Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak Gazteriaren Kontseiluarekin duen lankidetza berritu du, gazteen asoziazionismoa eta parte-hartzea sustatzeko
2020ko urriaren 26a
Nafarroako Gobernuak Gazteriaren Kontseiluarekin duen lankidetza berritu du, gazteen asoziazionismoa eta parte-hartzea sustatzeko
Nafarroako Gobernuak eta Gazteriaren Kontseiluak gazteen parte-hartzea eta asoziazionismoa sustatzeko lankidetza hitzarmena berritu dute. Akordioak 153.000 euroko zuzkidura ekonomikoa du. Foru Exekutiboaren aldetik, Carlos Amatriain Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendariak eta Juan Gutierrez CJNko presidenteak sinatu dute hitzarmena.
Gazteen parte-hartzea sustatzeko, hitzarmenean jasotakoaren arabera, gazteei informazioa eman behar zaie parte hartzeko eskura dituzten espazioen eta programen inguruan, elkarteentzat eta gazteentzat interesgarriak izan daitezkeen arloei buruzko eztabaida- edo sentsibilizazio-jardunaldiak egin behar dira edota talde horretako elkarteekin bilerak egin.
Era berean, hor sartzen dira instituzio-mailan gazteekin hitz egiteko prozesuan parte hartzea, gai garrantzitsuei buruzko proposamenak aurkeztea edo gizarte- eta lan-arloko arreta, informazioa eta orientazioa ematea eta etxebizitza, besteak beste.
Gogoratu behar da Gazteria Kontseilua zuzenbide publikoko erakundea dela eta Foru Komunitateko garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean gazteen parte-hartzea sustatzeko helburua duela; baita, gazteriaren eskubideak zaintzea ere, gazteen diskriminazioa eta baztertzea eragotziaz eta haien erabateko garapena bultzatuaz.
Etorkizuneko helburuak
Nafarroako Gazteria Institutuaren (NGI) eta Gazteria Kontseiluaren etorkizuneko helburua da aipatu Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamenduko oinarrizko arauak ezartzen dituen Foru Dekretua eguneratzea, araudia zaharkituta geratu delako eta nahikoa ez delako gazteek parte hartzeko modu berrietara egokitzeko.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gazteria Institutuaren bitartez, araudi berria egiteko parte-hartze prozesua irekitzeko ibilbide-orria definitu du, gazteen mugimendu berriak ahalbidetu eta egungo errealitatera hobeto egokitzearren.
Araudiak Nafarroan gazteen asoziazionismoak parte hartzeko duen erreminta handiena eratuko du, horren funtzionamendua erregulatzearekin batera. Horrez gain, prozesuari esker, Foru Exekutiboak gazteriaren arloan duen programa-akordioko neurrietako bat landu ahal izango da; hots, Nafarroako gazteen eta lurraldeen elkarte-errealitate berrira araudia eguneratzea, egokitzea eta garatzea.