2020ko urriaren 21a

Gobernuak eta Pirinio Atlantikoek mugaz gaindiko lankidetzarako esparru-akordioa berritu dute 2024ra arte

Bere sei ardatzetan lan-ildo berriak sartuko ditu, hala nola memoria, eleaniztasuna, kultura, gizarte-ekonomia edo produktu ekologikoaren sustapena
Irudi galeria

Gobernuak eta Pirinio Atlantikoek mugaz gaindiko lankidetzarako esparru-akordioa berritu dute 2024ra arte

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, akordio bat onartu du zeinaren bidez  Pirinio Atlantikoetako Departamentuarekin (Akitania Berria) 2024ra arte mugaz gaindiko lankidetzarako esparru akordioa berrituko den. Jarduera-ardatz nagusiak herritarrak eta gizartea, lotura eta mugikortasuna, arriskuen kudeaketa eta ingurumena izango dira.

Hitzarmena Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Mikel Irujo Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak prentsaurreko baten bidez aurkeztu dute gaur goizean. Lau urteko indarraldia izango du eta sei jarduera-ardatzetan oinarritutako ekintza-plan espezifiko baten bidez garatzen da.

Aurkezpenean, Ollok nabarmendu du sail ezberdinek ahalegin berezia egin dutela “hitzarmenaren ekintza-plana berrikusteko eta eguneratzeko, ildo estrategiko berriak sartuz, hala nola kultura-arloko lankidetza, tokiko produktua eta produktu ekologikoa sustatzea edo gizarteratzea eta gizarte-ekonomia”.

Kontseilariak esan duenez, inguruko eskualdeekiko lankidetza “modu normalizatuan egin behar da eta aukera gisa ulertu behar dugu. Horregatik, hasieratik lankidetza ireki eta normalizatuaren aldeko apustu sendoa egitea erabaki genuen, besteak beste, Pirinioetako Lan Komunitatean, Pirinioez gaindiko Konferentzia Atlantikoan edo Euroerregioan. Horrelako ekintzek -amaitu du- mugaz gaindiko lurralde adimentsuago, berdeago, konektatuago, sozialago eta hurbilago baterantz bultzatzen gaituzte".

6 jarduera-ardatz

Hitzarmenaren Ekintza Planak sei jarduera-ardatz hauek zehazten ditu:

-Lotura eta mugikortasuna: mugaz haraindiko bide berdeak, neguko bideak egiteko gailuak, Done Jakue Bidearekin zerikusia duten turismo proiektuei laguntzea eta konektibitate digitala.

-Arriskuen kudeaketa: mugaz gaindiko larrialdi-zerbitzuak antolatzea eta Donejakue Bidearen segurtasuna eta egokitzapena hobetzea.

-Ingurumena eta mendiko lurraldeen garapen jasangarria: mugaz gaindiko eremuetako hurbileko proiektuak, ingurumena eta energia berriztagarriak.

- Gizarte- eta lurralde-berrikuntza: lurralde-garapena, tokiko produktuaren eta nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren sustapena; helburu turistiko-gastronomiko- elikagaietako bakarra eta laneratzea eta gizarte-ekonomia.

-Herritartasuna eta gizartea: kultura eta artxiboak, kirola eta osasuna, memoria historikoa, berdintasuna, gazteria eta eleaniztasuna eta euskara.

-Foru Gobernuaren plan sektorialekin eta Pirinio Atlantikoetako helburu estrategikoekin bart datozen mugaz haraindiko oztopoak eta interes komuneko proiektuak atzematea.

Hamar urteko lankidetza

2011ko martxoan, bi erakundeen arteko mugaz gaindiko lankidetzarako lehen esparru-akordioa sinatu zen Pauen. Hitzarmen horretan, harreman estuak izateko asmoa azaltzen zen mugako bi lurraldeen garapen ekonomiko handiagoa lortzeko, horrela, proiektu komunak sustatuz.

Akordio horretatik eratortzen ziren gehigarriak sinatu ziren 2014 eta 2017an ; horietan, besteak beste, azken hamar urteetan arriskuen kudeaketan, lurralde-garapenean, turismoan, mugikortasunean, kulturan, kirolean, gazterian eta berdintasunean garatu diren lankidetza-ildoak eta ekintzak zehazten ziren.

2020an, esparru-akordioak 10 urte bete ditu; akordio honek Baionako Itunean hura berritzeko ezarritako muga zehazten du. Beraz, orain lankidetza-konpromisoa berritu behar da beste akordio baten bidez.