2020ko urriaren 29a

Chivite Lehendakariak zerbitzu publikoen eta ekonomia berritzailearen defentsa egin du COVID-19aren pandemiak markatutako urte honetan

Nafarroaren ongizatearen aldeko batasun eta topaketa instituzionalaren alde egin du
María Chivite Lehendakaria.
María Chivite Lehendakaria.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Martxoan koronabirusa agertzeak eta ondorengo osasun eta ekonomia krisiak legealdi honen zati handi bat markatu dute. Hala nabarmendu du gaur Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan, eta gogorarazi du Gobernuaren ahalegin gehienak pandemiaren ondorioak arintzera bideratu direla eta bideratzen jarraitzen dutela, "zerbitzu publikoak indartzera eta ekonomia berritzailea eta inklusiboa bultzatzera".

Lehendakariak, COVID-19aren biktimak gogora ekartzeaz gain, era batera edo bestera pandemia arintzen lagundu duten pertsonen eta herritar guztien "eskuzabaltasuna eta profesionaltasuna" eskertu nahi izan ditu, eta pandemiaren “erronka historikoa” nabarmendu du. Ildo horretan, koronabirusak Nafarroan izandako ondorioak azpimarratu ditu, “bizitzen kostu onartezinetik”, atzora bitarte 695 hildako izanda, “inpaktu ekonomiko itzeleraino”, BPGda %9 eta 10,2 artean jaitsita eta diru-sarrerak %9,7 murriztuta urteko hirugarren hiruhilekoan.

Hala eta guztiz ere, Nafarroako Lehendakariak “inbertsio sozialarekiko konpromisoa” agertu du. Konpromiso hori medio, Nafarroako aurrekontuaren erdia baino gehiago gastu sozialerako erabiltzen da egun. “Politika publikoak, lehentasunak eta gobernatzeko gure era modu horretan ulertzen ditugu. Zerbitzu publikoak indartzea, ekonomia berritzailea eta inklusiboa bultzatzea, arrakalak etetea pertsona ahulenekiko konpromiso izugarriarekin eta hazkunde-eredu iraunkor baterantz aurrera egitea”, azpimarratu du.

Lehentasun horiek, gainera, datozen ekitaldiari begira indartu egingo dira orain negoziatzen ari diren aurrekontuekin; izan ere, gastu-muga 208 milioi euro gehitzea aurreikusten da, 4.464 milioi eurora iritsi arte. Chivite Lehendakariak adierazi du helburua “Nafarroarako proiekturik onena lortzea dela; hau da, ondorengoak islatuko dituen proiektua: osasuna eta hezkuntza bezalako zerbitzu publikoen aldeko apustua, pertsona ahulenak babestea eta artatzea, ekonomia eta enplegua aktibatzeko eta bultzatzeko neurriak eta berdintasuna errazten duten politikak”.

Proiektuaren zati bat jada zehaztu da Nafarroa Suspertu Planean, “legegintzaldi honetako ibilbide-orria markatuko duenean” eta Nafarroak hemendik 2026ra atzo aurkeztutako Next Generation Europako berreskuratze-funtsen babesean  garatu nahi dituen beste 125 proiektu baino gehiagotan. “Funts horiek oso garrantzitsuak izango dira jada aurreikusita eta identifikatuta genituen inbertsioak eta eraldaketak bizkortzeko; adierazi du Lehendakariak.

‘Batasun eta indar instituzionala’

Dena den, helburu horiek lortzeko, Chivite Lehendakariak deia egin die Parlamentuan ordezkaritza duten talde politikoei. “Egoeraren eta herritarrek eskatzen zigutenaren mailan egotea erakutsi duzue”, adierazi du Lehendakariak, eta Gobernuak aurkeztutako dekretu guztiak onartuaz azken hilabeteetan erakutsitako lankidetza eskertu ondoren, berriro ere “batasuna, sendotasun instituzionala, demokratikoa eta herritarra”, eskatu dizkie.

“Ditugun baliabide guztiekin lanean jarraitzea eta gure gizartearen ongizatea lehenestea besterik ez da geratzen; hori guztia bizikidetza-esparru anitzean eta integratzailean”, bultzatu du. Chivitek “lasaitasuna” eskatu die ordezkari politikoei. “Lagun dezagun erakundeetatik, politikatik, gure egitekoa duin egiten, erabilgarriagoa, proposatzaileagoa eta adostasunera bideratuagoa eginaz, bidezko desberdintasuna garatuta eta ideiak eztabaidatuta, baina elkartzeko borondatearekin”, proposatu du.

