Descárgate la app
Kontsumok Dentix klinika ixteak eragindako pertsonek egin beharreko urratsak adierazi ditu
2020ko urriaren 8a
Kontsumok Dentix klinika ixteak eragindako pertsonek egin beharreko urratsak adierazi ditu
Nafarroako Gobernuko Kontsumo Zerbitzuak Dentix klinikako hartzekodunen konkurtsoaren deklarazioak kaltetutako pertsonei gogorarazi die zein bide dituzten kontratatutako tratamenduak amaitzeko edo ordaindutako zenbatekoak itzultzeko. Hortz klinikak hiru zentro ditu gaur egun Nafarroan, bi Iruñean eta hirugarrena Tuteran.
Alarma Egoera deklaratu zenetik zentroak hainbat kontratu utzi zituen bete gabe, eta adosturiko zerbitzu batzuk berandu eman zituen; azkenik, bere borondatez, hartzekodunen lehiaketara aurkeztu du bere burua. Orain, kalteturiko pazienteek egiteke dauden tratamenduak burutzea edo ordainduriko zenbatekoak, kasu batzuetan milaka eurokoak, itzultzea erreklamatu behar dute. Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren menpe dagoen Kontsumo Zerbitzuak hortz-klinika horri buruzko erreklamazio eta kontsulta ugariri eman die arreta martxotik.
Zerbitzuak azaldu duenez, mota askotako kasuak daude eta, beraz, desberdinak dira erreklamazio-bideak. Tratamendua osorik ordaindurik dutenei edo mailegu pertsonal baten bidez finantzatu zutenei gomendatzen diete, lehenik eta behin, epaitegietatik kanpoko erreklamazio bat egiteko, tratamendua bukatzea edo kontratua indargabetzea eskatuz, baita egin gabeko tratamenduaren zatiari dagokion zenbatekoa itzultzea ere. Epaitegietatik kanpoko erreklamazio horrek erantzunik jasoko ez balu, epaitegi bidezko erreklamazioa hastea izanen litzateke hurrengo urratsa.
Kalteturikoek finantza-entitateren batekin lotutako kreditu bidez adostu badute Dentixekin hortzetako tratamendua, Kontsumo Zerbitzuak aholkatzen die klinikan aurkeztea erreklamazioa, kontratua ez betetzeagatik. Erantzunik jaso ezean, finantza-entitateari berari eskatu beharko diote maileguaren ordainketa etetea inolako penalizaziorik gabe, baita bidegabeki ordainduriko zenbatekoa itzultzea ere, hortz-klinikari kontrataturiko zerbitzuak bete gabe geratu badira edo eten egin badira. Erantzunik jaso ezean edo eskariak aintzat hartu ezean Kontsumo Zerbitzura jo edo zuzenean enpresaren aurkako auzibidea ireki daiteke, baita finantza-enpresaren aurkakoa ere.
Hortzetako tratamendua jaso bitartean ustez praxi txarra jasan duten edo haren ondoren bat-batean arazoak izan dituzten pazienteek, gainera, kalte pertsonal eta materialengatik ere aurkez dezakete erreklamazioa.
Kontsumo Zerbitzuak azpimarratzen du kasu orotan garrantzitsua dela kalteturikoek beren historia klinikoaren kopia eskatzea, eta gomendatzen die, halaber, sinaturiko kontratuaren, fakturen, ordainagirien, aurrekontuen, eskainiriko zerbitzuen publizitatearen eta jasotako beste edozein dokumentazioren kopia gordetzeko, balizko erreklamazio bat justifikatzeko balio badute.