2020ko irailaren 10a

Lansarek gizarteari eta enpresei eskaintzen dizkien programa eta zerbitzuen %90a ebaluatuko ditu

2019an 90.000 pertsonek eman zuten izena NL-en, 23.600 langileri orientazioa eskaini zien erakundeak, 17.229 formazio plaza eskaini zituen eta 5.235 lanpostu diruzlagundu
videocam Nafar Lansare- Nafarroako Lan Zerbitzuak prestatutako Jardueren Memoria eta Ebaluazio Plana collections Irudi galeria

Nafar Lansare- Nafarroako Lan Zerbitzuak, Eskubide Sozialen Departamentuaren mendeko organoak, Ebaluazio Plana garatu du gizarteari eta enpresei eskaintzen dizkien programen eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko. Helburuen artean, eskaintzen dituen laguntza eta zerbitzuen %90aren eragina eta asebetetzea ezagutzea.

Nafar Lansare- Nafarroako Lan Zerbitzuak, Eskubide Sozialen Departamentuaren mendeko organoak, Ebaluazio Plana garatu du gizarteari eta enpresei eskaintzen dizkien programen eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko. Helburuen artean, eskaintzen dituen laguntza eta zerbitzuen %90aren eragina eta asebetetzea ezagutzea. 

Carmen Maeztu kontseilariak eta erakundeko zuzendari kudeatzaileak, Miriam Martónek, prentsaurreko batean aurkeztu dute NLren lehenbiziko Ebaluazio Plana, Nafarroako Gobernuaren programa-akordioa betez sustatu dutena.

“Administrazio publikook aurreranzko urratsak egin behar ditugu politika publikoen eraginkortasuna analizatzeari dagokionez, era horretan haiek hobetu ahal izateko. Ebaluazioak etengabeko hobekuntza eta berrikuntza ahalbidetuko ditu sektore publikoan, kasu honetan Nafarroako enplegu-sistemaren buru den eta urtero zenbat eta 90.000 pertsona ingururi lana ematen dien erakunde batean”, adierazi du kontseilariak. 

Planak hiru xede ditu: NLren ebaluazio-sistema sortzea; NLren ebaluazio-ekintzak areagotzea; eta egiten diren ebaluazioen kalitatea hobetzea.  

Lehen helburuari dagokionez (ebaluazio-sistema sortzea), ekintzen xedea da jarraibideak, protokoloak eta prozedurak eratzea, barne-trebakuntza jorratzea, etab.

Ebaluazio-ekintzen kopurua handitzeko, berriz, inkesta egiten zaien programa-kopurua handituko da (gaur egungo 27etatik 36ra, guztizko kopuruaren %90era iristeko, eta gainera, 10 programatan eragile gehiagori galdetuko zaie); programen %67,5i “emaitzaren araberako” ebaluazioa eginen zaie (gaur egungo 5etatik 27ra, guztizko kopuruaren %67,5, %440 gehiago); eta %10i, “inpaktuzko” ebaluazioak (horiek egiteko beharrezkoak dira kontrol-taldeak).   

Aipatzekoa da 2019an gora egin zuela enpresen eta pertsonen NLrekiko asetasunak: Herritarrek 10etik 7,7 puntu ematen diete batez beste  zerbitzu eta programei (2018an 7,5), eta enpresek 7,8 puntu (2018an 7,7). 

“Asebetetzearen analisia barneraturik dago, eta orain ahalegin eskerga eginen du herritarrengan eta enpresetan duten emaitza ezagutzeko. Plan honen bidez, ebaluazioa NLren egiturazko elementu bat izanen da”, nabarmendu du Maeztuk.   

Inpaktu-ebaluazioez den bezainbatean, enplegu-agentzietan artatuak diren pertsonen bilakabidea aztertuko du, artatuak ez direnekin alderatuz: orientazio-zerbitzua, Gazte Bermea ekimenean dauden gazteei eta langabezian luzaz daudenei arreta. Halaber, enpresa-sektoreen eskarien araberako prestakuntza aztertuko du erakundeak, Proiektu Bereziak ildoren barnean. Aurrekaririk berriena, inpaktua neurtzeari dagokionez, Ersisi europar proiektua da.        

