2020ko azaroaren 9a

Nafarroak 1.166 MW-ko potentzia duten parke berriztagarrien 35 proiektu ebaluatu ditu

Gabonak baino lehen beste 32 ekimen aurkeztea aurreikusi da, eta horietatik 13 Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak ebaluatu beharko ditu
Irudi galeria

Guztira 35 proiektu berriztagarri ebaluatzen ari dira Nafarroan. Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentua  orain arte aurkeztu diren parke eolikoen 23 proiektuak eta 12 proiektu fotovoltaikoak aztertzen ari da. Proiektu horiek 1.166,7 MW-ko potentzia instalatua izango lukete.

Horietatik guztietatik 23 jada jarri dira jendaurrean, ingurumen-inpaktua deklaratu eta administrazio-baimena eman aurretik. 17 proiektu eoliko eta 6 fotovoltaiko dira.

Proiektu eolikoei dagokienez, horiek guztiak batuta guztira instalatutako potentzia 448,5 MW handituko litzateke. Ekimen guztiak Nafarroako hego erdialdean kokatzen dira, eta potentzia ezberdina dute. Proiektu garrantzitsuenak hauek dira: Pestrizeko parkea, Buñuelen, 49,5 MW-ko potentziarekin; Volandín, Ablitas, Fontellas, Tutera eta Murchanteko udal-mugarteetan, 45,6 MW; Corral del Molino II parkea, Tuteran, beste 45,6 MW-rekin; eta Valdetina parkea, Puiu, Tafalla eta Artaxoan, 40 MW-ko potentziarekin. Aurkeztutako gainerako proposamenen artean, Orkoiengo parkearen 5,8 MW eta Cascante II-ko 38,4 MW arteko potentziak biltzen dira.

Bestalde, jada jendaurrean jarri diren sei parke fotovoltaikoekin 189,36 MW-ko potentzia handia instalatuko litzateke. Proiektu handiena El Sasillo parkearena da, Cascanten, 50 MW-rekin. Ondoren daude Araiz, Erriberrin, 49,4 MW-rekin; eta Guardian, Corellan eta Tuteran, 37,17 MW-rekin.

Horiei eta oraindik analisi-fasean aurkitzen diren beste hamabiri aurreikusitako beste 32 eskaera batuko zaizkie laster, ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuan (abenduaren 24an amaituko da) ezarritako lehen mugarria betetzearren.

Gaur egun, jakin badakigu beste 17 proiektu eoliko ( guztira 845 MW-ko potentziakoak) eta 15 fotovoltaiko (1.250 MWp-koak) izango direla. Horietatik dozena bat Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikoaren Ministerioaren bidez izapidetu beharko dira, 50 MW-tik gorako parkeak edo bi Autonomia Erkidegori dagozkienak izateagatik.

Nafarroa, Europako erreferentea

Foru Komunitateak, une honetan, 1.251 MW-ko potentzia berriztagarri eolikoa eta fotovoltaikoa du instalatuta. Zati handiena zerbitzuan dauden 51 parke eolikorena da, 1.089 MW-rekin, eta horiei energia fotovoltaikoko 162 MW-ko beste batzuk gehitzen zaizkie.

Proiektu berrien bitartez, Nafarroako 2030eko Plan Energetikoan nahiz Europa mailan (azken energia osoaren kontsumoaren %50a jatorriz berriztagarria izatea) ezarritako helburuak lortzeko Nafarroak egindako apustua areagotzea aurreikusten da. Egun ezagutzen dugun azken datua %23,20koa da, 2018. urteari dagokiona.

Foru Komunitatea erreferentea da Europa mailan ekoizpen berriztagarrian, eta horri potentzial teknologiko eta industrial handia batzen zaio, sektoreko enpresa boteretsuenetako batzuen eskutik.

Nafarroako eta Europako Plan Energetikoan jasotako trantsizio energetikoko helburuek berriztagarriak bultzatzea eskatzen dute, eta hori Trantsizio Ekologikoko Estrategian (Navarra Green) ere zehaztu da; bertan, ingurumen, ekonomia eta gizarte arloko iraunkortasuneko 74 proiekturaino biltzen dira. Tartean aurkitzen da energia berriztagarriak bultzatzea, parke berriak hedatuaz eta ekosistema industriala indartuaz.

Ebakuazio-nodoak

Gaur egun, Nafarroan 400 kV-ko hiru nodo (Castejón, La Serna eta Muruarte) eta 220 kV-ko zortzi nodo (Cordovilla, La Serna, Muruarte, Erriberri, Orkoien, Zangoza, Tafalla eta Tutera) daude.

Nafarroako Gobernuak parke berri bat egiteko baimena eman dezan, izan eolikoa edota fotovoltaikoa, proiektuak sarbide- eta konexio-baimenak izan behar ditu, sarearen kudeatzaileak ematen dituenak (Sare Elektrikoa Garraio Sarearen kasuan).

Ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuaren bitartez, energia-arloko eta beste eremu batzuetako neurriak onartzen dira suspertze ekonomikorako, eta horren helburua zen Espainian berriztagarrien egoera arautzea, proiektu sendo eta bideragarrien jarraipena ziurtatuaz. Era horretan, proiektu berriak aurkezteko epeak ezarri zituen, bai sarrera-baimena jada bazutenentzat, bai, ekainaren 25a baino lehen eskatuta izanik, une horretan lortu ez eta beranduago lor zezaketenentzat. Aldi berean, irailaren 25a baino lehen, eskaerak erretiratzeko aukera eman zien sustatzaileei, inolako zigorrik ezarri gabe.

Egoera berri horri esker, Foru Komunitateko ebakuazio-nodo batzuek nolabaiteko maniobra-marjina izatera itzuli ziren, haien gaitasun handiena jada beteta bazegoen ere. Izan ere, 1.236 MW-ko uko egiteak aurkeztu ziren (387,37k sartzeko baimena bazuten jada, eta beste 849 eskaera-izapidean aurkitzen ziren).

Gaur egun, Sare Elektrikoaren datuen arabera, Nafarroak 3.466 MW ditu zerbitzuan jartzeko, eta sarbide- eta konexio-baimena badute edo soilik sarbide-baimena. Bolumen horretan aurkitzen dira prentsa-ohar honetako lehen atalean sartutako proiektuei dagozkien MW-ak. Gainera, oraindik baimenik ez duten beste 2.435 MW sarbide-eskaera daude.