Descárgate la app
Foru Erkidegoko egoitza-zentroetan bost agerraldi atzeman dira azken 24 orduetan
2020ko irailaren 18a
Foru Komunitateko egoitza-zentroetan bost agerraldi atzeman dira azken 24 orduetan
Eskubide Sozialetako Departamentuak jakinarazi duenez, azken 24 orduetan bost agerraldi atzeman dituzte Foru Komunitateko egoitza-zentro publiko eta pribatuetan, eta guztira 36 pertsonak (langileak eta egoiliarrak) eman dute positibo, PCR proba egin ondoren. Adinekoentzako hiru egoitza dira, laugarrena osasun mentalekoa eta azkena ezgaitasun zentro bat.
Adinekoentzako hiru zentroen artean, garrantzi handieneko agerraldia Milagron hautemandakoa da, 16 pertsonak positibo eman baitute koronabirusagatik; horietako 10 zentroan bertan daude isolatuta, 5 San Adriango erdiko zentrora bidali dira –edo datozen orduetan izango dira– eta azken pertsona bat ospitaleratu dute. Nafarroako hiriburuko Padre Menni egoitzan izandako agerraldian 6 kasu antzeman dira, horietako bat ospitaleratu behar izan dute, beste hiru Iruñeko bitarteko zentrora eraman dituzte, bosgarren bat San Adrianera, eta pertsona bat isolatuta geratu da zentroan bertan. Lizarrako Santo Domingo egoitzan, berriz, bost pertsona daude isolatuta.
Olabeko Mentalia klinikaren kasuan, koronabirusak jotako pertsonak bost dira: horietako bi ospitaleetara eraman dituzte, beste bat Iruñeko bitarteko zentrora eta gainerako biak isolatuta daude klinika honetan. Azkenik, Nafarroako hiriburuko San Jose ezgaitasun zentroan, agerraldia lau kutsaduratara mugatzen da: horietako bi hiriburuaren bitarteko zentrora eraman dira eta beste biak isolatuta daude San Jose zentroan.
Kasu guztietan, Nafarroako egoitza-zentroetarako protokoloa aktibatu da, eta bost egoitzetako langile eta egoiliar guztiei Covid-19 atzemateko probak egingo zaizkie datozen orduetan. Zentro horietako bisitak eta irteerak beste agindu batera arte mugatuta geratuko dira.
Eskubide Sozialetako Departamentuak nabarmendu nahi du garrantzitsua dela Nafarroako egoitza-zentroen sareko langileek eta erabiltzaileek eta horien familiek koronabirusa prebenitzeko neurri guztiak hartzea, egoiliarren banakako kutsaduretatik sor daitezkeen agerraldiak gertatzeko arriskua baitago. Agerraldi horiek jasan dituzten zenbait zentrok duela gutxi Covid-19k egindako baheketa gainditu zuten. Baheketa hori, oro har, Nafarroako Gobernua egiten ari da egoitza-sare osoan. Departametu honek adierazi duenez, kutsatzei egunero egin behar zaie aurre zentro bakoitzak ezarritako protokoloen bidez eta erabilera orokorreko osasun-arauen bitartez: pertsonen arteko distantzia, maskara, eskuak garbitzea eta, sintomarik txikiena nabaritzean, egoitza horietako osasun-langileei eta arduradunei jakinaraztea beharrezkoa da.