Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak araztegia eginen du Uxuen, 900.000 euro inbertiturik
2020ko irailaren 23a
Nafarroako Gobernuak araztegia eginen du Uxuen, 900.000 euro inbertiturik
Gaurko bilkuran harturiko akordio baten bidez, Nafarroako Gobernuak premiazkotzat jo du, nahitaezko desjabetzeari dagokionez, Ujué / Uxuen araztegi bat eraikitzeak eragiten dien ondasun eta eskubideen okupazioa. Instalazio berriaren bidez herriak arazte-sistema biologikoa izanen du, eta ura tratatzeko ahalmena handituz herria hazteko planei atea irekiko zaie. Gaur-gaurkoz, hondakin-urak tratatzeko hiru hobi septiko ditu Uxuek.
Lurralde Kohesiorako Departamentuaren menpekoa den eta ur-saneamenduaren eta arazketaren ardura duen NILSA enpresa publikoak garatu duen proiektua lizitazio-aldiaren bukaeran dago, eta aurreikusten da 923.750 euroko kostua izanen duela, saneamendu-kanonaren bidez finantzatuko dena.
Araztegia herriaren hegoaldean egonen da, eta ekialde eta mendebaldeko isurketak instalazio horretaraino eramanen dituzten bi hustubide eraiki beharko dira. Bakterio-geruzan oinarrituriko arazketa-sistema eta azken kontrolerako hezegune bat izanen ditu araztegiak. Trataturiko urak hustubide batetik eramanen dira Aitzandietako sakaneraino.
Eraikuntzari ekin aitzin, NILSAk eta Mairagako Mankomunitateak hilabete honetan burutu dituzte saneamendu-sareak berritzeko lanak, hurrenez hurren
48.000 eta 226.000 euroko ekarpenak eginik.
Aipatzekoa da Uxue, 182 biztanleko herria, Erdialdeko turismo-gune bat dela, eta ostalaritza-, turismo- eta kultur jarduera aipagarriak dituela. Udala kanpin bat edo oporretarako gune bat sortzeko aukera aztertzen ari da, eta beraz, etorkizunean biztanle-kopurua handitzeko asmoa dago. Hartara, hobi septikoak oinarri dituen arazketa-sistema ez litzateke nahikoa.
Instalazio berriak segundoko 1,1 litroko emaria tratatuko du batez beste, eta gehienezko ahalmena 7,74 litrokoa izanen du. Euri-jasa handiek edo ekaitzek eraginiko uholdeak izatekotan emaria segundoko 2,65 litrokoa izanen dela aurreikusten da; ondorioz, tartea dago araztegiak ur-kopuru handiagoak jasotzen ahal izateko.