Descárgate la app
2021 Planeko Nekazaritzako aseguru konbinatuak kontratatzeko 3,5 milioi onartu dira
2020ko irailaren 23a
2021 Planeko Nekazaritzako aseguru konbinatuak kontratatzeko 3,5 milioi onartu dira
Gobernuak, gaurko bilkuran, erabaki du 3,5 milioi euroko gastua baimentzea Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen 2021 Planari dagozkion nekazaritzako aseguruen polizak kontratatzeko laguntzetarako.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren deialdiaren bitartez, laguntzak eman nahi zaizkie nekazaritza-ondasunen gaineko aseguru konbinatuak (2021 Plana) egiten dituzten Foru Erkidegoko nekazaritza- eta abeltzaintza-sektoreko profesionalei.
Aseguru horien bidez ustiategiaren jabearen menpe ez dauden eguraldiaren gorabeherek eraginiko galerak berdintzea da asmoa, hala nola izotzaldiak, euri-jasa handiak, uholdeak eta kazkabarra, besteak beste. Horrelako muturreko gertakariak gero eta ohikoagoak dira gaur egun, klima-aldaketa dela eta.
Halaber, laguntzek balioko dute abereen istripuek, zenbait gaixotasunek eta ustiategian hildako animaliak biltzeak eragiten dituzten galerak estaltzeko.
Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak urtero ematen ditu laguntza horiek, ustekaberik izatekotan sektorearen diru-sarrerak egonkortzeko balio handia dutenak. Zenbatekoa, 3,5 milioi, eskari guztiak asetzeko beharrezkotzat jotzen den kopurua da, baina kontuan hartu beharra dago diru-sail hori handitu egin litekeela, jasotzen diren eskari guztiei erantzuteko.
Aseguruen estaldura
Nekazaritzaren sektoreak diruz laguntzeko moduko lerroak estaldura gorakorra duten aseguruetarako izanen dira, honako ustiategi-motetan: fruta-ustiategiak; estalpeko barazki-ustiategiak; aire zabaleko barazkienak, udazken-negu ziklokoak, udaberri-uda ziklokoak eta ondoz ondoko zikloetakoak; belardi-labore estentsiboak; fruitu lehorrak; ardogintzarako mahatsa; olibondoak, zuhain-laboreak; baratze-marrubia eta beste fruitu gorri batzuk; mizpirondoa eta beste fruta-arbola batzuk (kiwia eta elorri beltza).
Abeltzaintzaren sektorean, honako ustiapenetarako emanen da dirulaguntza: behi ugalkorrak eta ekoizpena; ardiak eta ahuntzak; zezenketetarako abereak; gizentzeko behiak; larreak galtzeagatik ordaina; zaldiak; haragitarako hegaztiak; arrautzetarako hegaztiak; zezen ugaltzaileak, eta txerriak.
Azkenik, lagundu eginen zaie, halaber, hildako animaliak suntsitzeak sorrarazitako gastuak berdintzeko aseguruei, ustiategi berriztagarrietan eta ez-berriztagarrietan.
Dirulaguntza jasotzen ahal izanen dute 2020 osoan eta 2021eko lehen seihilekoan eginiko poliza guztiek.
4.000 onuradun inguru
Nafarroan 4.000 nekazari eta abeltzain profesional inguruk hartzen dituzte nekazaritza-aseguruen kontratazioetarako laguntzak.
2019an 250.000 ha egon dira aseguraturik: neguko zerealen 192.620 ha, udaberriko zerealen 10.500 ha, mahastien 11.200 ha, aire zabaleko barazki-laboreen 8.500 ha eta fruta-arbolen 755 ha. Horiei gehitu egin behar zaizkie berotegien 127 ha eta 2.534.438 abelbururen bizi-aseguruak.
Ustiategian hildako animaliak bertatik eraman eta suntsitzeari dagokionez, 8 milioi abelburu baino gehixeago aseguratu dira. Orotara, ekitaldi horretan aseguraturiko kapitala 454 milioi eurokoa da.