Descárgate la app
Osasun Departamentuak Suizidio Kodea ezarriko du identifikazioa hobetu eta arriskuko gaixoei jarraipena egiteko
2020ko irailaren 10a
Osasun Departamentuak Suizidio Kodea ezarriko du identifikazioa hobetu eta arriskuko gaixoei jarraipena egiteko
Nafarroako Buruko Osasunaren Gerentzia, Buruko Osasunaren 2019-2023 planaren bidez, tresna berriak garatzen ari da detekzioa hobetu eta buruaz beste egiteko arriskua duten gaixoei jarraipena egiteko. Aipatzekoa da Suzidio Kodearen eraketa, zeinak kode hori duten gaixoen identifikazio hobea eta jarraipena hobetuko duen. Gainera, detekziorako zein arriskuaren balorazioaren protokoloa garatuko da, zeina gaixoaren Historia Klinikoan txertatuko den, besteak beste.
Suizidio Kodearen helburua da Suizidioaren Prebentziorako Programa hobetzea; programa horren barnean, programara bideratutako gaixoei telefono bidezko segimendua egiten zaie, bertan aurkitzen baitira suizidio-ideia larria duten pazienteak edo Nafarroako Osasun Mentalaren Sareko edozein baliabidetatik detektaturiko suizidio-saiakerak, baita haur eta gazteen artekoak ere.
Jarduera horiez gain, Osasun Mentaleko profesionalek bestelako jarduera-ildoak lantzen dituzte laneko talde tekniko batekin elkarlanean; talde horretan Besarkada-Abrazo Elkarteak parte hartzen du, hots, lagun maite baten suizidioak kaltetutako pertsonen Elkarteak. Era horretan, krisian esku-hartzeari buruzko gomendioak eta zenbait gomendio psikoterapeutiko definitzen dituzte; suizidio-saiakeren eta egindako suizidioen erregistroa egiten dute, Osasunerako Sistema eta Teknologien Zuzendariordetzarekin batera; eta burututako suizidioan bizirik atera den pertsonarentzako plan bat jorratzen dute.
Nafarroako Legezko Medikuntzako Institutuak emandako datuen arabera, 2019an Nafarroan guztira 45 suizidio gertatu ziren, 34 gizon eta 11 emakumerenak; hau da, 6,87 kasuko tasa 100.000 biztanleko. 2018an, berriz, tasa 6,02 kasukoa izan zen 100.000 biztanleko; hots, guztira 39 kasu. Gizonengan suizidio bidezko hiru heriotza gertatzen dira emakumeen arteko suizidio bakoitzeko. Suizidioak gora egiten du adinarekin, tasarik handienak 70 urtetik gora izaten baitira.
Suizidio-ideiak dituzten pertsonentzako gomendioak
Osasun Departamentuak, Osasun Mentaleko Kudeatzailetzaren bitartez, zenbait gomendio egiten dizkie suizidio-motako pentsamenduak izan ditzaketen pertsonei. Aholku nagusia da laguntza bilatzea; alegia, senitartekoena nahiz lagunena, edota, krisi-egoeretan, Osasun baliabideetara jotzea (familiako medikuarena edo Osasun Mentaleko espezialistarena).
Osasun Mentaleko Kudeatzailetzatik adierazitakoaren arabera, “Suizidioa min emozional, mental edo fisiko handiaren edo pertsonen arteko harreman gatazkatsuen konponbide bezala ikus daiteke. Hala ere, suizidio-ideiak dituen pertsonak jakin behar du etsipena, mina eta hutsunea aldi baterako egoerak direla, ez iraunkorrak”.
Gainera, “bere buruaz beste egitea pentsatzen duenak ziurrenik ez du hil nahi, bizitzako egoera jasanezinetatik eta sentitzen duen sufrimendu emozional, mental eta fisikotik askatu baizik”. “Jokabide suizida da une horretan ikusten duen aukera bakarra, baina ez da hala. Erronka da sentimendu jasanezin horiek konpontzeko beste modu batzuk aurkitzea”, gehitu dute.
Hurbileko ingurunearen eta osasuneko profesionalen aipatu laguntzez gain, Osasun Mentalak babesteko beste faktore batzuk aipatzen ditu; hala nola, komunikatzeko trebetasunak izatea, arazoak modu egokituan konpontzen jakitea, zailtasunak sortzen direnean laguntza bilatzea, auto-estimua lantzea eta baita sinesmen eta praktika erlijiosoak izatea ere.
Bestalde, arrisku-faktore ohikoenen artean ondorengoak agertzen dira: nahasmendu mentala izatea; suizidatzeko saioak egin izana; babesgabetasuna, porrot pertsonala eta bizitzaren eta etorkizunaren aurrean etsipena sentitzea; pertsona oldarkorra eta frustrazioaren aurrean tolerantzia gutxikoa izatea; familian suizidio-aurrekariak izatea; eta bizitzan gertaera negatiboak bizitzea.
Larrialdiko egoeren aurrean, familiako medikuarekin edo bestelako osasun-profesionalekin harremanetan jartzea eta laguntza sozialeko sarea areagotzea gomendatzen da.