Descárgate la app
Eleaniztasunaren balioa nabarmendu du Nafarroako Gobernuak Hizkuntzen Europako Egunaren harira, irailaren 26an
2020ko irailaren 25a
Eleaniztasunaren balioa nabarmendu du Nafarroako Gobernuak Hizkuntzen Europako Egunaren harira, irailaren 26an
Irailaren 26an ospatzen den Hizkuntzen Europako Egunaren harira, Nafarroako Gobernuak eleaniztasunaren balioa, Nafarroako hizkuntza eta kultura aniztasuna zein hizkuntzen ezagutzak herritarrei zabaltzen dizkien aukerak nabarmendu nahi ditu.
Helburu berberekin, Herritarrekiko HarremanetaDepartamentuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, irailaren 26an ospatuko den Hizkuntzen Europako Egunarekin bat egitea erabaki zuen, bigarren urtez jarraian, "Eleaniztasunarekin urruti iritsiko zara" kanpainarekin. Bertan Ehunka pertsonak parte hartu dute.
Ekimen horren bidez, Nafarroako Gobernuak hizkuntzen ezagutza nabarmendu nahi izan du, eta, batez ere, herritar gazteak sentsibilizatu nahi izan ditu hizkuntza-aniztasunari buruz, kultura-aberastasuneko elementu gisa. Halaber, herritarrak berezko zein atzerriko hizkuntzak ikastera motibatu nahi izan ditu.
Kanpaina hilaren 11n hasi zen Iruñean, informazio stand eta horma-irudi batekin, eta gaur amaitu da, Zangoza, Agoitz eta Tafalla zeharkatu ostean. Horietan guztietan, mural batzuk egin dira hainbat hizkuntzatan idatzitako hitzekin, hego batzuen irudiaren barruan, iragarkiarekin eta kanpainako kartelarekin lotuta.
Kaleko ekintza horiez gain, irrati, telebista, prentsa idatzia eta sare sozialen bidez zabaldu da kanpaina.
Kanpaina honen garapenean, Euskarabideak udalen, ikastetxeen edo Gazteriaren Etxeen laguntza eta parte-hartze aktiboa izan du. Hala, ikasle, irakasle, gazte, familia eta, oro har, herritar asko hurbildu dira horma-irudietara, eta Iruñekoa izan ezik, Agoizko frontoian, Tafallako La Kolasa gaztetxean eta Zangozako institutuan egongo dira ikusgai.
Hizkuntzen Europako Eguna
Hizkuntzen Europako Eguna 2001ean sortu zen, Europako Batzordearen eta 47 herrialdetako 800 milioi pertsona ordezkatzen dituen Europako Kontseiluaren ekimen gisa. Urteurrena honek, irailaren 26an, Europako hizkuntza-aniztasuna ospatzen du. Kontinenteak 200 hizkuntza propio baino gehiago ditu.
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez, bat egin du ekimen komun horrekin, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu hizkuntza eta kultura aniztasunaren ospakizun horretan parte hartzera.