2020ko urriaren 9a

Nafarroa eta Akitania Berria eraikuntzako hondakinentzako estrategia zirkularra lantzen ari dira

RCdiGreen proiektuaren aurkezpenean, Gomez kontseilariak ekonomia zirkularra bultzatzeko eta klima-aldaketara egokitzeko mugaz gaindiko lanaren barruan kokatu du estrategia hori
Ezker eskuin: Luis Sanz, (GAN-NIK),  Jaime Sagúes  (REAM),  Susana Aldaz, 
(GAN-NIK),  Gómez kontseilaria, Marta Ruiz, proiektuaren zuzendari 
teknikoa; Josetxo Iriguibel , Laboral Fundazioko idazkaria ; eta  Emilio 
Lezana,  fundazioko kudeatzailea.
camera_alt Ezker eskuin: Luis Sanz, (GAN-NIK),  Jaime Sagúes  (REAM),  Susana Aldaz, (GAN-NIK),  Gómez kontseilaria, Marta Ruiz, proiektuaren zuzendari teknikoa; Josetxo Iriguibel , Laboral Fundazioko idazkaria ; eta  Emilio Lezana,  fundazioko kudeatzailea.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Gaur goizean  RCdiGreen proiektu europarraren aurkezpen ofiziala egin da. Estrategia horretan Nafarroak eta Akitania Berriak parte hartzen dute eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) aprobetxatzeko estrategia bateratu bat diseina ditzaten  eraikuntzaren industria berrian.

Eraikuntzaren Lan Fundazioak Huarte / Uharten duen egoitzan eginiko saioan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, Itziar Gómezek, adierazi du proiektua “ekonomia zirkularrari bultzada emateko eta klima-aldaketari egokitzeko elkarlanaren testuinguruan kokatzen dela, eta haren xede nagusiak isurketen bolumena gutxitzea, eraikuntzako hondakinei bigarren mailako material gisa aterabidea ematea, eta hondaturiko guneak lehengoratzeko erabiltzea direla”.      

Bestalde, kontseilariak azpimarratu du “gaia funtsezkoa dela Europako politika berde berrien esparruan, eta zehazkiago, Europako Batzordearen ekonomia zirkularrerako Ekintza Planean; Batzordearen ustez eraikuntza lehentasunezko sektorea da, zirkulartasunerako aukera handiak ematen dituena, hondakinak baliabide bihur baitaitezke erabat, eta horixe da benetako ekonomia zirkularraren giltzarrietako bat”.

RCdiGreen proiektua

Interreg POCTEFA RCdiGreen proiektuaren helburua ekonomia zirkularreko estrategia partekatua garatzea da, hondakin horiei etekin handiagoa atera eta haien kudeaketa optimizatua egiten ahal izateko. Era horretan, klima-aldaketari hobeki egokitzen ahal izanen zaizkio bi lurraldeak, eta ondorioz, egitasmoa estrategikoa da Nafarroarentzat eta Pirinio Atlantikoarentzat.     

Nafarroan eta Pirinio Atlantikoetan dauden sektoreko eragile nagusiek parte hartuko dute proiektuan: eraikuntzaren arloari dagokionez, Nafarroako Eraikuntzaren Lan Fundazioak, Nafarroako Ingurumen Kudeaketak (GAN-NIK) eta Recuperación Ambiental (REA) enpresak; eta Communauté de Comunes du HautBearn eta Nobatek mugaz gaindiko entitateek. Proiektuaren aurrekontua 1.045.000 eurokoa da, eta jarduerek 2022aren erdiraino iraungo dute.

Eraikuntzako hondakinen garrantzia Nafarroan

Nafarroan, eraikuntzaren hondakinak hondakin-bolumen osoaren %20 dira jadanik. Zifra hori %60ra iristen da hondeaketa-lurrak ere kontuan izanez gero. Bolumena 2010etik ari da handitzen, eta 2018an 292.685 tonara iritsi zen, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak baturik.

Nafarroak badu legedi bat eraikuntzako hondakinak kudeatzeko eta desagerrarazteko, eta hari esker eratze-fokuen erregistroa egiteko eta aldi berean birziklatze-indizeak handitzeko aukera izan da. Nafarroako 2017-2027 Hondakinen Planean ezarririko helburuak betetze bidean, 2018an balorizazioa, orotara, %59koa izan zela kalkulatu da; 2010. urtearekin alderatuz gero esponentziala da hazkundea, balorizazio-portzentajea %13koa baizik ez baitzen urte hartan.   

RCdiGreen proiektuak azpimarratzen du eraikuntzaren industria dela materialen kontsumitzaile eta hondakinen sortzaile nagusia, eta azken horietatik %90 baino gehiago inerteak direla. Hondakin horiek lehentasunezkoak dira argiki, bolumenaren, ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik duten garrantziagatik, eta beraz, eraginkortasunez kudeatzeko estrategiak ezarri beharra dago, ekonomia zirkularrean oinarriturik.    

Eraikuntzako hondakinak bigarren mailako material gisa erabiltzeaz edo hondaturiko guneak leheneratzeko baliatzeaz eta berrerabiltzeaz gain, RCdiGreen proiektuaren bidez haien kudeaketa erraztu nahi zaie hondakinen biltegiratze- eta tratamendu-zentroetatik urrutiago dauden landa-eremuko eskualdeei.

Esperientzia pilotuak, ikerketa eta informazio-topaketak

Proiektuaren barnean hainbat esperientzia pilotu garatuko dira, etxekoekin parekagarriak diren hondakinek ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-arloetan bi lurraldeei ekar diezazkieketen onurak eta aukera handiak erakusteko, jasangarritasunari dagokionez.      

Aurreikusia dago, besteak beste, mugaren bi aldeetan hainbat informazio-topaketa antolatzea (jardunaldiak, gosariak eta dibulgazio-ekintzak), baita azterketak egitea ere sorturiko EEHen bolumenaz eta ingurumenaren aldetik berrosatze aldera EEH horiek RCdiGreen har ditzaketen hondaturiko guneez.

RCdiGreen-en %65 Eskualde Garapenerako Europako Funtsak finantzatu du, Interreg V-A Espainia, Frantzia, Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bidez. POCTEFAren xedea Espainia-Frantzia-Andorra mugako eskualdearen barneratze ekonomiko eta soziala sendotzea da.