Descárgate la app
Gobernuak 2020ko Nafarroako Urrezko Domina eman die langile sanitario eta soziosanitarioei
2020ko azaroaren 18a
Gobernuak 2020ko Nafarroako Urrezko Domina eman die langile sanitario eta soziosanitarioei
Dozenaka profesional, Nafarroako 2020ko Urrezko Domina jaso duten osasun eta gizarte langileen ordezkari gisa, Ospitaletegiko lorategietan.
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, foru dekretu bat onartu du Nafarroako Urrezko Domina 2020 emateko osasun arloko langileei eta langile soziosanitarioei, COVID-19aren pandemian izan duten jarreragatik: "Arreta handiz, eurentzako eta euren familientzako arriskuari aurre eginez, eta oso baldintza txarretan ardura eta esfortzu handiarekin lan egin dute".
Foru Erkidegoko kondekoraziorik handiena da saria; hari buruzko dekretuak dioenez, 2020an “Nafarroa, Espainiako beste lurraldeak eta munduko beste nazioak bezala, gure aroan parekorik ez duen pandemia jasaten ari da. Lehenbiziko kasuak urteko lehen hilabeteetan gertatu ziren, eta denbora laburrean ugaritu eta gizarteak oso neurri zorrotzak onartu behar izan zituen, baita konfinamendua ere, gaitz berriari aurre egiteko”. Testuak gehitzen duenez, “uneotan bigarren kutsatze-olatu gogor bati buru egiten ari gatzaizkio, eta oraindik luze itxaron beharko dugu gertakari latz hau bukatutzat eman arte”.
Gobernuak nabarmendu du denbora honetan, lehenbiziko hilabeteetatik oraintxe arte, “osasungintzako eta arlo sozio-sanitarioko langileak bihurtu direla, beste inor ez bezala, gaixotasun horren aurkako borrokaren ikur. Gaixoei lehen lerroan eskainiriko arreta sakrifikatua, beraiek ere gaitzaz kutsatu eta beren ingurura zabaltzeko arriskuaren aitzinean agerturiko jarrera, oraindik ere irauten duten kondizio oso gogorretan izaniko ardura eta eginiko ahalegina, beren ohiko lana baita gure komunitate osoaren osasunaren bermea”.
María Chivite Lehendakariak emanen du saria, osasun-protokoloek eskatzen dituzten baldintzei egokituriko ekitaldi batean, heldu den abenduaren 3an, Nafarroako Egunarekin bat.
Oroitarazi beharra dago Foru Gobernuak azaroaren 11n izan zuela epaimahairen hiru proposamenen berri (osasungintzako eta arlo sozio-sanitarioko langileak, Osasuna futbol-taldea eta Plaza de la Cruz Institutua). Hirugarren urtez jarraian, herritar orok proposa ditzakete, norberaren edo entitate baten izenean, Nafarroak ematen duen sari gorena jasotzeko hautagaitzak; sari horren bidez aitortza egiten zaie gizartea hobetzeko, balio demokratikoak finkatzeko eta Foru Erkidegoaren irudia kanpora zabaltzeko ekarpena egiteagatik nabarmendu diren pertsonei, erakundeei, entitateei eta kolektiboei.
Gaur Gobernuak saritzea erabaki duen hautagaitza AFAPNA sindikatuak aurkeztu zuen. Saria emateko eskaria egin zuten “COVID-19aren pandemian eskainiriko arreta sakrifikatuagatik eta beren ohiko lanagatik, hura baita gure komunitate osoaren osasunaren bermea”.