2020ko irailaren 4a

Nafarroan COVID-19aren 166 kasu positibo berri izan dira

Atzo, gaixotasun horrekin lotuta, 14 pertsona ospitaleratu ziren, horietako hiru ZIUn, eta ez zen hildakorik egon

Nafarroan, atzo, COVID-19aren infekzioaren 166 kasu positibo berri erregistratu ziren, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) emandako datuen arabera, 2.068 PCR proba egin eta gero (%7,6 positiboak). Egun batean egindako proba-kopuru handiena da, baheketa berezirik gabe.

Nafarroako ospitaleetan, gaixotasun horrekin lotuta, 14 pertsona ospitaleratu ziren, horietako hiru ZIUn. Ez zen COVID-19aren bidezko hildakorik izan; beraz, Nafarroan 536 heriotza daude.

Zonak kontuan hartuta, Iruñean eta Iruñerrian positiboen %65a biltzen da, Lizarrako eremuan %9a eta Tuteran kasuen %7a.

Erregistratutako kasuak adinaren arabera banatuta, bi talde handienak 15etik 29 urtera eta 45etik 59 urtera bitartekoak dira, bakoitza kopuru osoaren %27arekin; jarraian, 30 urtetik 44 urtera bitarteko taldea aurkitzen da, %23arekin. Ondoren, berriz, 15 urtetik beherakoen taldea dago, %9arekin, eta, azkenik, 60 eta 75 urte arteko taldeak eta 75etik gorakoenak, bakoitza %8arekin. Kasu berrien batez besteko adina 40 urtekoa da.

Generoari dagokionean, %47 gizonak dira eta %53 emakumeak.

Nafarroako ospitale-sarean 92 pertsona daude ospitalean COVID-19arekin, horietako 10 ZIUko postuetan eta beste 8 etxeko ospitalizazioan. Gainerako 74 gaixo plantan aurkitzen dira. Pertsona horiek guztiek positibo eman zuten PCR proban, eta ospitaleratzeko arrazoia infekzio hori izan ala ez, COVID-19aren espazioetan aurkitzen dira.

Birusaren bidezko infekzioen eragin metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuta, egun 10.577 kasu dira.

Ordutegi zabalagoa Leitzako baheketarako hitzordua eskatzeko

Bestalde, larunbat goizera (9:00-14:00) zabaldu da Leitzan asteburu honetan Osasun Departamentuak egingo dituen PCR proben bidezko baheketarako hitzordua eskatzeko aukera. Era berean, gaur ere (ostirala) hitzordua eska daiteke 21:00ak arte.

Gogoratu behar da baheketa 15 urtetik gorako egoiliar guztientzat dela, eta udalerrian COVID-19aren intzidentzia areagotzeagatik egingo dela. Hitzordua eskatzeko telefonoa ondorengoa da: 648 833 302. PCR probak Leitzako udal-kiroldegian egingo dira, larunbat eta igandean, goizez eta arratsaldez; hots, 9:30etik 20:30era.

Atzo, hitzordua hartzeko lehen eguna izanik, herriko 600 bizilagunek eman zuten izena.