Descárgate la app
Gobernuak hirigintzari buruzko jardunaldi batzuetan COVID garaiko hirigintza eta espazio publikoen eraldaketa aztertuko ditu
2020ko irailaren 7a
Gobernuak COVID garaiko hirigintza eta espazio publikoen eraldaketa aztertuko ditu jardunaldi batzuetan
Nafarroako Gobernuak "Hirigintza COVID garaietan: espazio publikoak bizi eta eraldatzea" jardunaldiak aurkeztu ditu gaur, gaur egungoa bezalako osasun krisien aurrean espazio publikoen eraldaketari buruzko hausnarketak bultzatzeko eta esperientziak kontrastatzeko. Jardunaldiak irailaren 17an eta 18an izango dira Tafallan eta Artaxoan, eta hiri eta herri jasangarriagoak eta zaintzaileagoak lortzera bideratutako alternatibak aurkeztuko dituzte.
Topaketaren programa eta helburuak prentsaurreko batean aurkeztu dituzte gaur José María Aierdi bigarren lehendakariorde eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak, Jesús Arrizubietak eta Juan Ramón Elorzek, Tafallako eta Artaxoako alkateek, eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak, Izaskun Abrilek.
Hirigintza-sektoreko eta hainbat toki-ekimenen ordezkariek hartuko dute parte jardunaldietan. Xedea, Jose Maria Aierdi bigarren lehendakariordearen hitzetan, “pertsonei, bizikidetzarako guneei, eta herri, hiri eta lurralde jasangarriago eta zaintzaileagoak izateko bidean jartzen gaituzten alternatibei garrantzia emanen dien hirigintza sustatzea da”.
Topaketek hainbat esperientzia, txosten eta eztabaida hartuko dituzte, “hirigintzara hainbat ikuspegi eta formatutatik hurbiltzeko, bizi garen inguruneen diseinuari buruzko beste ikuspuntu batetik, pandemiaren ondoriozko krisi hau gure hiri eta herriak ulertzeko beste era bat eskatzen ari baitzaigu, barneratze,- partaidetza-, osasun- eta jasangarritasun-parametroak erabiliz”, Aierdi lehendakariordeak azaldu duenez. “Hirigintzak bizitzen ari garen errealitate aldakorrera egokitu behar ditu hiri-inguruneak, baina era berean eraldaketarako bokazioa du, etxebizitzaren, eremu publikoen eta hirien jasangarritasunaren alorretan ditugun erronkei aurre egiteko”, adierazi du.
Ildo horretan, Aierdi lehendakariordeak esan du “hirigintza-plangintzak, alderdi tekniko zurrunetatik haratago, ezinbestean lotura estua izan behar duela etxebizitza-politikekin eta hiri-eremuak birgaitzeko eta leheneratzeko politikekin, gizarte-kohesioaren eta hiri-ingurune atseginen zerbitzuan”.
Hirigintza berritzailearen erronka udalerrietan
Bestalde, Tafallako eta Artaxoako alkateek, Jesús Arrizubietak eta Juan Ramón Elorzek, lehenbiziko topaketa Erdialdeko bi herritan egitea nabarmendu dute, “hiri- eta landa-eremuen arteko elkarrizketa sustatzeko eta lurralde- eta gizarte-kohesio handiagoa lortzeko tresna den heinean”. Azpimarratu dute, halaber, jardunaldiek bidea zabalduko dutela “udal-politika asko baldintzatzen duten gaiei heltzeko, hala nola herritarrak zaharkitzea, guztiok baldintza beretan gune publikoetara sartu eta haietaz gozatu ahal izatea, eta etxebizitzak errealitate berriei egokitzea, besteak beste”.
Izan ere, hirigintzari eta COVIDari buruzko jardunaldi hauei jarraipen praktikoa emanen zaie: Foru Gobernuak, hirigintza berritzaileko ekimenak garatze aldera, hautaketa eginen du udal anitzek, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak berriki eginiko deialdiari erantzunez, jadanik egin dituzten proposamenen artean. Mota horretako proiektuak finantzatzeko diru-saila 150.000 eurokoa da.
Hainbat saio
“Hirigintza COVID garaietan: espazio publikoak gaitu eta eraldatzea” jardunaldien programaren barnean goi-mailako espezialistek eskainiriko bi hitzaldi eta eztabaida-saio bat daude. Era berean, Nafarroako hainbat herritan –Iruñeko Txantrea auzoa, Estella-Lizarra, Noain eta Burgui / Burgi- eta Madrilen, A Coruñan eta Logroñon garaturiko hiri-eraldaketaren bederatzi adibide azalduko dira.
Jardunaldietan programaturiko jarduera guztiak osasun-segurtasunerako protokolo guztiak betez eginen dira. Hala, txosten-aurkezpenetan, eztabaidetan eta gainerako jardueretan 25 edo 30 lagunekoa izanen da gehienezko edukiera. Bestalde, nahi dutenek streaming bidez jarraitzen ahal izanen dituzte txosten-aurkezpen guztiak, aldez aurretik izena emanik.
Tafallako Centro Cultural-Kulturgunean emanen zaio hasiera programazioari, hilaren 17an. COVID-19aren garaian gune publikoen eta etxebizitzaren arloan dauden erronkei aurre egiteko hainbat taldek eta udaletxek garaturiko zortzi esperientzia eta proposamen azaldu eta hainbat alderdi aztertuko dira: genero-ikuspegia hirigintzan, hiri-barneko harremanak eta parte-hartze bidezko prozesuak, mugikortasuna, etxebizitzak eta gune publikoak bizitzaren beharrizan berriei egokitzea, eta herriak eta hiriak atseginago bihurtzea, besteak beste.
Hilaren 18an, ostiralarekin, Kulturgunean halaber, txosten bana aurkeztuko dute José Maria Ezquiagak, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan doktorego-sari berezia irabaziriko arkitekto eta soziologoak, eta Ecosistema Urbano ikerlana egin duen taldeak; azken horrek Madrilen eta AEBetan ditu egoitzak, eta eraldaketarako eta parte-hartzeko ekimenak sustatzen ditu hiri-inguruneetan.
Dibulgazio-atalaren ondoren eztabaidarako tarte kolektiboa irekiko da, hiru orduz aztertuko dituena hirigintzak, hirien diseinuak eta etxebizitzak eremu publikoan dituzten erronkak, eta hortik abiaturik etorkizuneko estrategiak diseinatuko dituena.
Ostiral arratsaldean topaketak Artaxoara joko du, eta han herrian zeharreko ibilbide bat eginen da, María Urmeneta nafar hirigileak ezohiko ikuspegiaz gidaturik. Kalez kale, COVIDaren garaian agerikoago bihurtu diren hirigintzaren eremuko premiez hausnarketa eginen du Urmenetak. Jardunaldiak ixteko, Isabel Martín arkitekto eta poetak emanen du hitzaldia. Ingurune sentiberak eraikitzen dituen Sevillako Cotidiana kooperatibako kidea da Martín.