2020ko urriaren 28a

Foru Gobernuak 3,3 milioi euro mantendu ditu 2020/2021 ikasturteko unibertsitateko beken deialdirako

NAOn gaur argitaratu da deialdi berria, zeinaren eskaera telematikoki egin beharko den

Nafarroako Aldizkari Ofizialak (NAO) gaur asteazkena, urriak 28, argitaratu du 2020/2021 ikasturteko unibertsitateko beken deialdia, 3,3 milioi euroko kopurua mantenduz eta zeinen eskaera telematikoki egin beharko den. Laguntzak ikasleek beraiek eskatu beharko dituzte modu telematikoan Cl@ave, ziurtagiri digitala edo NAN+PIN zenbakia erabiliz, www.navarra.es atarian horretarako argitaratuko den fitxa erabiliz.

Ikasturte honetako berritasunak

Aurten, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren (HZM) deialdiak bete beharreko baldintzak beheititu ditu, ikasle gehiagok beka eskuratzeko xedez. Nafarroako Gobernuaren deialdia Ministerioak ematen dituen laguntzen osagarria denez gero, oroitarazi beharra dago derrigorrezkoa dela laguntza hori eskatzea horretarako baldintzak betetzen direnean, bestela ukatu eginen baita Foru Gobernuaren laguntza.

Nafarroako Gobernuaren deialdiak ere beheititu ditu laguntza lortzeko  baldintzak. Eskakizun akademikoez den bezainbatean, laguntza lortzeko aitzineko ikasturtean gaindituriko kredituen ehunekoa gutxitu da, eta ez dira ez-gainditutzat joko COVID-19aren ondorioz bertan behera utziriko ikasgaiak.     

Alderdi ekonomikoei dagokienez, berriz, 1. errenta-muga handitzeaz gain, jaso daitekeen gehienezko zenbatekoa eguneratu da, erreferentziatzat hartuz indarrean dagoen Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS), eta ez da deskontatuko Ministerioak ikasketa-espedientegatik ematen duen laguntzaren zenbatekoa. Era berean, ezohiko laguntza jasotzeko, aurreko deialdietan aurreikusiriko kasuak ez ezik, kontuan izanen da 2020an egoera ekonomikoak okerrera egin duela 2019arekin alderatuz gero, COVID-19a dela eta aurten ezarririko alarma-egoeraren ondorioz.  

Ikasleak aitzineko ikasturtean gainditu gabeko ikasgaiak dituenean baizik ez zaie penalizazioa aplikatuko bizitoki eta garraiorako laguntzei.

Deialdiak duen beste berritasun bat da familia-errenta erabilgarria kalkulatzean kenkari bat ezarriko dela Familia Unitatea guraso bakarrekoa dela egiaztatuz gero.