Ebaluazio-sistemaren kalitateaz den bezainbatean, berriz, NLk bere buruari jarri dion helburua ezarriko diren programa guztiak ebaluatuak izateko diseinatzea da, edo ebaluaturiko programen %25ek etengabeko hobekuntza-zikloa izatea.  

4 ebaluazio 2019an

Planak programa berrien ebaluazioa sustatuko du, baina erakundeak bazituen batzuk eginik. 2019an lau ebaluazio egin ziren.   

Hauek dira enplegua lortzeko zailtasun handiena duten kolektiboen kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen ebaluazioen emaitzak. 

  • Bermatutako Errenta: Diruz lagunduriko kontratua bukatu eta sei hilabetera, kontratatutakoen %10,4 baizik ez zegoen berriz lanik gabe eta Bermatutako Errenta jasotzen. “BE programatik %90 irtetea lortzea arrakasta handia da”, adierazi du kontseilariak. Gainera, programan parte hartu zutenen %65,7k lanean jarraitzen zuten sei hilabete pasatu ondoren. %16,4 langabetuentzako prestazioak edota subsidioak kobratzen hasi ziren, eta %7,5ek ez zuten ez subsidiorik ez laguntzarik jasotzen. Gizarte-prestazioetan eginiko aurreztea eta soldata bidezko sarrerak kontuan izanik (LGSaren arabera kalkulatuz), inbertsioark gizarteari ekarri zion onura gutxienez 1,7 eurokoa izan zen inbertituriko euro bakoitzeko. %16,5 estatuak emandako prestazioak kobratzen hasi zirenez gero, Nafarroako Gobernuarentzat itzulkina 1,9 eurokoa izan zen.      
  • Langabezian luzaz dauden 45 urtetik gorakoak: Diruz lagunduriko kontratua bukatu eta sei hilabetera %60k lana zuten. Izan ere, %55ek kontratu mugagabea zuten. %74k dirulaguntza jaso zuen enpresa berean jarraitu zuen lanean. Enpresek 8,8ko ebaluazioa eman zioten programari (10 izanda lor zitekeen puntu-kopururik altuena). Lan-merkatuan txertatzea lortu zen hilabete bakoitzean, 1,1 euro berreskuratu zen inbertituriko euro bakoitzeko.
  • Praktikak egiten dituzten gazteak: Diruz lagunduriko kontratua bukatu eta sei hilabetera, %96,6k lanean jarraitzen zuten. Bi urte pasatu eta gero, %87k. Gazteen %62k, kontratu mugagabeekin. %56k NLk praktikak diruz lagunduriko enpresa berean jarraitzen zuten lanean. Lan-merkatuan txertatzea lortu zen hilabete bakoitzean, 1,3 euro berreskuratu zen, gutxienez, inbertituriko euro bakoitzeko.

Era berean, kontratupeko entitateen bitartez ematen duen orientazioa ebaluatu zuen NLk:

  • Orientazioa: Lanbide-orientazioko zerbitzuetan artaturiko hamar pertsonatik lauk arreta jaso eta 6 hilabetera aurkitu zuen lana, eta hamarretik bostek urtebetera. Lorturiko kontratuen erdia baino gehiago aldi baterako izan ziren (%59,3 eta %55,2), baina azpimarratu beharra dago %20,6 eta %24,7, hurrenez hurren, mugagabeak izan zirela. Zerbitzu hori eskaintzeko inbertitu zen euro bakoitzeko, bai Estatuak bai Nafarroak prestazio eta subsidioetan aurrezturiko kopurua 1,5 eta 1,9 eurokoa izan zen, hurrenez hurren. Horri soldatak jasotzetik eratorriko etekinak gehitu behar zaizkio.