Departamentuen lana

Gobernuaren jardueraren balantzea egiterakoan, Chivitek Foru Exekutiboa osatzen duten departamentu ezberdinen lana aztertu du. Modu horretan, adibidez, enplegu publikoa sendotzeko neurriak onartzea nabarmendu du, 715 plazako EPEarekin, edo Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren lehen Plana egiteko proiektua, Foruzaingoa Nafarroako erreferentziazko polizia moduan sendotzeaz gain, laster trafiko-eskumenak transferituta.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzari dagokionean, legegintzaldi honetan lana markatzen duten funtsezko bi ardatz nabarmendu ditu Lehendakariak: batetik, eraikuntza iraunkorra alokairuko etxebizitzaren plan publikoan eta, bestetik, birgaitzea, hiri-berroneratzea eta lehendik dagoen hiria berreskuratzea bultzatzea. Horien barnean hainbat jarduera finkatzen dira; hala nola, alokairuko etxebizitza babestuen sustapena gehitzea eta Nafarroak eraikuntza iraunkorrean duen egitekoa.

Lurralde Kohesioari dagokionean, berriz, Exekutiboak Despopulazioaren aurka Borrokatzeko Batzordea jarri du abian, prebentzio-neurriak hartu eta Nafarroako herriak bertan behera geratzea saihesteko helburuarekin. Horietan zerikusi handia dute elkar konektatzeko obra publikoek. Horien artean gehien nabarmentzekoak dira, Lehendakariaren esanetan, N-121-A errepideko jarduerak, Nafarroako Kanala edo prestazio altuetako trena, Exekutiboak Nafarroako kontzejuak eta udalerriak finantzatzeko Toki Ogasunen Parte-hartze Funtsetik jarritako 236,3 milioi euro ere ahaztu gabe.

Bestalde, Foru Ogasunaren funtsezko bi helburuak, Lehendakariak adierazi moduan, hauek dira: “zergadunari laguntzea zerga-betebeharrak bete ditzan eta zergen kontrola”. COVID-19ak markatutako urte honetan, Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuak neurri ezberdinak jarri ditu abian, talde horiei zerga-betebeharrak betetzen laguntze aldera, batik bat telematikoa den errenta-kanpainaren bitartez. Horrez gain, premiazko neurri fiskalak ere jarri ditu abian, Nafarroako ekonomia-ehunaren likidezia eta, bereziki, autonomo eta eteena errazteko.

Halaber, Garapen Ekonomikoaren eta Enpresarialaren arloak arreta berezia eskaini die pandemiaren ondorioei; era horretan, 7.300 ERTE espediente izapidetzeaz gain, COVID-19 berme-programa abian jarri du, 100 milioi eurora bitartekoa, enpresei likidezia injektatzeko. Horri gehitu behar zaizkio, gainera, beste 24 milioi euro, batik bat turismo eta merkataritzako sektoreetako autonomoentzako laguntza moduan, krisiak gehien kaltetutakoak izateagatik. Horrela, talka-plan bat egin da datozen bi urteetarako, jarduera turistikoa bultzatzearren.

COVID-19aren aurreko arreta-erremintak

Pandemiaren ondorioak zeharkakoak izan dira, baina, ezbairik gabe, arlo batzuetan horiek handiagoak izan dira. Tartean, biztanleria migratzailea aipatu behar da. Modu horretan, Migrazio Politikak eta Justiziak bizitegi-larrialdien aurreko erantzun ezberdinak koordinatzen lan egin dute, tartean larrialdiko etxebizitzak, edota gizartetik baztertzeko egoeran aurkitzen diren eta COVID-19an positibo eman duten pertsonentzako bizilekuak bilatzen. Horrez gain, Justiziako zerbitzu publikoa mantentzea lortzeko ahalegina egin da, pandemia izan arren, “eskubideak bermatzeko bere lana egiten jarraitu baitu”, adierazi du Lehendakariak.

Hezkuntza arloak ere errealitate berrira egokitu behar izan du. Nafarroa Kontingentzia Plana aurkeztutako lehen erkidegoa izan zen, aurrez aurreko klaseen alde apustu eginez. “Ikastetxeak irekitzea funtsezkoa zen”, nabarmendu du Lehendakariak, eta gogoratu du 47 milioi euroko inbertsioa egin dutela ikasturtea modu seguruan hasteko eta 666 irakasle berri kontratatzeko. Hori guztia “bikaintasuneko eskola publikoaren, inklusiboaren, koedukatiboaren eta aukera-berdintasuna kontuan hartzen duenaren” alde egindako apustua ahaztu gabe.

