Descárgate la app
Hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzen deialdia onartu da
2020ko azaroaren 16a
Hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzen deialdia onartu da
Nafarroako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du Hezkuntza Bereziko Beken eta Hezkuntza Laguntzako Berariazko premiak ditzten ikasleentzako Laguntzen deialdia 2020-2021 ikasturterako. Eskaera egiteko epea azaroaren 17tik abenduaren 17ra arte egongo da zabalik. Eskabideak www.nafarroa.eus webguneko eskabide-ereduaren arabera aurkeztu behar dira.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak gehienezko gastua baimendu du hezkuntza bereziko beketarako eta premia espezifikoak dituzten ikasleentzako laguntzetarako. Gastua gehienez 185.000 eurokoa izango da; horietatik 170.000 euro Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako etapetarako izango dira eta 15.000 euro Derrigorrezko Hezkuntza Ondoko laguntzetarako.
Hezkuntza Bereziko beken helburua da eskatzaileei honako ikastetxe hauetan edozein maila edo gradutako ikasketak egiteagatik sortutako gastua ordaintzen laguntzea: Hezkuntza Bereziko Zentroak, Hezkuntza Bereziko Zentroen Ordezko Gelak, landa-eremukoak (OG), Trantsizio Unitateak/TEA (Tu/TEA), Curriculum Bereziko Unitateak (CBU), Lanbide Heziketa Bereziko Zikloak (LHBZ) eta mugitzeko edo entzuteko desgaitasuna duten ikasleentzako lehentasunezko ikastetxe arruntak, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) taldeek proposaturikoak.
Bekak eskatu ahal izango dira jangelaren, garraioaren eta egoitzaren inguruko gastuak ordaintzeko. Zehazki, gehienez 300 euro emango dira jangela-gastuetarako (Hezkuntza Bereziko Zentroen Landa-eremuko Ordezko Geletako unitateen kasuan (OG) eta Trantsizio eta TEA unitateetan (TU/TEA). Garraiorako laguntza osoa 2.500 eurora bitartekoa izango da, eta egoitza bakoitzeko laguntza 1.800 eurora bitartekoa, familiaren etxetik ikastetxera bitarteko distantzia 30 km-tik gorakoa bada.
Premia espezifikoak dituzten ikasleak
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntzako eta DBHko hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleei dagokienean, laguntzak honako hauekin lotutako hezkuntza-premia berezietarako emango dira: desgaitasun psikikoa, fisikoa, sentsoriala edo mugitzeko desgaitasuna; portaera-nahasmendu larriak, adimen-gaitasun handiak, nahasmendu espezifikoak edo hizkuntza-atzerapen larria, logopedaren arreta behar badute; arreta- eta hiperaktibitate-urritasunagatiko nahasmendua eta zailtasun espezifikoak.
Kasu horietan, laguntzak hauek izango dira: 1.300 eurora bitarte hezkuntza-premien laguntzarengatik, 700 euro gaitasun handiak laguntzeagatik, eta 500 euro garraioarengatik. Unibertsitatez kanpoko derrigorrezko hezkuntza-ondoko ikasleen kasuan, desgaitasuna badute, 1.500 eurora bitarteko laguntza eta garraiorako 500 eurora bitarteko laguntza.
2020-2021 ikasturterako beken edo laguntzen eskabideak egiteko, on line eskaera-eredua bete behar da. Horretara sartzeko, ondorengoak identifikatu behar dira: NAN+Nafarroako Zerga Ogasunaren PINa, erabiltzailearen ziurtagiria (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa) edo G@koa sistema.
Onuradunen baldintzak eta bete beharreko baldintzak urriaren 19ko 432/2020 ebazpenean kontsulta daitezke (NAO).