza eskainiko lirateke, eta kopuru hori mantenduko litzateke 2021eko, 2022ko eta 2023ko EPE bakoitzean, 120 plazara iritsi arte.

Barne-antolakuntzari dagokionean, eginkizunak, egitura, txandak, e.a. jasoko dituen erregelamendua garatzea aurreikusten da. Horrez gain, urteko etengabeko prestakuntzako programa definituko da, zerbitzuaren premietara egokitua, parke bakoitzeko maniobren urteko egutegia prestatuko da, eta, suhiltzaile berrientzat, prestakuntza-denbora gehituko da parkeetan.

Parkeak eta ibilgailuak berritzea

Planean, ibilgailuak berritzearen aldeko apustua egiten da, eta ekintza hori jada ezarri da aurtengo urtean. 2020ko aurrekontuan, helburu horretarako aurrekontua 500.000 euro gehitzea aurreikusten zen, eta ekitaldian zehar zazpi ibilgailu berri sartu dira: lur orotako lau ibilgailu eta landako hiru ponpa-auto astun, besteak beste, landa- eta baso-eremuetan salbamendu-lanak egiteko eta suteak itzali ahal izateko.

Datorren urtean, norabide horretan jarraitu nahi denez, Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorren (NAO) proiektuan 1.700.000 euroko partida jasotzen da ibilgailuak berritzeko.

Plan Estrategikoaren barruko beste jarduera nagusienetariko bat da instalazioak eta parkeak berritzea eta modernizatzea. Ekintza nabarmenen artean, parkeen eta haien irisgarritasunaren egungo egoerari buruzko azterketa egitea aurkitzen da, premien arabera jarduerak planifikatzen joateko. Aurten, 300.000 euro gehitu dira NAOko proiektuan Tafallako Suhiltzaileen parkea berritzeko.

Esku hartzeko lekuaren inguruko informazio geografikoa hobetzea

Planean, jarduera operatiboko protokoloak modu bateratuan eguneratzea ez ezik, informazioa jasotzeko eta aztertzeko modua hobetzea ere aurreikusten da. Ildo horretan, egungo kudeaketa- eta informazio-aplikazio informatikoen azterketa burutu beharko litzateke, horiek eguneratu, hobetu eta integratzeko. Halaber, informazio geografikoaren sistema teknikoak hobetu nahi dira , esku hartzeko lekua aurkitzeko.

Larrialdiko beste baliabide batzuekin koordinatzea

Planaren barruan, lehentasunezko beste jarduera-eremua da laguntzako eta larrialdiko beste baliabide batzuekiko koordinazioa indartzea; tartean egongo lirateke, besteak beste, Foruzaingoa, SOS Nafarroa, Bideen Zerbitzua eta beste autonomia erkidego batzuetako Suhiltzaileak. Era berean, funtsezko beste helburu bat da herritarrekiko komunikazioa hobetzea, eta, horretarako diseinaturiko ekintzen artean, ikasleak prebentzio-jardueretan prestatzea nabarmentzen da.

Suhiltzaileen Zerbitzuaren diagnostiko parte-hartzailea

Barneko Zuzendaritza Nagusiak Suhiltzaileen Zerbitzuari buruzko diagnostikoa egitea bultzatu zuen iaz, egoera definitzearren, eta Plan Estrategikoa egiteko abiapuntu gisa erabili zen. Diagnostikoa egiteko, NSZ osatzen duten pertsonek eta sindikatuek ere parte hartu zuten. Azterketaren ondorioen artean, aipatzekoa da langileak lanbidearekin eta herritarrei zerbitzua ematearekin motibatuta eta inplikatuta sentitzen direla.