Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak milioi bat euro inbertituko du Zangozako Merindadeko lau herri berritzeko eta urez hornitzeko
2020ko irailaren 8a
Nafarroako Gobernuak milioi bat euro inbertituko du Zangozako Merindadeko lau herri berritzeko eta urez hornitzeko
Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, milioi bat euro bideratuko ditu Zangozako Merindadean tokiko azpiegiturak hobetzeko eta eraikitzeko 9 proiektu sustatzera, eta batez ere kaleak eta ur-biltegiak berrituko dituzte.
Inbertsio horren barnean, 760.000 euro jada ordaindu dira, eta gainerako 240.000 euro obrak gauzatzen eta amaitzen doazen heinean ordainduko dira.
Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza, eta Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Jesús Mª Rodríguez, Liedenan izan dira bertako alkatea den Ricardo Murillorekin batera. Foru Exekutiboak hainbat kale berritzeko eta argiteria berria ezartzeko lanak finantzatu ditu.
Lanen artean, San Bartolome eta Martires (La Chocarrera bezala ezaguna) kaleetako zoladura eta sareak hobetu dira, eta kale guztietako argiteria publikoa berritu da LED argiak jarrita; horrela, Udaletxeko faktura elektrikoa nabarmen murriztu ahal izango da. Inbertsio horien kostua guztira 935.000 eurokoa da, BEZ barne, eta Foru Exekutiboak 566.000 euro jarri ditu; gainerako 369.000 euro herriko Udalak ordainduko ditu.
Eskualdean gauzatzen ari diren bestelako proiektuak
Liedenako obrez gain, tokiko azpiegiturak hobetzeko proiektuak burutzen ari dira Erromantzatuan, Domeño kontzejuan eta larrialdiko jarduera egin dute Irunberriko biltegian.
Erromantzatuan, 190.000 euro jarri dira altako ur-hornidurako biltegia eraikitzeko; biltegiak zerbitzua ematen die Domeño, Usun eta Arbonies kontzejuei.
Domeñon, kontzejuko hainbat kale zolatu eta sareak berritu dira; horiek 225.000 euroko ekarpena izango dute.
Irunberrin, berriz, ur-biltegia konpondu da 28.000 euroko ekarpenarekin.