2020ko irailaren 16a

Nafarroako Gobernuak Fiteroko araztegia handituko du, Alhama ibaiaren arroa babesteko

Foru Exekutiboak 2,3 milioi euro inbertituko dituen proiektu baterako beharrezkoak diren desjabetzeak premiazkotzat jo dira

Nafarroako Gobernuak, asteazkeneko bilkuran, "Fiteroko Hondakin Uren Araztegia – EDAR- birmoldatzeko" proiektua gauzatzeak eragindako ondasun eta eskubideen desjabetzearen presazko deklarazioa onetsi du. Proiektu horri esker,  araztegiaren tratamendu-ahalmena handitu eta Alhama ibaiaren arroa babestu ahal izango da.

NILSA sozietate publikoak (Navarra de Infraestructuras Locales, S.A.), Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitakoak, 2.354.442 euro jarriko ditu birgaitze-lanetarako, eta horien barnean hiru jarduera egingo dira: egungo araztegia handitzea, Fiteroko Bainuen isuriaren zuzeneko hoditeria berria eraikitzea estazio honetara, udal-sarean jarraitzea saihestuaz, eta Fiteroko Bainuen ponpaketa-estazioan ekaitz-tanga berritzea. Aurrekontua NILSAk uraren ordainagiriaren bitartez kudeatzen duen saneamendu-kanonaren bidez finantzatuko da.

Instalazio berriak batez beste 6,36 litro segundoko emaria (550 m³/eguneko) tratatu ahal izango du, segundoko gehienez 23 litro onar ditzakeelarik. Uholde handietan, hots, euri-jasetan edo ekaitzetan, segundoko 15,27 litroko sarrera aurreikusten da; beraz, badago tartea araztegiak etorkizunean emaria handitu ahal izateko, birgaitze edo inbertsio berririk egin behar izan gabe.

Desjabetzearen presazko deklarazioa egin da segurtasun-neurriak indartu beharra dagoelako, Alhama ibaiaren arroan gerta daitezkeen ingurumen-larrialdien inpaktua gutxiagotzeko eta araztegiaren tratamendu-ahalmena handitzeko.

Fiteroko araztegia 1991. urtean eraiki eta 1993an jarri zuten martxan. 2.400 biztanleren isuria tratatzeko diseinatu zuten, baina urteetan zehar emaria lau aldiz biderkatu da, inguruko bodega-jarduerarengatik nahiz 2005ean Fiteroko Bainuetxeko isuriak sartzeagatik.