Descárgate la app
Nafarroako Foru Komunitatea, bereizmen handiz goitik begiratuta
2020ko irailaren 7a
Nafarroako Foru Komunitatea, bereizmen handiz goitik begiratuta
Nafarroak bere lurraldeko airetiko argazki berriak eta ortofotografia eguneratuak izango ditu, Lurralde Kohesioko Departamentuaren eta Informazio Geografikoko Zentro Nazionalaren (CNIG) artean sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker. Zentro hori Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren erakunde autonomoa da.
Ortofotoak lurralde bateko irudi zehatzak dira, hegazkinetik edo satelite batetik hartutako aireko irudien multzotik sortuak eta lurraldearen formara egokitzeko eta proiekzio ortogonala ikuspegi-efekturik gabe irudikatzeko zuzenduak direnak. Aireko argazki sinpleek betiere kameraren ikuspegiak, altuerak edo abiadurak eragindako deformazioak izaten dituzte), eta horiek ez bezala, ortofotoan kameraren ikuspuntuak ez dio objektuaren benetako posizioari eragiten, eta, beraz, neurketa zehatzak egiteko aukera ematen du.
Modu horretan, ateratzen den ortoargazkia Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) azalerako zuzeneko laguntzen kudeaketan eta kontrolean erabili ahal izango da; baita ere, azpiegiturekin, hirigintzarekin, fiskalitatearekin (Katastroa), hidrologiarekin eta ingurumenarekin lotutako politika publiko ezberdinetan edota herritarrek horiekin eta beste arlo batzuekin loturiko proiektuak garatzeko. Horrez gain, kontsultatu ahal izango dira Nafarroako Geoatariaren kanal guztietan, Kartografiako gordailuan eta Nafarroako Kartotekan eta Fototekan.
Obra Publiko eta Azpiegituretako zuzendari nagusia den Pedro Andrés López Verak eta Informazio Geografikoko Zentro Nazionaleko (CNIG) Lorenzo Garcia Asensio lehendakariak lankidetza-hitzarmena sinatu dute irailaren 7an, eta, horri esker, bi administrazioek elkarrekin lan egin ahal izango dute foru lurralde osoko 25 cm-ko pixeleko ortoargazkigintzaren aireko lanetan eta ekoizpenean. Lan horri hasiera eman zioten 2014an eta 2017an, eta aurten eguneratuko da ortofoto berri hau eginda.
Lurraldearen irudiak erabateko zehaztasunarekin
Lehen irudiak abuztuan hasi ziren hartzen, eta datozen asteetan jarraituko dute klimatologiaren arabera. Horiek lortzeko, abioneta bat, formatu handiko kamera fotogrametrikoa eta Nafarroako Geodesia Aktiboaren Sareko (RGAN) estazio iraunkorrak erabiltzen dira.
Behin irudiak hartuta, Lurralde Kohesioko Departamentuak, lehenik eta behin, hegaldiaren kalitatea kontrolatuko du, datuetan hutsuneak dauden ikusteko, horiek zuzentze aldera.
Irudien tratamendua aerotriangulazio-prozesua deitzen denarekin hasten da; horren bitartez, irudiak lurrarekiko geometrikoki doitzen dira, aztertutako eremu osoaren erabateko zehaztasuna lortuaz. Ortoargazkia ekoizteko, 2019an azken ortoargazkia sortzeko erabilitako eredua erabiliko da, aldatu diren zonak detektatzeko eta aurreko eredua ordezkatzeko. Behin zuzenduta, hegaldiko irudi guztien mosaikoa egiten da, zuzendutako irudi jarraitua lortzeko, haien artean desberdintasunik egon gabe. Berrikusi ondoren, behin betiko bertsioa sortu eta argitaratuko da, administrazioek eta herritarrek erabil dezaten.
Lankidetza-hitzarmena 2021. urtera bitarte
Lankidetza-hitzarmena 2021eko abenduaren 31ra arte sinatu dute, eta, horren arabera, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentua hegaldi fotogrametrikoaren kontrola eta ortoargazkiaren ekoizpena egiteaz arduratuko da; Institutu Geografiko Nazionalak, berriz, hegaldi fotogrametrikoa eta ortoargazkiaren azken kontrola egiteko ardura izango du.
Institutu Geografiko Nazionalak, Informazio Geografikoko Zentro Nazionalaren bitartez, Espainiako lurralde osoko 50 cm-ko pixeleko ortoargazkiak egitea sustatzen du 3 urtetik behin. Horretarako, autonomia erkidegoekin elkarlanean eta Sistema Kartografiko Nazionalaren barnean, Aireko Ortoargazkigintzaren Plan Nazionala sortu zuen, eta Nafarroa 2010eko apirilaren 15ean atxiki zen.
Plan horren barnean, autonomia erkidegoek eta Institutu Geografiko Nazionalak lanak elkarrekin egitea adostu dute, bi aldeen jabetzakoak izateko, baliabideak optimizatzearren. Foru Komunitateari interesatzen zaion proposamen horietako bat da 25 cm-ko pixelean batera ekoiztutako ortoargazkia egitea 3 urtetik behin, 2014an eta 2017an hartutako serieari berriro heltzeko.