2020ko irailaren 10a

Nafarroako adinekoen egoitzetan 35 kasu aktibo daude, 9 asintomatikoak

Foru Komunitatean dauden kasu guztien artean %1 dago egoiliarren artean, martxotik uztailera %26koa zen eragina

Nafarroako adinekoen egoitzetan COVID-19aren 35 kasu aktibo daude gaur, horietatik 9 asintomatikoak dira eta beraien egoitzetan daude, 3 erietxeetan eta gainontzekoak, 23, Iruñean egokitutako bitartekora bideratu dira. Uztailaren 1etik egoitza horretatik 44 pertsona igaro dira.

Une honetan, adinekoen egoitzetan eragina Nafarroan erregistratutakoen% 1 da; martxotik ekainera bitartean, berriz,% 26koa izan zen.

Tuterako bi zentrotan izan ezik, egoitza gehienek kasu bakarra izan dute. Guztira, Nafarroan dauden 71 zentroetatik 10etan bakarrik eman dira kasu positiboak.

Bestalde, dagoeneko 7 alta epidemiologiko izan dira, gerora isolamendurik behar izan ez duten pertsonenak.

Profesionalei dagokienez, uztailaren 1etki hona 32 COVID-19 kasu erregistratu dira: 18 kasu sintomatiko eta 14 kasu asintomatiko.

Hiru heriotza gertatu dira uztailaren 1etik.

Desgaitasun-zentroetan, pandemiaren eragina are txikiagoa da: ospitalizatuta dagoen pertsona bat, PCR positiboa duten 2 pertsona (bat sintomatikoa eta bestea asintomatikoa) eta 6 alta epidemiologikoak. Gaixorik dauden 6 profesionaletatik 4 asintomatikoak dira.

Gainera, eguneko zentroetan 12 kasu positibo izan dira, 5 zentrotan banatuta.

Jarduera-protokoloak eta prebentzio-kontrolak zentroen % 100ean

Nafarroak duela bi hilabetetik hona aplikatzen ditu bere egoitzetan Eskubide Sozialetako eta Osasuneko Departamentuek egindako COVID-19 agerraldi berriak prebenitzeko, eusteko eta tratatzeko planak eta protokoloak, bai eta Osasun Ministerioak autonomia-erkidegoekin hitzartutako "COVID-19 pandemiaren kontrol-egoera batean erantzun goiztiarra emateko plana" ere.

Nafarroan ezarritako protokolo gehienak ekainaren amaieran egin eta jakinarazi zitzaizkien zentroei, baita Amavir Argaray zentroan sortutako bitarteko baliabidea ere. Bertan, ospitaleratzerik behar ez duten isolamenduak egiten dira, bai zentroetan bizi diren eta COVID-19 konfirmatuta dituzten adinekoen isolamenduak, bai etxe partikularretatik datozenak ere.

Neurri horiek zentro guztiek dituzten kontingentzia-plan propioekin osatzen dira, dagokien osasun-zentroarekin eta horien arriskuak prebenitzeko mutualitateekin adostuta. Berariazko planak Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Osasun Departamentuak berrikusi eta baliozkotu dituzte (zehazki, Oinarrizko Osasun Laguntzatik eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institututik). Gainera, Egoitza-zentro Soziosanitarioetan Osasun Laguntza Antolatzeko Unitateak ekarpenak bideratu dizkie.

Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako Kontseilariak ostegun honetan adierazi duenez, aplikatutako neurri horiei esker, “orain arte, COVID-19 delakoak eragin txikia izan du Nafarroako adinekoen egoitzetan. Kasu guztien %1; aurreko etapan, berriz, %26koa izan zen, Osasun Departamentuarekin egindako lan handiari esker”.

“Hala ere, uztailera arte gertatutakoa kontuan hartzen badugu badakigu COVID-19ak herri batzuetan izan dezakeen eragin handiak eragin zuzena duela egoitzetan. Tuteran ikusten ari gara. Horregatik, zuhur jokatu behar dugu, eta neurriak muturreraino eraman”, esan du Kontseilariak.

Gainera, Maeztuk azaldu du prebentzio kontrolak egin direla egoitzetan. Zehazki, ekainean, seroprebalentzia-azterketa egin zitzaien egoitza-zentroetako langile guztiei (4.000 langile inguru), eta irailean langile eta egoiliarrei (10.000 pertsona inguru).

Neurri horiekin guztiekin, Nafarroako Gobernuak transmisio-katea ahalik eta azkarren atzeman eta etetea lortu nahi du. Maeztuk dioenez, “neurri-multzo horrek eta bitarteko baliabide bat izateak bidea ematen digu agerraldiak azkar isolatzeko eta eteteko; beraz, orain arte ez dira kasu askorik agertu”.

Hala ere, Maeztu Kontseilariak egoera arretaz baloratu nahi izan du eta egoiliarren familiak egoera ulertzeko deia egin du. “Erne egon behar dugu. Azken hilabeteetako esperientziak erakutsi digu zein azkar COVID-19 gaitza helduen eta ezgaitasunen zentroetan edatzen den. Hori berriro gerta ez dadin, muturreko neurriak hartu behar ditugu. Era berean, zentro batzuetan dauden mugaketengatik familiak ulertzea eskatzen dugu. Gure asmoa bertan bizi diren pertsonak babestea besterik ez da, badakigu birusa kanpotik sartzen delako”, adierazi du.

Era berean, Maeztuk “erantzukizun indibidualerako” deia egin du, Osasun Departamentuak gizarte- eta familia-bilerak ahalik eta gehien murrizteko egiten dituen ohar eta gomendioei erantzuteko.