Descárgate la app
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako 2021 Berdinna sarirako hautagaiak aurkezteko epea zabalik
2020ko azaroaren 23a
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako 2021 Berdinna sarirako hautagaiak aurkezteko epea zabalik
Promoción de candidaturas al Premio Berdinna
Nafarroako Gobernuak 2021 Berdinna sarirako hautagaitzak aurkezteko epea ireki du, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egindako lana saritzeko.
Sariaren zenbatekoa 3.000 eurokoa da, eta 2021eko martxoaren 8ko ospakizunean emanen da, Emakumeen Nazioarteko Egunean.
Sariketaren laugarren edizio honetarako hautagaitzak 2020ko abenduaren 23ra arte aurkezten ahal izanen dira, honako bide hauetako batetik: Erregistro Orokor Elektronikoa; aurrez aurre, Instituto Navarro para la Igualdad / Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (INAI/NBI) Erregistroan, Iruñeko Alondegi kalearen 1 zenbakian, 2. solairuan; eta berdinna@navarra.es posta elektronikoko helbidera mezua bidaliz.
Proposamenak egiten dituzten entitateek eta pertsonek hautagaitzaren aurkezpen-formulario bat aurkeztu beharko dute, informazio honi erantsiriko ereduari jarraikiz; eta azalpen-txosten bat (1.000 hitzekoa gehienez ere), aurkezpenaren berme diren meritu aipagarrienak jasotzen dituena.
Hautagaitza lan baten edo proiektu baten aurkezpena bada, hori ere aurkeztu beharko da, eta azken bi urteetan eginikoa izan beharko du.
Informazio guztia kontsulta daiteke Nafarroako Gobernuak interneten duen izapideen fitxategiaren esteka honetan.
Epaimahaiko lehendakaria Javier Remírez izanen da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria; lehendakariorde izatea, berriz, INAI/NBIko zuzendari kudeatzaile Eva Istúrizi egokituko zaio. Beste kideak hauek izanen dira: INAI/NBIko Herritarren, Ahalduntzearen eta Emakumeen Parte Hartzearen arloko zuzendariordea, Mª Ángeles García; Nafarroako Berdintasunaren Kontseiluko bi kide: Clotilde García eta Asunción Apesteguia; Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) ordezkari bat, Juan Jesús Echaide; eta Maria Teresa Sáez Barrao, 2020ko Berdinna Saria irabazi zuen Astelehen Lilak Elkartearen izenean.
Saria emateko aintzat hartuko dira, besteak beste, proposaturiko pertsonak edo entitateak berdintasunaren eremuan eginiko ibilbidea; haren jardunaren, ekintzen, lanen edo proiektuen garrantzia, emakumeen lanaren aitortza egiteari, haien eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzeari edo ahalduntzea errazteari begira; hautagaitza bakoitzak Foru Erkidegoarekin zer-nolako lotura duen ere aintzat hartuko da.
Aurreko sarituak
Aitzineko hiru edizioetan hauek izan ziren Berdinna Sariaren irabazleak: Blanca Fernández Viguera gizarte-ikertzailea (2018), “ikerkuntzaren eta heziketaren bidez eginiko genero-ikasketen eta ezagutzaren garapen-lanagatik, eta bere aktibismo feministagatik” ; Alaiz elkartea (2019), “emakumeen ahalduntze soziala bultzatzeko eginiko eguneroko lanagatik, mugatzen zituen etxe barneko esparrua gaindituz”; eta Asociación Lunes Lilas Navarra / Astelehen Lilak Nafarroa (2020), zeinari buruz azpimarratu baitzen “haren sorrerako xedea izan zela hildako emakumeak oroitzea eta omentzea, hilean behin, eta ondoren eboluzionatu egin zuela, eta hainbat jarduera eta egitasmo garatu zituela emakumeen lana eta haien ahalduntzea aitortzeko, eta sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzeko”.