Nafarroak aktiboki parte hartuko du gaur hasiko den hirien eta eskualdeen Europako Astean

Hiritarrekiko Harremanetako Departamentuak Foru Komunitatearen presentzia koordinatu du zenbait mintegitan, hala nola hilaren 14ko Automobilgintzan. eta bertan, Maria Chivite lehendakariak parte hartuko du

2020ko urriaren 5a

Nafarroako Gobernuak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, aktiboki parte hartuko du Bruselan Hirien eta Eskualdeen Europako 18. Astean antolatutako ekitaldietan. Aste hori gaur irekiko da, eta datorren urriaren 22ra arte luzatuko da, egitarau anitzarekin. Aurreikusita dago María Chivite Lehendakariak  Eskualdeak eta Automozioa izeneko ekitaldian parte hartzea, urriaren 14an, Bruselan, Eraldaketa Berdeari buruzko goi-bileraren esparruan.

Eskualdeen eta Hirien Europako Astea Europako eskualde-politikaren gainean Bruselan urtero egiten den ekitaldi handiena da. Batzordearen Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Nagusiak (DG Regio) eta Eskualdeen Batzordeak antolatzen dute, eta, bertan, herriek eta eskualdeek hazkundea eta enplegua sustatzeko eta Europar Batasunaren kohesio-politika ezartzeko duten gaitasuna erakusten dute, Europako gobernantza on baterako toki eta eskualde mailak duten garrantzia aldarrikatzen eta agertzen ahalegintzearekin batera.  

Nafarroaren izenean, lehenik eta behin, Mikel Izquierdok hartuko du parte, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) katedradunak, hilaren 8an, eskualdeetan adinekoen ahalduntzeari buruz egingo den ekitaldian. Hilaren 12an, berriz, Mikel Irujok, Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak ondorengo txostena aurkeztuko du Eskualdeetako Komitearen 140. Osoko Bilkuran: “Eskualde-berrikuntzaren eta horrek politiketan duen inpaktuaren adierazleen koadroa”.

Hilaren 13an, Nafarroako Gobernuko Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusia den Izaskun Goñik parte hartzea aurreikusten da, eta eskualde ekintzaileei eta berreskuratze ekonomikoari buruzko workshop batean egingo du. Gogoratu behar da Nafarroak Europako 2020ko  Eskualde Ekintzailea labela duela. Eta 14an, María Chivite Navascués Lehendakariaren txanda izango da, automozioaren sektoreak pisu handia duen eskualdeen foroan hartuko baitu parte.

Azkenik, Mikel Irujo berak eta Bruselan Europar Batasunaren aurrean Nafarroak duen Bulego Iraunkorreko teknikariek hainbat ekitalditan hartuko dute parte urriaren 14an, 15ean, 21ean eta 22an. Besteak beste, gai hauek jorratuko dituzte: makroeskualdeen etorkizuna, EBko berrikuntza-sistemen erresilientzia, kultura eta sormeneko eskualde-ekosistemak, gizarte-ekonomia, kohesio eta osasunaren politika, itsas estrategia atlantikoa edo krisiaren berreskuratzean garapen iraunkorreko helburuen rola.