2020ko irailaren 29a

10 kirolaritik 7k jarduera fisikoarekin jarraitu zuten konfinamenduan

Nafarroako Kirolaren Institutuak egindako azterlanean, goi mailako kirolariek, federatuek, eskola adinekoek eta kirola egiten duten herritar guztiek izan dituzten ondorioak neurtu dira
Datalab Research-eko Arantza Magunagoitia eta INDko zuzendari kudeatzaile 
Miguel Pozueta.
Datalab Research-eko Arantza Magunagoitia eta INDko zuzendari kudeatzaile Miguel Pozueta.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroan kirola egiten duten pertsonen %69,4k jarduera fisikoa egiten jarraitu zuten konfinamenduan, baina gizonen artean handiagoa izan zen emakumeen artean baino, ia zortzi puntuko aldea izan baitzuen (%73,2k eta %65,5ek, hurrenez hurren).

Kirol-ohiturekin jarraitu zutenentzat, kirola garrantzitsua izan zen deskonektatzeko eta entretenitzeko elementu gisa, ihes egiteko balbula eta oso ondo baloratua; horrela aipatzen du Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI) agindutako azterlanean elkarrizketatutako pertsonen %33,7ak. Halaber, estresari aurre egiteko erlaxazio-elementua izan da (%16,5). Eta ezinbestekotzat ere katalogatu da, funtsezko gisa (%13,6) eta duen izaera ludikotik haratago (%11,5), motibatzeko eta ohiturei eusterakoan eta diziplinaz jokatzerakoan norberak bere buruari eskatzeko faktorea ere izan da (%11,1). 

Gaur goizean, NKIko zuzendari kudeatzaile Miguel Pozuetak eta Datalab Research enpresako zuzendari teknikoa den Arantza Magunagoitiak Nafarroako kirolariengan COVID-19aren eta konfinamenduaren ondorioen inguruko azterketaren ondorioak  aurkeztu dituzte.

Konfinamenduan zehar, entrenamenduak jarraitzeko on line plataformen erabilera areagotu zen, elkarrizketatutako nafarren %30,5ak aipatu duenez.

Halaber, kirol-materiala erosteak eragina izan du konfinamenduan; izan ere, kirol zaleen %9ak kirol-artikuluak erosi ditu jarduera egiten jarraitzeko.

Azterketan, Nafarroan kirola egin ohi duten lau pertsona-talde bereizten dira: maila eta errendimendu handiko kirolariak; kirolari federatuak; kirola egiten duten eskola-garaiko gazteak; eta herritarrak oro har, pandemiaren aurretik ere kirola modu erregularrean egiten zutenak.

Azterketa egiteko, telefono bidezko 1.001 elkarrizketa egin zaizkie uztailaren 1etik 16ra bitartean maila eta errendimendu altuko kirolariei (101), kirolari federatuei (300), modu erregularrean kirola egiten duten herritarrei (300) eta eskola-adinean kirol arautua egiten duten gazteei (300).

Maila altuko kirolariak

Maila altuko kirolarien %66,3ak pandemia aurretik haien osasun-egoera "oso ona" zela esan dute, eta %48,5era jaitsi da konfinatuta egon ondoren. Guztira, lautik baten ustez, haren osasun-egoera okertu egin da neurri handiagoan edo txikiagoan.

Jarduera etendako denborak indarra, potentzia, masa muskularra (%29,7), erresistentzia eta gaitasun aerobikoa (%28,7) murriztea ekarri du, eta, neurri txikiagoan, pisua hartzea edo abiadura galtzea. Modu horretan, konfinamendu- eta deseskalatze-denboraren eragin garrantzitsuena prestakuntza teknikoan gertatu da.

Era berean, eliteko hiru kirolaritatik batek (%33,7) ondorio ekonomikoak ere jasan ditu pandemia dela-eta. Horien erdia inguruk kiroletik eratorritako diru-sarrerak %20 baino gutxiago murrizten joan direla ikusi du, baina %23,8ak diru-sarreren %50 baino gehiago galdu du.

Maila altuko bi kirolaritatik bat, klub edo kirol-erakunde batekin lan-harremana izanik, ERTEan egon da konfinamendu-garaian.

Kirolari federatuak eta eskola-adineko gazteak

Kirolari federatuei dagokienean, hamarretatik biren kasuan haien osasun-egoera apur bat okertu egin da konfinamenduaren ondoren. Batik bat erresistentzia (%41,7) eta indarra, potentzia edo masa muskularra (%24,0) galdu dituzte.

Denbora horren ondoren eta deseskalatze-garaian zehar, kezkagarriena prestakuntza teknikoa dela berretsi dute, nahiz eta haien motibazioa eta asebetetzea positiboa izan, pandemia aurretik baino hobea ere bai; badirudi eraginkortasuna ahuldu egin dela, ustez normaltasun berrira itzultzeko faseetan ezarritako mugengatik.

Eskola-adinean dauden eta kirola egiten duten gazteen kasuan, berriz, kirol-geldialdiaren ondorioz faltan bota dute lagunekin kirola eginez denbora partekatzea, galdetutako hamarretatik zazpik aipatu duten moduan. Eta nolabaiteko jarduera fisikoa egiten jarraitzeko mugei dagokienean, motibazio-eza izan da alderdi nagusia, beste kolektibo batzuek ez bezala.

Talde horretan, prestakuntzak aparteko eskola-zama izan duela ikusi da, eta %3,6ak berretsi du kirola egiteari utzi diotela ikasketetan oinarritzeko eta kutsatzeko beldurrarengatik.

Kirola egiteko zaletasuna duten biztanleak

Nafarroako kirol zaleen %14,1ak dio gradu batean edo bestean haien osasuna okertu egin dela konfinamenduaren ondoren. Eragina handiagoa izan da osasun-egoera ez hain solidoa jada zutenen artean. Horrela, kontsultatutako biztanleria orokorraren %9,1ak bere osasun-egoera konfinamendu aurretik erregular, txarra edo oso txarra bezala kalifikatu du, eta talde hori %17ra igo da konfinamenduaren ondoren.

Kirol zaleen ondorio nagusietako bat pisua hartzea izan da konfinamenduan; horrela adierazi du azterketan parte hartutako hirutik batek (%32,4). Hain zuzen ere, etengabe izandako kezketatik deskonektatzeko arazo handienak izan dituztenak dira (%19,2) edo sarritan ziurgabetasun-koadroak bizi izan dituztenak (%35,8) eta poztasun-sentimendu txikiagoa izan dutenak.