Descárgate la app
Gaztelun (Donamaria) kokatutako Legarreako Leizea, Nafarroako Memoria Historikoaren Leku izendatua
2020ko irailaren 30a
Gaztelun (Donamaria) kokatutako Legarreako Leizea, Nafarroako Memoria Historikoaren Leku izendatua
Foru Gobernuak, gaurko bilkuran, erabaki bat hartu du zeinaren bidez Gaztelun (Donamaria) kokatutako Legarreako Leizea Nafarroako Memoria Historikoaren Leku izendatzeko. Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak aldeko txostena eman ondoren. 1936ko kolpe militarraren ondoren, bertara bota zituzten Juana Josefa Goñi Sagardiaren (38 urte) eta haren zazpi seme-alabetatik seiren gorpuak.
Izendapen horren xedea Memoria Historikoko Lekuei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen du. Arau horren helburua da espazio horien ezagutza kontserbatzea eta zabaltzea, memoria transmititzeko eremuak izan eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagun dezaten.
Gaur Exekutiboak onartutako akordioan jasotzen denaren arabera, “tamaina horretako hilketa, sei haurren erailketa barne, eta erantzukizunik eza, 1936ko kolpe militarraren ondoren sortu zen zigorgabetasun-giroagatik azaltzen dira, edozein disidentzia edo oposizio eragotziko zuen beldurrezko giroa zabaltze aldera”.
Aurretik, leku hori memoriazko gune bezala aitortu zen, uztailaren 23ko 18/2019 ebazpenean jasotakoaren arabera, Donamariako Udalak hala eskatuta.
Gorpuzkiak hobitik ateratzea 2016. urtean
Leizean gertatu zen Nafarroako hilketarik beldurgarriena kolpe militarraren ondoren. Aurrean adierazi bezala, leize horretara bota zituzten Juana Josefa Goñi Sagardiaren eta haren zazpi seme-alabetatik seiren gorpuak: Joaquín (16 urte), Antonio (12 urte), Pedro Julián (9 urte), Martina (6 urte), José (3 urte) eta Asunción (18 hilabete).
1936. urtean, familia Gaztelun bizi zen, baldintza kaskarretan, bereziki matxinatutako tropek aita mobilizatu zutenetik. Familia desagertu eta ikerketak hasi zirenean, ezin izan zen hilketa baieztatu, baina historia inguru osoan ezagutzen zuten. Azkenean, 2016ko irailean, gorpuzkiak lurpetik atera zituzten, eta, horrela, kontakizuna egiazkoa zela baieztatu zen, nahiz eta motibazioen gainean behin betiko adostasunik ez izan, aurreiritzi sozialak eta gai politikoak nahasten baitira.
Handik urte batera, 2017ko irailean, Sagardia familia omentzeko ekitaldia egin zen leizean bertan, eta, beranduago, Gaztelu herrian, gorpuzkiak eman zizkieten senitartekoei herriko hilerrian hobira zitzaten.