2020ko urriaren 1a

Bizikletak konpontzeko eta mantentzeko laguntzak datorren asteartetik aurrera izapidetu ahal izanen dira Nafarroako 32 tailerretan

Foru Komunitatean bizi diren 14 urtetik gorako pertsonentzat dira, eta gehienez 50 euro jaso ahal izango dituzte

Bizikletak konpontzeko eta mantentzeko Nafarroako Gobernuak bultzatzen duen diru-laguntzen kanpainan parte hartu nahi duten pertsonek erreserbak izapidetu ahal izango dituzte urriaren 6tik azaroaren 15era, programari atxikitako 32 tailerretako edozeinetan.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Garraio Zuzendaritza Nagusiaren bitartez,  kanpainan parte hartuko duten entitate laguntzaileen zerrenda argitaratu du. Interesa dutenek atxikitako tailerretako batera joan eta konponketa- edo mantentze-zerbitzu bat eskatu beharko dute, bizikletak konpontzeko, doitzeko edota segurtasun-elementuak gehitzeko diruz lagundu daitezkeen lanen zerrenda aintzat harturik. 

Tailerrak telematikoki kudeatuko du eskaria, administrazioarekin harremanetan jarririk. Behin eskaria onartuz gero, konponketa eginen da eta tailerrari ordainduko zaio. Hura arduratuko da dirulaguntza izapidetzeaz, eta zenbatekoa onuradunaren kontu korrontean sartuko da.   

Dirulaguntza-programari buruzko informazio guztia https://www.navarra.es/eu/web/reactivatubici webgunean dago. Besteak beste, atxikitako tailerren kokapena erakusten duen mapa kontsulta daiteke bertan.

Nafarroako Gobernuak lehenengo aldiz abiarazi duen kanpaina honetarako 50.000 euro bideratu dira, eta Foru Erkidegoan bizi diren 14 urtetik gorakoei zuzendurik dago. Onuradun bakoitzak 50 euroko laguntza jasotzen ahal izanen du gehienez ere. Ezin izanen da dirulaguntza aplikatu lanengatik ordaintzen den BEZari. Onuradunek konpromisoa hartuko dute beren bizikletaren erabileraren jarraipena egin dadila errazteko, 2 urtez, eta denbora-tarte horretan ez da baimenduko bizikleta hirugarrengo bati saltzea.  

Diruz laguntzen ahal izanen diren lanak

Diruz laguntzen ahal izanen dira konpontze- eta mantentze-lanak, baita ibilgailuari segurtasun-elementuak gehitzea ere. Konponketez den bezainbatean, honakoak sartzen dira: balaztak (heldulekuak eta diskoak, zapatak eta pastillak, eta pintzak), aurreko urkila, errodamenduak, katea, piñoiak, platerak, atzeko aldagailua, aurreko desbideratzailea, aldagailuari edota desbideratzaileari eragiteko gailuak.

Mantentze-lanen artean, berriz, dirulaguntza jasotzen ahal izanen da garbiketarako eta olioztatzeko; gurpilak zentratzeko eta erradioak doitzeko edo aldatzeko; balaztak doitzea (zapatak aldatzea eta heldulekuak doitzea, pastillak aldatzea, diskoak eta purgatzea); aldagailuak doitzea (aurrekoa –desbideratzailea- eta atzekoa; torlojuak doitzea (aulkia, potentzia eta direkzioa, eta gurpilen itxiturak aztertzea); gurpil-azalak eta ganberak; transmisioa (lubrifikazioa eta garbiketa; eta beharrezko elementuak aldatzea, hala nola katea, piñoiak, polearen gurpilak eta platerak) eta zirgak eta estalkiak (hondatzeagatik edo gaizki doiturik egoteagatik aldatzea). Gainera, barne hartuko dira ekipamenduak eta osagarriak (hala nola argia, txirrina eta lohi-babesa) instalatzearekin zerikusia duten zenbait alderdi.

Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua

Deialdi honen osagarria da Nafarroako Gobernuak, “No aparques tu bici, reactívala / Suspertu zure bizikleta, ez utzi aparkaturik” goiburupean, bizikletaren erabilera sustatzeko abian jarritako kanpaina. Bi ekintzak Plan Reactivar Navarra / Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren barnean txertatu dira; plan horrek, hain zuzen ere, apustua egiten du mugikortasun jasangarriaren eta motordun ibilgailu pribatuez bestelako garraiobideen alde, eta bide beretik joko du laster onartuko den Nafarroako Mugikortasun Jasangarriko Plan Zuzendariak. Bizikletaz den bezainbatean, planak hainbat jarduketa egitea aurreikusten du, hala nola itzulingurua egiteko aukera ematen duten eremuak sortzea Nafarroako udalerrietan, bertako erakundeekin elkarlanean, eta Foru Erkidegoan bizikletak erabil daitezkeen ibilbide guztien kartografia interaktiboa sortzea.

COVID-19aren krisiak agerian utzi du herritarrek gero eta interes handiagoa dutela bizikleta erabiltzeko, birusa zabaltzeko arriskua  moteltze aldera distantzia fisikoa uztea ziurtatzen duen garraiobidea baita, bizimodu osasungarria sustatzeko, kutsadura gutxiago sortzeko eta pilaketak arintzeko egokia izateaz gain. 

Dirulaguntza-deialdi honek, era berean, ekonomia zirkularra sustatzen du, erabiltzen ez diren bizikletak berriz erabiltzea eta berraktibatzea eraginez, eta mesede egiten dio tokiko ekonomiari, bizikleten konponketa- eta mantentze-lanak egoitza soziala edo lantokia Nafarroan duten tailerretan egin daitezela bultzatuz.