Ebaluazio horien bidez, NLk ondorioztatu du, oro har, orientazioa eta prestakuntza zenbat eta handiagoak izan, orduan eta pertsona gehiago sartzen direla lan-merkatuan, eta prebentzioak eta azkar jokatzeak erraztu egiten dutela hori. Adibidez, orientazioaren ebaluazioak eragina izan du orain martxan dagoen lizitazioan. “Ikusi zenez, orientazioa jaso zutenen %14k bakarrik egin zuten enplegu-arloko trebakuntza-ikastaroren bat”, esan du kontseilariak.

2019ko memoria: 90.000 pertsona inguru NLn izena emanda

Orotara, 2019an 89.889 pertsonak eman zuten izena NLn enplegua eskatzeko, enplegua hobetzeko edo bestelako zerbitzuak jasotzeko (aholkularitza edo prestakuntza). “Kopuru horiek agerian uzten dute NLren jardueraren garrantzia”, adierazi du Eskubide Sozialetako kontseilariak, Carmen Maeztuk.

Kontseilariak esan du NLren 2019ko jardueraren balantzea pozgarria dela. “2019. urtea bukatzean Nafarroa zen ekonomia-hazkunde handiena (%2,8) eta langabezia (%8,2) eta pobrezia (%11,7) tasa txikienak zituen autonomia-erkidegoa. Eta NLk berebiziko ekarpena egin zion Nafarroaren garapen kohesionatu horri”.

Hala, enplegu-agentziek 82.354 pertsonari eman zieten arreta edo informazioa, eta horietatik 23.600k arreta pertsonalizatua jaso zuten. Bestalde, 6.433k konpromisoa hartu zuten lan-merkatuan txertatzeko ibilbideak egiteko. “Batez besteko hileroko langabetu-kopuruarekin (32.110) alderatuz pixka bat behera egin genuen, baina %20ren inguruan mantentzen gara”, azaldu du Miriam Martón erakundeko kudeatzaileak.        

Gainera, NL 17.229 prestakuntza-plazara iritsi zen, 1.200 ikastarotan, 2018an baino %10 gehiago gutxi gorabehera, eta azken bost urteetako kopururik handiena.

NLk dirulaguntza zuzenak eman zituen 5.235 enplegutarako, 2019an bezalatsu, baina aurrekontu handiagoa eskainiz helburu horri, kontratu luzeetarako pizgarriak eta dirulaguntzen zenbatekoetan hobekuntzak direla eta.    

Enpesekiko harremanari dagokionez, bitartekaritza handitu zen eta kudeaturiko lanpostu-kopurua 9.112ra iritsi zen (%8 gehiago), 1.825 entitatetan. Horrez gain, 7 milioi inguru bideratu ziren 664 enpresa eta sektoreri dirulaguntzak ematera; enpresa onuradunen kopurua %5,5 hazi zen, eta banaturiko zenbatekoa %4,3.

Kontseilariak azaldu duenez, gora egin du artaturiko pertsonen nahiz enpresen asebetetze-mailak, neurri batean herritarrek orientazio-zerbitzuez duten pertzepzioa hobetu delako. Haien batez besteko nota 7,4koa izan zen; 2018an, aldiz, 6,4koa lortu zuten, eta 2017an 6,2koa.    

Nabarmentzekoak dira herritarrak eta kolektiboak aktibatzeari/orientatzeari dagokienez eginiko aurrerapausoak, eta agentzia guztietan aldez aurreko hitzordua ezarri izana; Eskubide Sozialetako unitateekiko koordinazioa; arreta trinkoa emateko programak abiarazi izana eta lantaldea profesionalizatzeko eta egonkortzeko neurriak hartu izana. Prestakuntzaren esparruan, azpimarratzekoa da deialdi berri bat, Nafarroan ikastaro berritzaileak eskaintzeko ekonomia mugiarazten duten sektoreetan eta 4.0 industrian.

2020ari begira, COVID-19 Talka Planaz gain, NLk Enplegu Planerako aurretiazko lanak egiten jarraituko du, eta hobekuntzak ezarriko ditu enpresekiko harremanari dagokionez (bitartekotza, prestakuntzarako erantzun sektoriala, etab.). Trebakuntza digitalaren arloa giltzarrietako bat izanen da.