2020ko urriaren 19a

2020ko uda 736 hektareako azalera erreta amaitu da

Nafarroako suhiltzaileek 501 esku-hartze egin dituzte landaredi-suteengatik

Nafarroan, suteak prebenitu eta itzaltzeko 2020ko udako kanpaina 736,67 hektareako azalera erre batekin itxi da. Horretarako, Suhiltzaileen Zerbitzuak 501 esku-hartze egin behar izan ditu.

Beste urte batzuekin alderatuta, 2019an 474,87 hektarea erre ziren; hau da, iazko urtean kaltetutako baino %55 gehiago aurten eta 2018an baino %4,3 gutxiago.

Esku artean ditugun datuen arabera, 2020. urtea hirugarrena da erretako azalerarekiko 2016. urtearen ondoren (4.365,65 ha), Erdialdeko zonan izandako sute larriaren urtea izan baitzen; 2018 (770,21 ha); 2019 (474,87 ha) eta 2017 (387,35 hektarea kaltetu).

Pasa den udan kaltetutako 736 hektareatatik, 464,22 basoko lurrak dira (kiskalitako eremuaren %63) eta gainerakoa, 272,45 hektarea, nekazaritzarako azalera.

Basoan erretako eremuari dagokionean, 272,57 hektarea zuhaitz-espeziekoak dira, 178,88 sastrakak; eta 13,07 hektarea belar-barietateak.

Kiskalitako nekazaritzako 272, 45 hektareen artean, gehienak (236,2 ha) uztondoenak izan dira, 28,5 bildu gabeko laboreenak eta gainerako 7,93 hektarea pilatutako uztarenak (0,27 hektarea kaltetu). Zehaztu behar da erretako uztondoen azalera ez dela sartzen Ingurumenak kontrolatutako eta baimendutako erreketetan, kontrol eta afekzio fitosanitarioetarako.

Suhiltzaileen esku-hartze gehiago

Itzaltzeko taldeei dagokienez, Nafarroako Suhiltzaileek guztira 501 esku-hartze egin dituzte, iazko denboraldi berean egindako 461 baino %7 gehiago.

Ekaina hilabete hotza eta hezea izan zen, eta itzaltzeko taldeek 57 esku-hartze egin zituzten, data horietan ohikoa baino gutxiago. Kanpainaren gainerako hilabeteetan, berriz, euri gutxi egin duenez, kopuruak hauek izan dira hilabete bakoitzean: 170 esku-hartze uztailean, 134 abuztuan eta 140 irailean.

Esku-hartze gehien izandako azken bost udatatik bigarrena izan da aurtengoa: 580 2016an, 439 2017an, 357 2018an eta 461 2019an.

Azpimarratu behar da 2020ko udako prebentzio-kanpaina baso-sute handirik gabe itxi dela Foru Komunitatean. Kalterik handienak eragindakoak Lerinen (309 hektarea kaltetu) eta Longidan (209 ha) gertatutakoak izan dira.

Halaber, gogoratu behar da, larrialdiak kudeatzeko espezialisten artean, sute handitzat hartzen dituztela 500 hektarea baino gehiago kaltetzen dituztenak. Ezbehar horiek zerbitzuek itzaltzeko duten gaitasunetik kanpo geratzen dira sarritan, eta horiei aurre egiteko aukera nagusia prebentzioa da, erregaiaren dentsitatea murrizteko baso-kudeaketa egokia eginda.