2020ko azaroaren 3a

Nafarroako Gobernuaren eta Kataluniako Generalitatearen arteko lankidetzari esker, 1938ko maiatzean Ezkabatik ihes egindako pertsona baten gorpuzkiak berriro identifikatu dira

Bi erakundeek hitzarmen bat dute, eta irailetik DNA banku publikoen laginak partekatzen dituzte; horri esker, Ramon Haro Gomez identifikatu dute
Hobitik ateratako gorpuzkiak Usetxin (Esteribar), 2016ko abuztuan
Hobitik ateratako gorpuzkiak Usetxin (Esteribar), 2016ko abuztuan  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuaren eta Kataluniako Generalitatearen arteko lankidetzari esker, 1938ko maiatzean Ezkaba mendian San Kristobal gotorlekuan izandako ihesaldian parte hartu zuen presoetako bat zen Ramon Haro Gomezen gorpuzkiak identifikatu ahal izan dituzte, zeina 2016ko abuztuan aurkitu eta atera zuten Usetxin (Esteribar).

Gorpuzkia semeak emandako lagin bati esker identifikatu ahal izan da, Bartzelonako Vall d'Hebroneko Unibertsitate Ospitaleko Genetikako laborategian utzi baitzuen, Kataluniako Generalitateko identifikazio genetikoaren programaren barnean. Nafarroako Gobernuak eta Generalitateak irailean sinatutako hitzarmenaren esparruan, Direcció General de Memòria Democràticak, familiaren baimenarekin, profil genetikoa Nafarroako Memoriaren Institutura bidaltzeko lanak kudeatu zituen. Modu horretan, hobitik ateratako hezurrekin alderatu ondoren, identifikazio genetikoa egin ahal izan da.

Ramón Haro Gómez, Encinas de Abajoko jornalaria (Salamanca), ezkonduta zegoen, eta bi seme-alaba zituen. San Kristobal gotorlekuko presondegira (Ezkaba mendian) 1937ko ekainaren 19an iritsi zen, 25 urte zituela, Hilario anaiarekin eta Encinas de Abajoko beste bost bizilagunekin batera. Horietako lauk 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldian hartu zuten parte, atxilotu egin zituzten, baina bizitza salbatu zuten. Ramón Harok Usetxiraino (Esteribar) iristea lortu zuen beste bi lagunekin, eta, han, atxilotu eta alkatearen etxera eraman zituzten. Beranduago, hiru presoak Patzaranzokoetako larrera eraman eta guardia zibilak erail zituen maiatzaren 24an. Ondoren, auzotar batzuk belardiaren hegalaren beheko aldean lurperatzeaz arduratu ziren, bidea mugatzen duen hesiaren ondoan. Fermin Ezkieta ikertzaileak lortutako informazioari esker, Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariek hobia aurkitu eta hobitik atera ahal izan zuten 2016ko abuztuan.

Ramonekin ihesaldian eraildako bost preso dira jada identifikatu ahal izan direnak. Identifikazio-lanak NASERTIC enpresa publikoko laborategi genetikoak garatu ditu, baina zailtasunak egon dira hezurren zati handi baten kontserbazio-maila eskasa medio eta hobitik ateratako gorpuzkien identitateari buruzko aurretiko hipotesirik ez izateagatik. Identifikazio horiek egin ahal izaten dira eraildako pertsonen senideen lagin genetikoari esker, penintsulako geografia osoan zehar sakabanatuta egonik. Nafarroako DNA Bankuak 243 espediente ireki ditu orain arte biktimen senitartekoei laginak hartzeko, eta horien artean ihes egindako eta hildako 206 pertsonatatik 38ri.

Nafarroako Memoriaren Institutuak lankidetzarako deia egiten du, egon daitezkeen hobiak ez ezik, iheslarien senitartekoak ere aurkitzeko, haien lagin genetikoekin identifikazio berriak egin baitaitezke.