2020ko urriaren 27a

Nafarroak eta Estatuak Erribera kalitatezko urez hornitzea adostu dute, ubidearen bigarren fasean bi hodi aldi berean eraikiz

Proiektuak Europako laguntzak jaso ditzake, eta giza kontsumorako, ureztapenerako eta industriarako ur-beharrak bermatuko ditu, eta eremuaren garapen ekonomikoan aurrera egitea ahalbidetuko du, baita klima-aldaketaren ondorioak arintzea ere
videocam La Presidenta Chivite informa de novedades de la II Fase del Canal de Navarra collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak Erribera kalitatezko urez hornitzea adostu dute gaur, Nafarroako Ubidearen 2. fasean bi hodi aldi berean eraikiz. Akordioa, proiektuaren errentagarritasun soziala eta estrategikoa lehenesten duena, Nafarroako Ubidea-Estatuaren jarraipen batzordearen bileran eta Canasako Administrazio Kontseiluan lortu da, Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak jakitera eman duenez. 

“Nafarroako Erriberara kalitatezko ura eramatea lehen mailako lehentasuna da zuzentzen dudan gobernuarentzat. Ubidearen 2. fasearen proiektua Foru Exekutibo honen ibilbide-orrian egon da hasiera-hasieratik. Gaur, bi administrazioen artean (Nafarroa eta Estatua) lortutako akordioak erakundeen arteko ulermena eta lankidetza erakusten du, eta, horri esker, Erriberako 70.000 biztanle baino gehiagori kalitatezko aho-ura eraman ahal izango diegu; halaber, aukera emango digu ureztatzeko eta industria-arloko ur-premiak bermatzeko, era horretan lurraldearen orekan eta inguruneko garapen ekonomikoan aurrera eginaz”, adierazi du Chivite Lehendakariak.

Hitzaldian, Lehendakariak baita ere nabarmendu du “Nafarroako Ubidearen bigarren faseko proiektu honek laguntzak lortu ahal izango dituela Europako Berreraikuntza Planetik”. Horrez gain, garrantzitsua dela esan du klima aldaketari aurre hartzeko eta horrek izan ditzakeen efektuak arindu ahal izateko, ingurumen-arloan erronkarik nagusienetarikoa izanik.

Ubidearen 2. fasea, Nafarroarako proiektu estrategikoa

Nafarroako Ubidearen 2. fasean, 70 kilometro inguruko luzerako garraio-azpiegitura eraiki behar da, kalitatezko aho-ura eraman ahal izateko Erriberako 70.000 biztanle baino gehiagorentzat. Horren inguruan, gogoratu behar da sarritan akatsak antzematen direla Erriberan giza kontsumorako hornitutako uraren gaitasunean, eta hori gertatzen dela Lodosako Ebro-Kanaletik, kanal inperialetik eta putzuko uretatik datozen hornidura-iturrietako uraren kalitate txarra medio, INTIA SA eta NILSA enpresek egindako azterketen arabera (2016). Era berean, 2. faseko proiektu honen bitartez, 21.522 bat hektarea ureztatu ahal izango dira.

Horrez gain, proiektu estrategiko bat da, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planeko oinarrietan zein Erriberako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian jasotzen denaren arabera, Komunitatearen lurralde-garapen iraunkorrean eta Erriberaren garapen ekonomikoan aurrera egin ahal izateko eta klima-aldaketaren efektu posibleak arintzeko (tenperatura igotzea, lehorteak edo uholdeak bezalako muturreko fenomeno meteorologikoak, eskaera hidriko handiagoak,…). Azken alderdi horri dagokionean, kontuan izan behar dira eredu klimatikoek aurreikusten dituzten arrisku-egoerak. Nafarroako Ubidearen 2. faseko zonarako, epe ertain eta luzeko aldi baterako bi egoeratan eskualdekatutako lau proiekzio aztertu dira (2020-2060 eta 2061-2100). Egoerarik onenaren arabera, prezipitazioak %3,6 gutxitzea espero da 2060. urterako eta %5,8 2100. urterako; egoera okerrena kontuan hartuta, berriz, jaitsiera %5ekoa izango litzateke 2060rako eta %10ekoa 2100erako.

Hautatutako aukeraren abantaila nabarmenak

Nafarroako Ubidearen 2. fasearen proiektua Canasak agindu eta UTE Ingiopsia-Eptisa enpresak egin zuen. Gogoratu behar da azterketak aukera ezberdinak eskaintzen zituela ura Erriberara eramateko: zeru irekiko kanala; trazadura ezberdineko presiozko hodiak; aldi berean eraikitako bi hoditeria (dekalajerik gabe); lehenengo bat eta ondoren bigarrena eraikitako bi hodi (dekalajearekin); eta, azkenik, hoditeria bakarra eraikitzea.

Ingurunearen eta lurraldearen gaineko inpaktua, bideragarritasun sozioekonomikoa edo bideragarritasun teknikoa bezalako alderdiak aztertu eta gero, aukera "onena" moduan ikusi dira dekalajearekin edo dekalajerik gabe bi hoditeria eraikitzeari buruzko bi aukerak.  

Azkenik, “dekalajerik gabeko bi hoditeria” aukera hautatu da, proiektuaren errentagarritasun sozial eta estrategikoari lehentasuna emanaz. Irtenbide horrek abantaila nabarmenak ditu aztertutako beste aukeraren aurrean (bi hoditeria dekalajearekin). Lehenik eta behin, bigarren faseko ingurune ureztagarri osoa azkarrago garatzeko aukera eskaintzen du, hasieratik 21.522 hektarea ureztatzeko aukera emanaz. Halaber, plangintza estrategikoa egiteko aukera eskaintzen du nekazaritzan eta industrian eta hiri-horniduran.

Modu berean, bi hoditeria aldi berean eraikitzeak hornidura-berme handiagoa emango du izan daitezkeen matxuren edo mantentze-lanen aurrean. Faktore hori oso garrantzitsua da ureztatzeei nahiz hornidurei dagokienean.

Nabarmentzekoa da, baita ere, ingurumenaren eta arkeologiaren aldetik eragin txikiagoa izango duela lurraldean, esku-hartze bakarra egiteagatik. Era berean, paisaia eta ingurumena berreskuratzeko lanak mugatuagoak izango dira denboran.

Azkenik, ekonomiaren ikuspegitik, hautatutako irtenbideak bi hoditeria dekalajearekin eraikitzeko aukerak baino aurrekontu txikiagoa du: 220 milioi euro dekalatutako aukeraren 225 milioi euroko aurrekontuaren aurrean.