2020ko urriaren 30a

BPG %15,7 igo da Nafarroan urteko hirugarren hiruhilekoan

Industriaren eta eraikuntzaren sektorean oinarritu da, batez ere, jardueraren susperraldia
Irudi galeria

La recuperación de la actividad se ha apoyado fundamentalmente en el sector industrial y la construcción

Barne Produktu Gordina (BPG) %15,7 hazi da Nafarroan 2020ko hirugarren hiruhilekoan. Hiruhileko honetan gorakada nabarmena izan da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, martxotik ekainera izandako beherakada handia orekatuz. Nafarroako ekonomiaren susperraldi hori industriaren eta eraikuntzaren sektorean oinarritu da batez ere.

Urte arteko datuei erreparatuta, Nafarroako BPG % 6,1 jaitsi da eta horrek, jarduerak COVID-19 pandemiaren aurreko mailaren azpitik jarraitzen duela adierazten du. Urte arteko alderaketan, egoera Espainian baino hobea da, izan ere, BPG nazionalak % 8,7ko beherakada izan du 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta.

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun sailburuak datuen aurkezpenean adierazi duenez, "ekoizpen sektoreen arabera, industriak susperraldi zantzuak ditu. Sektore horren bilakaera oso baldintzatuta dago garraio-materialaren adarrean; izan ere, ekainera arte jarduera-maila oso txikia izan zuen eta udan pixkanaka suspertzen joan da ".  Saizek gaineratu duenez, "urritik aurrera adar horretako ekoizpen-erritmoa bizkortu egin da eta horrek manufaktura-sektoreak urtearen azken zatian aurrera egitea eragin dezake. Hala ere, Espainiako eta Europako osasun egoera zailak zuhurtzia eskatzen du; izan ere, hornidura kateetan arazoak sor litezke berriro, eta dagoeneko hasi dira ikusten, kanpoko eskaria hoztuz ".

Zerbitzuen jarduerak, bestalde, gora egin du murrizketak malgutu ahala, baina gure erkidegoan kutsatzeen gorakadak adierazleen berrerortzea ekarri du abuztutik aurrera.

Sailburuak azpimarratu duenez, "kutsadura-kurbaren gorakadak eragin nabarmena izan dezake kontsumoan ere. Irailean txikizkako merkataritzaren indizea % 1,4 hazi bada ere, familien kontsumoa ahuldu egin daiteke urtearen azken zatian ".

Enpleguari dagokionez, jardueraren hazkundea lan-merkatura igaro da eta bigarren hiruhilekoko ekoizpen-paralisiaren ondoren suspertzen hasi da. Gizarte Segurantzak 6.210 langile batu ditu ekaina eta iraila bitartean, guztira 286.595 afiliatu. Enplegu-sorreraren ondorioz, langabeen kopuruak nabarmen egin du behera.

Etorkizuneko egoera posibleen inguruan, Elma Saizek azpimarratu duenez, "hirugarren hiruhilekoan jardueraren gorakada espero baino handiagoa izan da eta urte osoan BPGren beherakada Foru Gobernuak aurreikusitako % 10,2koa baino leunagoa izan daiteke".

Nolanahi ere, pandemiak markatutako garai honetan kopuruak arretaz hartu behar direla esan du sailburuak eta Nafarroako koadro makroekonomikoaren aurreikuspenak mantentzen direla gogorarazi du, "AIReFek bermatu dituen eta 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak egiteko oinarri gisa balio duten aurreikuspenak".