Eskubide Sozialetan, COVID-19a agertzearekin, jarduerak areagotu egin behar izan dira gehienbat kaltetutako hiru eremutan: adinekoak eta mendekotasuna, gizarte-inklusioa eta enplegua. Lehenengoan, kontingentzia-plana sortu eta egoitza-zentro guztiak monitorizatu ziren, kutsatzeak saihestearren. Inklusioari dagokionean, plantilla indartzeaz gain, aurrekontu-zuzkidura handitu da Gizarte Zerbitzuen funtzionamendua ziurtatzeko. Enpleguaren aldetik, berriz, langabeak kontratatzeko laguntzak gehitu dira, eta 2,9 milioi euroko aparteko laguntzak eman dira ERTEk eragindako langileentzat.

Zalantzarik gabe, Osasunak pairatu du pandemiaren pisurik handiena. “Errekor denboran osasun-sistema osoa berrantolatu behar izan genuen, eta, lehen olatua oso gogorra izan bazen ere, sistemak eutsi egin zion, gaitasuna erakutsi zuen, eta handitasuna, neurri handi batean, bere profesionaletan dagoela gogorarazi zigun batik bat”, adierazi du Lehendakariak. Pandemiari aurre egiteko 60 milioi euro jarri direla gogoratu du. Orain, bigarren olatuan, detektatzeko probak areagotu dira, osasun-mailako sare publiko eta pribatu osoa biltzen duen sistema integratua aktibatu da, eta pandemiari aurre egiteko hobekuntza teknologikoak bultzatu nahi dira.

Beste arlo batzuk

Chivite Lehendakariak Parlamentuko taldeen aurrean emandako hitzaldian gogoan izan ditu, baita ere, hilabete hauetan jarduera garrantzitsua egin duten beste departamentuak, COVID-19arekin edo gabe. Era horretan, Herritarrekiko Harremanen Departamentuaren egitekoa gogoratu du, “Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen politiken” bultzatzaile gisa eta Nafarroak kanpora begira duen proiekzio gisa. Ildo horretan, Bizikidetzako Plan Estrategikoa izatea garrantzitsua dela esan du, dagoeneko lantzen ari direna. Laster, gainera, Europako Proiektuen Bulegoa jarriko dute abian.

Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitalari dagokionean, Chivitek NUPeko Osasun Zientzietako hurrengo eraikuntzaren egoeraren eta Nafarroako I+G+d sistemaren (SINAI bezala ezagutzen dena) errepasoa egin du; baita, ikerketa eta talentuaren sustapeneko azken jarduerena ere. Horrez gain, Nafarroak digitalizazioan duen indarra nabarmendu du, Nafarroako 2020 Estrategia Digitalean jasoa; bertan kokatzen da Banda Zabalaren eta 5Gren bigarren Plan Zuzentzailea, datorren astean aurkeztuko dena.

Nafarroa bezalako komunitatean, nekazaritzak pisu espezifikoa du, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak azken hilabeteetan lanik handiena COVID-19aren inguruan egin du, 7,3 milioi euroko laguntza-lerro ezberdinak abian jarrita eta, besteak beste, abeltzaintzako ustiategietarako eta nekazaritzako elikagaien industrietarako protokolo ezberdinak eginda. Hori alde batera utzita, Nafarroako Baso Agenda 2019-2023 azaroan onartu zen, eta, bertan, baso-politikaren estrategia eta horren plangintza-tresnak eguneratzen dira.

Kultura eta kirol arloan, pandemia inflexio-puntua izan da. Sektore horiek zerbaitegatik kaltetu ditu gogor koronabirusak, ekitaldiak bertan behera uztera, atzeratzera eta berrantolatzera behartu baititu, birusa kontrolatzeko osasun-neurri gogorrekin. Osasun Departamentuaren, Udalen eta NICDOren koordinazioarekin, ziklo berriak antolatu eta ohikoenetariko batzuk egokitu ahal izan dira. Gainera, aurten, kulturari bultzada handia eman zaio 30 urtetik beherakoentzako Sustapen Artistikorako Saria sortuta. Kirolari dagokionean, berriz, “elkarrizketarako eta parte hartzeko lan izugarria” nabarmendu du Lehendakariak, deseskalatzeko protokoloak sortu eta normaltasun berrian kirola praktikatzea bultzatze aldera.