Descárgate la app
Sei ikasle-taldek "Aniztasuna aberastasun" izeneko III. Eskola Lehiaketaren saria jaso dute
2020ko irailaren 25a
Sei ikasle-taldek "Aniztasuna aberastasun" izeneko III. Eskola Lehiaketaren saria jaso dute
Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, gaur goizean saria banatu die "Aniztasuna aberastasun" izeneko III. Eskola Lehiaketa irabazi duten sei ikasle-talderi.
Edizio honetan saritutako ikastetxeak hauek izan dira: Zubiriko Gloria Larrainzar IP, Abartzuzako Zumadia HLHI, Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastola, Beteluko Araxex HLHI, Mutiloako Luis Amigó Ikastetxea eta San Adriango Ega BHI.
Ekitaldia apirilean egitekoa zen, baina gaur goizean egin da Iruñeko Planetarioan; bertan, Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendari nagusi Martin Zabalzak hartu dute parte, saritutako ikastetxeetako ikasleekin eta irakasleekin batera.
Lehiaketaren hirugarren edizioa koronabirusaren pandemiak baldintzatu du. Nafarroako ikastetxe guztietan aurrez aurreko klaseak bertan behera uztearen eta ondorengo konfinamenduaren ondorioz, lehiaketan parte hartu nahi zuten talde askorentzat etenda geratu zen hasitako prozesua edo ezin zuten lan hori egiten hasi. Beraz, aurten, aurreko bi ediziotan baino lan gutxiago aurkeztu dira. Zehazki, 11 ikastetxetako 213 ikaslek 13 lan egin dituzte. Aurkeztutako 13 lan horietatik 4 Lehen Hezkuntzako ikasleenak dira eta 9 Bigarren Hezkuntzakoenak eta Lanbide Heziketako ikasleenak. Hizkuntzei dagokienean, 5 euskaraz aurkeztu dira eta 8 gazteleraz.
Sarien banaketan, kontseilariak azpimarratu eta txalotu nahi izan du ikastetxeek lanak egiteko eta aurkezteko egindako ahalegina, gogo eta ilusioari eutsiaz COVID-19aren pandemiaren zailtasunek markatutako urte honetan. “Lehiaketaren helburuetariko bat da ikasle-taldeen arteko harremanak indartzea, partaide eginaz eta ikaskideen proposamen, iritzi eta ideia ezberdinak errespetatuaz. Talde osoaren artean garatzeko lan garrantzitsua da”, nabarmendu du.
“Hala ere, udaberrian bizitutako egoera kontuan hartuta, aurten lanak sortzea zaildu baitu, lan horiek askotarikoak izan dira, eta beste urte batez kalitate handikoak ere bai”, baieztatu du kontseilariak. Horrez gain, ondorengoa gehitu du: “urtero era guztietako testuak aurkezten dira: deskribapenak, ipuinak, gutunak, e.a., baina aurten joera garbia izan da poemak, bertsoak (bertsoak euskaraz), rap eta erritmoa eta errima bilatzen duten abestiak sortzeko”.
Hona hemen saritutako taldeak:
Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. maila gazteleraz:
“Calzado diferente” lanarentzat saria; Gloria Larrainzar IPko (Zubiri) 4. A taldea.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. maila gazteleraz:
“Sorpresa doble” lanarentzat saria; Zumadia HLHIPeko (Abartzuza) 5. eta 6. A taldea.
DBHko 1. eta 2. maila euskaraz:
“Ez ikusi arren, hemen nago” lanarentzat saria; Andra Mari Ikastolako (Etxarri Aranatz) laguntzako 1. eta 2. taldea.
DBHko 1. eta 2. maila gazteleraz:
“El rap de la diversidad” lanarentzat saria; Luis Amigó Ikastetxeko (Mutiloa) 1B taldea.
Bi accesit aurkeztutako lan guztien artean:
“Bizitzako bideak” lanarentzat; Araxex HLHIPeko (Betelu) DBHko 1. taldea.
“Perfectamente imperfectos” lanarentzat; Ega DBHko (San Adrian) APSDko Erdi Mailako 1. taldea.
Liburu berri batean bilduta
Beste urte batez, "Aniztasuna aberastasun" gaia proposatu die Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako Zuzendaritza Nagusiak ikastetxeei. Aniztasunaren inguruan hausnartzea eta desberdina errespetatzen duen gizartea eraikitzeko begirada inklusiboa eta positiboa lantzea bultzatu nahi zen. Helburua izan da gizarte pluraleko herritarrak izateak eta bizikidetza errespetatzeak eskaintzen dituen aukerak erakustea.
Aurreko bi edizioetan egindako moduan, aurkeztutako lan guztiak liburu batean bilduko dira, eta liburua Nafarroako ikastetxe eta liburutegi guztietara iritsiko da. “Aniztasuna aberastasun” bildumak laster hiru ale izango ditu, eta lanerako tresna erreferente bilakatzen ari da.