2020ko irailaren 10a

Bidesariak jarriko diren bost bideetatik joaten diren hamar ibilgailu astunetatik bederatzi Nafarroatik kanpokoak dira

A-1 errepidea (% 97) Nafarroatik kanpoko ibilgailu astun gehien ibiltzen den bidea da. A-10ean, aldiz, ehuneko hori % 75era jaisten da
Trafiko astunaren jatorriari buruzko grafikoa.
Trafiko astunaren jatorriari buruzko grafikoa.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Foru Gobernuak bidesariak jarriko dituen bost bideetatik zirkulatzen duten ibilgailu astunen% 88 Nafarroatik kanpokoak dira: Iparraldeko autobidea (A-1),  Sakanako autobidea (A-10), Leitzarango autobidea (A-15), Ebroko autobidea (A-69) eta Iruña-Behobia errepidea (N-121-A). Hori da Nafarroako bost bide nagusi horietatik joaten diren ibilgailu astunen trafikoaren osaerari buruz egindako azterketatik ondorioztatzen den ondorio nagusia.

A-1 errepideak du Nafarroaz kanpoko ibilgailu astunen portzentaje handiena, iaz %97; beraz, horrek esan nahi du bide hori, beste Komunitate batzuekin mugan egonik, ibilbide luzeko ibilgailuek erabiltzen dutela edo lurralde ezberdinen artean joan-etorriak egiten dituztenek. Kontrako muturrean A-10 errepidea dago, Foru Komunitatetik kanpoko ibilgailu astunen %75 ingururekin. Ildo horretan, gogoratu behar da A-10 autobiak hasiera nahiz amaiera Nafarroaren barnean dituela.

Girder Ingenieros S.L.P. enpresari agindu zitzaion “Nafarroako Foru Komunitateko bideetan ibiltzen diren ibilgailu astunen jatorria matrikulak identifikatuta ezagutzeko azterketa" egitea, eta, hortaz, matrikulen erregistro automatizatuaren bidez burutu da sistema aurreratu batekin. Besteak beste, bideo-kamerak eta matrikulak ezagutzeko softwarea erabili dira, eta, horrela, ibilgailuak haien motaren arabera diskriminatu eta matrikulak LPR teknologiaren bidez automatikoki irakurri dira. Ondoren, datuak prozesatu osteko fasea burutu da.

Errealitatearekin antz gehiena duen trafikoa zerk osatzen duen jasotzeko, laginketa-kanpaina lanegunetan egin da eta aztertutako errepide bakoitzeko bi puntu kilometriko zehatzetan. Azterketaren muga nagusia datuak hartzeko denboraren iraupena da. Trafikoaren osaeran etorkizunean gorabeherak izanez gero, emaitzak aldatu egingo lirateke.

Banaketa bideen arabera

Azterketan, bost bidetako bakoitzean igarotzen diren ibilgailu astunei buruzko datuak jaso dira, hori interes handieneko datua izanik. Jarraian, lortutako emaitzak banakatuko dira:

A-1 errepideak, Iparraldeko Autobia izenekoak, Araba eta Gipuzkoarekin muga egiten duelarik, 13,77 kilometroko luzera du. Bertatik egunero 6.000 ibilgailu astun inguru igarotzen dira. Erregistratutako datuen arabera, bertatik igarotzen diren ibilgailu astunen %97 Nafarroatik kanpokoak dira; %3a, aldiz, Foru Komunitatekoa da.

N-121-A errepidea Prestazio Altuko Errepidea da, Iruña-Behobia artekoa, eta 50,77 kilometroko luzera du. Egunean batez beste 2.800 ibilgailu astun baino gehiago igarotzen dira. Horietatik %87 Nafarroaz kanpokoak dira eta %13 Foru Komunitatekoak, Girder Ingenieros S.L.P enpresaren azterketaren arabera.

Aztertutako hirugarren bidea A-68a da, Ebroko autobia (Castejon-Cortes zatia), eta 32,44 kilometroko luzera du. Egunean batez beste 5.000 ibilgailu astun inguru igarotzen dira. Bide honek N-121-A errepidearen antzeko kopuruak ditu. Kamioien %88 Foru Komunitatetik kanpokoak dira eta %12 Nafarroako ibilgailu astunak.

A-15 errepideari dagokionez (Leitzarango autobia, AP-15-Gipuzkoako muga), 27,61 kilometroko luzera du. Egunean batez beste 2.600 ibilgailu astun inguru igarotzen dira. Bildutako datuen arabera, %23 Nafarroakoak dira eta %77 kanpokoak.

Aztertutako bosgarren errepidea A-10 izan da, Barrankako Autobia, Irurtzun-Altsasu artekoa. Errepide horrek 30,44 kilometroko luzera du. Autobia horretan egunero 2.300 kamioi inguru igarotzen dira; horietatik %75 Foru Komunitatetik kanpokoak dira eta %25 Nafarroakoak.

Azkenik, kilometro-puntu zehatzei dagokienez, aipatzekoa da Belateko tuneletan, Iruñerako noranzkoan (beheranzko noranzkoa) ibilgailu astunen %83,5 Nafarroatik kanpokoak direla eta Behobiako noranzkoan (goranzko noranzkoa) %84ra iristen direla.

Bidesariak soilik ibilgailu astunentzat

Pasa den ekainean, foru exekutiboak eta talde parlamentario gehienek (PSN-PSOE, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra) akordioa lortu zuten errepideak zerbitzu publiko bezala finantzatzeko eta hobetzeko.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak proposatzen du enpresa publiko bat sortzea gaitasun handiko bost bideetan (A-10, A-15, N-121-A, A-1 eta A-68) soilik ibilgailu astunentzako bidesariak kudeatzeaz eta ezartzeaz arduratzeko. Aukera hori Europako printzipioetan oinarritzen da; hau da, “erabiltzen duenak ordaindu egiten du” eta “kutsatzen duenak ordaindu egiten du”. Horrela, hasierako eta gutxi gorabeherako kopuruen arabera, urtean 45 milioi eurora bitarte lortu ahal izango dira, helburu jakin batekin, errepideen arloan aspalditik dauden premiak jorratu ahal izatearren.

Gaitasun handiko bideetan ibilgailu astunek tarifa bat izatea oso zabalduta dago Europar Batasunean. Alemania, Portugal, Herbehereak, Belgika, Danimarka, Suedia, Txekiar Errepublika edo Polonia bezalako herrialdeetan bidesariak dituzte lurralde osoan; Frantziak edo Italiak, berriz, zatirik handienean. Ildo horretan, Espainia, gaur egun, salbuespena da. Euskal Autonomia Erkidegoak soilik ezarri ditu gaitasun handiko ia bide guztietan (Iturria: Europako Batzordea, AT Kearny, “Azpiegituren sektorearen bilakaera eta aukerak”, SEOPAN).

Amaitzeko, nabarmendu behar da Nafarroak kokapen geografiko estrategikoa duela Europatik datorren eta Europarantz doan nazioarteko trafiko astunaren sarrera eta irteerako ate bezala; hau da,  “igarobide” gisa har daitekeen trafiko astuna.